GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Sufrimenduaren bidetik aurrera eginda, ikusmira argitu zaio Peio Etxeberriari

Erik Jaka 6-0 eta 9-2 aurreratu bada ere, partidaren bigarren zatian goitik behera amilduta, aukera gabe geratu da txapelketan. Dario finalerdietan da.

Aurkariak baino gehiago sufritzen jakiteak asko balio izan zion Peio Etxeberriari. (Iñigo URIZ | FOKU)

Ederretik bezainbat du krudeletik buruz burukoak; eta, neurri berean, une zailetan sufritzen jakiteak haizeak alde jotzen duenean aprobetxatzeak adina, edo gehiago, balio izaten du maiz. Partida bakoitzaren barruan partida txiki asko izaten direla esan ohi du maiz Abel Barriolak, eta leitzarraren esanak muturrera eraman zituzten atzo Erik Jakak eta Peio Etxeberriak, manomanistaren logikatik kanpo nekez ulertuko liratekeen mugaraino. Orain arte egindako bidean zailduta edo, ultzamarrak Erik Jakak erakutsi ez zuen sufritzeko gaitasuna erakutsi zuen, eta sendotasun horrek finalerdietarako bidea argitu dio, ez berari bakarrik.

Izan ere, Aspeko aurrelariaren garaipenarekin gauza dezente argitu dira. Lehenengo eta behin, Dario Gomezek dagoeneko badaki, hurrengo jardunaldian gertatzen dena gertatuta, finalerdietan egongo dela, B multzoko lehen sailkatu gisa. Erik Jakak ere dagoeneko ezagun du txapelketari agur esan beharrean dela. Eta multzoko finalerdietarako beste txartela Peio Etxeberria eta Joseba Ezkurdiaren artean jokatuko dute azkeneko jardunaldian. Gainera, Baikok txapelketan partidarik irabazi gabe jarraitzen du, eta Unai Laso da oraintxe geratzen zaien aukera bakarra. Edo beste era batera esanda, Aspek ziurtatuta ditu, gutxienez, finalista bat eta hurrengo urterako hiru zerrendaburu.

Bilboko enpresaren egoera, beraz, ez da erraza, gaur Labriten gertatutakoari, buruz burukoaren logikatik at, esplikazio bat topatzen samurra ez den bezala. Aspaldi ez bezala, fisikoki prestatuta dagoela ziurtatu zuen Erik Jakak partida amaitu eta berehala, baina kontua da partida gogortu ahala amildu egin zela. Antzeko zerbait gertatu zitzaion Ezkurdiaren aurka ere.

Saketik hasita, partidari ederki ekin zion lizartzarrak, pilota ondo baztertu eta jokoa motzean erabiliz, 6-0 eta 9-2 aurreratuta. Aurkaria horren nagusi zirudien une horietan egon zen ziurrenik Etxeberriaren garaipenaren giltza, pixkanaka partida gogortzen asmatu eta Jaka bere tranpan erortzea lortu baitzuen, partida era harrigarrian irauliz. Oldarkortasunak eta konfiantzak egin zuten Jaka txapeldun, eta bietatik justu samar da gaur.