GARA Euskal Herriko egunkaria
ATHLETIC

Lehoi zuri-gorriak zaldiaren indarrari koxka egin dio

Athleticek Europa helburu duela argi utzi du, Ligan hiru garaipen segidan lortuz (1-2). Nico Williamsek eta Oscar de Marcosek sartu dituzte bizkaitarren golak, eta ondoren Almeriak 92. minutuan.

Nico Williamsek Athleticen lehen gola egin zuen atzo Almerian. (Carlos SOLAS | AGENCIA LOF)

Almeriaren futbol zelaiak Power Horse Stadium izena darama; patrozinatzailearena alegia. Baina atzo gose handiagoa zuen lehoi batek garaipen garrantzitsua eskuratzea lortu zuen han. Athleticek erritmo bikaina hartu du. Kopan kanporatuta geratu zen Osasunaren aurka galdu ostean, baina egoera honek moralki kaltetu ordez kontrakoa ekarri du. Zuri-gorriak Ligan bakarrik zentratu daitezke eta Europa hartu dute helburutzat.

Atzo oso argi utzi zuten hori, Almerian hirugarren garaipena segidan lortu baitzuten. Partida oso kontrolatuta izan zuten, gehienbat 9. minutuan gola sartu ondoren, nahiz eta lehenengo zatiaren azken ordu laurdenean etxekoek pixka bat gehiago presionatu zuten. Bigarren zati hasieran, 0-2koarekin, erabakita laga zuten, eta, 92an Almeriak 1-2koa egin zuenean, zertxobait sufritu zuten garaipen garrantzitsua eskuratzeko.

Gertu, oso gertu dituzte Europako postuak zuri-gorriek. Osasunaren aurka porrota jaso eta gero, Betis bi puntura besterik ez dago. Bien artean Vila-real dago, eta hauek gaur jokatuko dute Mendilibarren Sevillaren etxean.

ONDO PRESIONATU

Ernesto Valverdek bi aldaketa egin zituen Realaren aurkako derbitik. Alde batetik, eskuin hegalera Oscar de Marcos itzuli zen -kapitain bezala, gainera- eta Ander Capa aulkian geratu zen; eta bestetik, zelai erdian, Ander Herrera titular gisa aritu zen bi hilabete geroago, zigortuta zegoen Dani Garciaren ordez.

Rubik eta Valverdek aspalditik elkar ezagutzen dute eta biek sistema bera eta jokatzeko modu antzekoa dute. Lehen zatian Valverderi hobeto atera zitzaion; aurreneko 25 minutuetan behintzat. Izan ere, bizkaitarrek oso ondo hasi zuten neurketa. Talde honetan normala denez, ondo presionatu zuen baloia goialdean, eta andaluziarrek arazoak izan zituzten baloia jokatuta ateratzeko.

Hori bai, Almeriak lehenengo aukera garbia 7. minutuan izan zuen. Leo Baptistaok jokaldi ederra egin zuen ezkerretik, Yerayri iskin egin eta pasea eginez, baina aurreneko jaurtiketa atzelariek atera zuten eta alderatzean ere baloia urrun bidaltzea lortu zuten.

Almeriaren lehen gola izan zitekeen hori, baina gola beste atean iritsi zen bi minutu geroago. Oihan Sancetek pase ederra eman zion atzelarien artean Nico Williamsi, eta honek, ezkerrez, gola egin zuen. Fernando atezainak gehiago egin zezakeen, baina baloia eskuen eta gorputzaren artetik alde egin zion.

Athletic hazi egin zen, eta beste lau aukera gehitu behar zaizkio estatistikari hurrengo minutuetan. Zuri-gorriek ez zituzten aprobetxatu eta Almeriak urrats batzuk aurrera egin zituen ordu erdia bete baino lehen. Athleticeko jokalariek, gainera, horretan lagundu zuten, baloi batzuk galtzen hasi baitziren. Horrela iritsi ziren Robertonek eskuin hankarekin egin zuen jaurtiketa, arriskutsua Ander Herrerak gaizki alderatu ostean; Suarezen burukada, kanpora; edota atsedenaldira iritsi aurretik, eta epaileak Iñigo Martinezi txartel horia barkatu ostean, iritsi zen falta bat. Sakean Almeriak azkar atera zuen eta burukada kanpora joan zen.

0-2KOA, BAINA AZKENEAN SUFRITZEA

Valverdek aldaketa bat egin zuen atsedenaldian. Alex Berenguer zelairatu zuen Iñaki Williamsen ordez. Hala, zelairatu berria ezkerrean ipini zen eta Nico Williamsek eskuinean jokatu zuen. Eta Fernando atezaina urduri jartzeko aukera izan zuen Berenguerrek bigarren zatia hasi bezain laster. Nafarrak kornerra behartu zuen eta Iñigo Martinezek zutoinera bidali zuen bere burukada. Athleticek oso argi zuen zer egin behar zuen, eta Ander Herrera ere saiatu zen, baina kanpora joan zen haren jaurtiketa.

Ez zuen hutsik egin De Marcosek 56. minutuan. Eskuin hegalak bere garaian aurrelari bezala jokatzen zuenekoa errepikatu eta, hegaleko sake batean Sanceten pase bat aprobetxatuz, ezkerrez gola egin zuen Fernandoren aurrean.

Zarraga ere zelairatu zuen ondoren Valverdek, oso nekatuta zegoen Ander Herreraren ordez, eta jokalari gazteak txartel horia ikusi zuen 65. minutuan; beraz, ezin izango du hurrengo neurketa jokatu. Hurrengo jokaldian, gainera, 0-3koa sartzeko aukera garbia izan zuen, baina Nico Williamsek eman zion pasea ez zuen aprobetxatu eta Fernandoren eskuetara bidali zuen baloia.

Rubik aldaketa guztiak egin zituen, baina partida asko ireki eta Athleticek gol gehiago sartzeko aukerak izan zituen. Hala ere, azken minutuetan Almeriak piperra ekarri zion neurketari, Centellesek 1-2koa egin baitzuen 92an. Garaipena eskuetan zuen Athleticek eta azkenean, zertxobait sufrituta, segidako hirugarren garaipena lortu zuen Ligan. Tamalez, Vesgak txartel horia ikusi zuen 93an eta honek ere ezingo du hurrengo partida jokatu.