Estibalitz EZKERRA
Literatura kritikaria

Horrorea

Arratsaldeko azken orduetan, etxean goxo, erretiroaren abantailez gogoetan diharduela harrapatzen du Tom Kettle polizia detektibe ohia bi polizia ezezagunen bisitak. Garai batean lantoki izandako polizia-etxetik datoz, kasu batean lagunduko dituen itxaropenarekin. Gutun-azal batean gordeta dauden dokumentuei, arren, begirada bat botatzeko eskatzen diote, Kettlek beren laguntza eskaera adeitsuki errefusatu ostean. Erretiroaren aitzakian berriro ezetz dio detektibe ohiak. Hori bai, afaltzera eta gaua berean igarotzera gonbidatzen ditu bisitariak, kalean ez baita giro eta bide luzea dute Dublin erdigunera.

Hurrengo goizean, bisitariak jada alde eginda, bere buruaz beste egiten saiatuko da Kettle modu nahiko baldarrean. Saiatu bai, baina ez du egitasmoa burutzerik izango lankide ohi batek, Kettlek lan egiten zuen polizia-etxeko buruak, atean joko baitu eta detektibe ohiaren plana zapuztu. Aurreko eguneko bi polizien eskari berarekin dator polizia-etxeko burua, eta oraingoan Kettleri zaila egingo zaio ezetzari eustea. Kasuak, ordea, erabat aztoratu du Kettle, suizidatzen saiatzeraino. Aspaldi erreprimituriko oroitzapenak gogorarazi dizkio (Elizak zuzenduriko umezurztegian igarotako urteak, emazteari bakarrik kontaturiko gertaerak, hark bakarrik uler zitzakeelako, antzeko abusuen biktima eta biziraule izanda).

Sebastian Barryren “Old God’s Time” (Jainko zaharraren denbora, 2023) nobelak aurrera egin ahala, Kettlek bizi izandako horroreak kasuak azalaraziko dituen horien isla bihurtu dira eta alderantziz.