GARA Euskal Herriko egunkaria
ITSASARGIA, GURE ESKUREN NAZIOARTEKO KONFERENTZIA

Olatu subiranista berrian jendea nola aktibatu landu du zenbait eragilek

Duela hamar urte jaio zen toki berean bildu zen Gure Esku, Irungo Ficoban, giro atseginean eta konpainia onean, beste mugarri bat ezarri nahian. Lurralde gatazken konponbidea Europako eremuan eta herritarron aktibazioa olatu subiranista berrian, horiexek «Itsasargia» nazioarteko konferentzian jorratu zituzten gaiak. Inspiragarria izan zen, indar eta burutazio berrien iturria.

Herritarrak nola aktibatu jorratu zuten mahai-inguru honetan, atzo, Irungo Ficoban. (Jon URBE | FOKU)

Irungo Ficoban elkartu zen atzo Gure Esku, orain dela hamarkada bat egin zuen gisan. Nazioarteko zenbait kiderekin batera, lasai, argi, baikor eta zintzo partekatu zituzten ideiak. Herritik sortutako elkarteetatik etorri ziren Patricia Mac Bride (Ireland's future), Elena Jimenez (Omnium Cultural), Maggie Lennon (Women for independence) eta Josu Etxaburu bera (Gure Esku). Zelai Nikolasek bideratu zuen solasaldia.

Omnium Cultural elkarte katalana hagitz zabala da: 185.000 bazkide ditu, artean Franco bizi zen jaio zenean, 1961ean, eta 2012an, Santa Colomako adierazpenarekin, aldatu egin zen. «Bide bakarra estatu propioa izatea zela erabaki genuen», oroitu zuen Jimenezek. Irlandan, Brexitak dena bizkortu duela kontatu zuen Mac Bridek. 2019an, Belfasteko konferentzian, 15.000 lagun bildu ziren, eta geroztik Irlanda osoan barna ibili dira herritarrei nolako herria nahi duten galdetzen. «Osasuna, hezkuntza zein erretiroa eskubideak dira eta babestu egin behar ditugu».

BOTERE OREKAK ALDATZEA

Eskozian, 2011 eta 2014 bitartean erabakitzeko eskubidearen aldeko eztanda gertatu zen oinarrizko mugimenduetatik, eta hor sortu zen Women for independence elkartea. Izena bi aldetara irakur daiteke: emakumeak independentziaren alde, eta independentzia emakumeen alde. «Botere orekak aldatzea da autodeterminazioa, abusu erlazioak haustea da xedea».

Etxaburuk, bestalde, Gure Eskuren prozesua «eraldatzailea» dela nabarmendu zuen, eta «eremu sortzaile, biltzaile eta eraginkorrak sortzeko beharra» aldarrikatu zuen.

Lennonek emakumeek gune seguruak behar zituztela azaldu zuen, ez zirelako entzunak. «Hitz egin, nahiz eta ahotsak dar-dar egin», erraten zieten, eta anitz entzunak eta baloratuak sentitu ziren bizitzan lehenengo aldiz.

Jendeari galdetu eta milaka erantzun jaso dituzte. Kafe solasaldiak egin dituzte. Ficoban ere izan zen halakorik eta gustura ikusi genuen jendea.

«Emakumeok batzen gaituena garrantzitsuagoa da banatzen gaituena baino», esan zuen Women for independenceko kideak. «Unionistak ere baziren gure artean, eta zergatik sentitzen ziren horrela galdetzen genien. Independentziak zerikusia du SNP alderdiarekin, baina ez berarekin bakarrik», aipatu zuen, eta elkartean politika beste modu batera egiten dutela adierazi zuen, horizontalki, liderrik gabe, tokian tokiko beharrei erantzunez.

ENBAXADOREAK

Ildo beretik ari direla kontatu zuen Mac Bridek. «Irlanda berriz batzeko ekimenak ditugu martxan. Lasai hasi ginen, talde txikietan, banakako eta aurrez aurreko elkarrizketak eginez». Irlandaren kasuan, erreferenduma egiteko eskubidea aitortua dute. 25. urteurrena ospatzera doaz. Baina ados jarri behar dute erreferendum hori noiz eta nola antolatu erabakitzeko. Nola jakin noiz dagoen jendea alde?

Enbaxadoreak behar ditu independentziak Mac Brideren ustez. Etxean, lanean, ostatuan, gaztetxean, edozein egoeratan jendea animatu eta lasaituko duena.

Bestalde, Omnium Culturaleko ordezkariak gezurtatu egin zuen herria desmobilizatuta dagoela dioen ideia, eta baieztapen hori autodeterminazioaren kontra daudenei komeni zaiela ohartarazi zuen. Gure Eskuko eta Women for independenceko bozeramaileak bat etorri ziren ezin dugula komunitate zentzua galdu eranstean. «Gauza handiak egin ditugunean zeinen ondo sentitu garen!», adierazi zuen Etxaburuk. «Lorpenetara azkar atxikitzen gara, baina egite horretan dago herritarron lekua, bitarte horretan egin dezakegu ekarpena».

Irlandarrak Europan presio egiteko elkar lagun dezaketela azaldu zuen, eta oraindik ere hainbeste euskal preso politiko daudela entzuteak bihotza erdibitzen diola aitortu zuen.

HAMARKADA IZOZTUA?

Aitzineko hitzaldian, lurralde gatazkek Europan izan ditzaketen konponbideez aritu ziren Iñaki Soto (GARA), Ferran Casas (“Nacio Digital”) eta Maria Obelleiro (“Nós Diario”), Jon Olano moderatzaile zutela.

Azken hamarkada izoztua izan ote den planteatu zuen Sotok, batez ere «Urkullu faktoreagatik», eta galdera bat proposatu zuen abiapuntu gisa: zergatik blindatzen da konstituzionalki espainiarren autodeterminazioa eta euskaldunena, aldiz, debekatu?

Galizian, sindikatu eta alderdietan independentistak gailendu arren, «agenda osoa kanpotik» datorrela nabarmendu zuen Obelleirok. «Gizartea galegotzeko agenda hori falta da».

Casasek Katalunian hamarkada «intentsoa» izan dutela oroitu zuen. 2017ko urriaren 1eko erreferenduma «arrakasta kolektiboa eta blokeoa» izan zen. Arrakasta estatua desafiatu zutelako, eta blokeoa, «itxaropenak gaizki kudeatu» zituztelako.

Askatasunaren aldeko borroka historiko bat partekatzen dugu hiru herriek, GARAko zuzendariak esan zuenez. Eta «beti altxatu dugu burua, bakoitzak bere indar eta ahuleziekin».