Xole ARAMENDI
DONOSTIA
ANTXOAREN ETA BERDELAREN KANPAINEN BALANTZEA

Berdelarena bezala, antxoaren kuota ezartzea, euskal arrantzaleen eskaria

Antxoaren eta berdelaren sasoia da udaberria gure mahaietan. Euskal Herrirako antxoaren kuota zehaztea eskatzen dute bertako arrantzaleek, kudeaketa zuzena egin ahal izateko. Horrez gain, amuko ontziei berdela harrapatzea gero eta zailagoa egiten zaiela ikusita, ikerketa egin dezan galdegin diote Aztiri. Bitartean, hiritarren kontsumo ohiturak aldatzen ari dira.

Agustin Deuna ontziko arrantzaleak, ostiralean, Getariako portuan, arraina ateratzen.
Agustin Deuna ontziko arrantzaleak, ostiralean, Getariako portuan, arraina ateratzen. (Gorka RUBIO | FOKU)

Martxoko lehen eguna gorriz markatuta izan ohi dute egutegian, egun horretatik aurrera antxoa harrapatzeko baimena baitute. Berdelaren kasuan ez dago kanpainaren hasiera eguna ezarrita. Gure uretara geroago iristen da eta martxo-apiril aldera hasten dira arrantzatzen.

Gipuzkoan 41 itsasontzi dira inguraketa sareaz antxoa zein berdela harrapatzen dutenak. Horiez gain beste 33 ontzi ari dira amuaz arrantzatzen. Bizkaiko datuak biltzen saiatu arren, Kofradien Federazioaren arduradunek ez diote GARAren deiari erantzun.

Lehenengoek 4.100.000 kilotan ezarrita dute kuota, eta bigarrenek, 4.700.000 kilotan. Kuotaren %90 arrantzatua dute dagoeneko Gipuzkoan inguraketa sareaz ari direnek. Aldiz, amuaz ari direnek gauzak ez dituzte hain erraz. «Azken urteotan kostatzen ari zaie, eta ez dakigu zergatik», aitortu du Miren Garmendia Gipuzkoako Kofradien Federazioko idazkariak. Kezka nabaria da.

Gauzak horrela, Azti Zentro Zientifiko eta Teknologikoaren atea jo du federazioak. «Eskaera zuzendu diogu jakiteko zerk eragin duen aldaketa. Lehen berdela oso azkar etortzen zen gure kostaldera, bat-batean, saldoka eta oso kolpe handietan. Baina orain ez da hori gertatzen ari», azaldu du.

Antxoari dagokionez, kuotaren %20 inguruan ibiliko dira gipuzkoarrak. «Oraindik goiz da balorazioa egiteko. Ikusiko dugu», esan du.

Iñaki Larrañaga patroia eta Getariako Agustin Deuna ontziko arrantzaleak dira antxoaren arrantzan dabiltzanetako batzuk. Eta badute buruhausterik. Euskal kostaldea utzi eta Kantabria eta Asturias alderako bidea hartuta dabiltza, halabeharrez.

Horrela gertatu da azken urteotan. «Asturias aldean antxoa handiagoa aurkitu dugu, ez dakit zergatik. Hemen txikia da, eta, hori saldu ezin dugunez, han egin dugu kanpaina azken urteotan. Kilo batean 60 pieza sartzeko moduko antxoa harrapa dezakegu. Legeak hala zehazten du», argitu du.

ANTXOA IZUTUTA, EZKUTUAN

«Berdela datorrenean, antxoa zeharo beldurtzen da eta haitz azpira jotzen du. Bazter-bazterrean ezkutatzen du bere burua eta gu ezin gara ontziarekin hain bazterrera iritsi, ez daukagu erremintarik lan horretarako. Igual hondartza jo arte joaten da… Hemen antxoa badago, baina berdelak ez dio uzten azalera irteten, bere uretara joaten. Arrain ankerra da berdela, harrapatzen dituen denak aurretik eramaten ditu. Antxoa, sardina… denak izututa uzten ditu», esan du.

Baina han ere arazo bera aurkitu dute. «Antxoa gutxi dago, antxoa ez dago lasai… 100 metrotan egoten da normalean, eta orain 10 metroraino etorrita dago, berdela pasatzen ari delako. Izan ere, bide beretik pasatzen dira berdela eta antxoa», dio. Normalean Europa iparraldetik dator berdela. «Frantziako kostatik behera, hemendik igaro eta Galiziarako bidea hartzen du. Gure inguruan, bidean, arrautzak botatzen doa. Galiziara iritsitakoan buelta hartzen du, ez da Portugal aldera joaten. Eta bide beretik itzultzen da. Eta berriz Norvegiara eta Islandia aldera doa. Den-dena ez, baina bai gehiena», adierazi du Larrañagak.

Egoera honen ondorioetako bat da Santoñan, Santanderren, Laredon edo Gijonen deskargatzea antxoa egun askotan. «Arraina freskoa behar duzu, eta hurbilen dagoen moilaren arabera egiten dugu», azaldu du Larrañagak.

Garmendiaren esanetan, gauzak asko erraztuko lituzke, berdelaren kasuan bezala, euskal arrantzaleei antxoaren arrantza kuota ezartzeak. «Espainiak 30 milioi kiloko kuota dauka eta ez dago floten artean banatuta. Beraz ezin dugu kudeatu guk nahiko genukeen bezala. Noiz eta zenbat arrantzatu guk erabakiko genuke, errentagarritasun handiagoa lortuko genuke».

Joan-etorriekin (gasolioa…) gastua handitu egin da. «Dagoen lekura joan behar duzu arrantzatzera, bestela gerta daiteke maiatzerako kuota bukatzea eta arrantza ixtea. Ondorioz ezin duzu gerorako utzi arrantza hori, beste batek hartuko baitu», jarraitu du. Kuota Estatu mailakoa izatearen ondorio garbietariko bat.

KATE OSOA AHULDUZ

Arraina Asturiasen edo Kantabrian porturatzeak salmentak han egitea dakar, eta Euskal Herritik kanpo egitea kalterako da. «Izugarrizko diru galera suposatu du kofradientzat. Ez bakarrik diru sarrerak -irabaziak hango kofradietan geratzen dira-, ditugun erosleek ere hara joan behar izaten dute eta, ondorioz, ahultzen ari da gure kate komertziala. Kezkagarria da. Bertako erosleek ere erosten dute gehiago produktua. Dena kate bat da».

Irabaziak behera eta gastuak gora egin du. Hala dio Garmendiak: «Prezioak behera egin du. Hori ikusita, barkuak ez dira zabaltzen itsasoan antxoa handiagoaren bila, eguneko kupoa segurtatu nahi dute arriskurik hartu gabe. Antxoa galkorra da, freskoan egun gutxi dauzkazu jateko. Eta urruti badago, merkaturatzea oso delikatua da. Hurbiltasuna oso inportantea da antxoaren merkatuarentzat».

Behin eta berriz aldarrikatu dute, baina ez dute lortu. «Errentagarritasun hobea lortuko genuke bai arrantzaleentzat, kate komertzialentzat eta kontsumitzaileentzat. Horren alde dago Kantauri itsasoko ontziteriaren gehiengoa».

Baina bada gutxiengo bat ados ez dagoena, eta horri heltzen dio Madrilgo Gobernuak. «Ez du aurrerapausorik ematen, erabateko adostasuna eskatzen du. Baina ezin dugu horrela jarraitu. Eskumen osoa Madrilgo Gobernuak dauka, Eusko Jaurlaritzaren babesa badaukagu eta eskaera egiten ari da. Kantauri itsasoko ontziteria guztiaren artean ados jartzea oso zaila da. Nork bere interesak ditu, lan mota desberdina da… Kudeatzeko modua oso deserosoa eta zaila egiten zaigu», kontatu du Garmendiak.

Kontsumoan alderik nabaritu duten galdetuta, honela dio: «Kontsumoa jaisten ari da, baina ez dakit prezioak eragindakoa den. Agian ohiturak aldatzen ari dira».

IRABAZIAK NOREN ESKU?

Lehen sektoreari lotutako gaia atera du Larrañagak, Agustin Deunako patroiak. «Guk 0,80 eurotan saltzen dugu, eta 6 eurotan ikusten dut saltokian. Urteroko kontua… Hegaluzea ere 5-6 aldiz gehiago guk lonjan saltzen duguna baino. Nork jartzen du prezioa? Tarte horretan, baten batek diru pilo ederra irabazten du!», salatu du.

Gaiaz bere iritzia eskatu diogu Garmendiari. «Lehen salmenta portuko lonjan egiten dugu eta saiatzen gara ahalik eta preziorik onena lortzen, betiere zuzenean kudeatzeko aukera badugu. Guk kudeatzen ditugun arrantza motetan ikusi da aurrepausoak eman ditugula».

«Komertzializazioan handizkakoek ere ez daukate erraz», jarraitu du. «Sektorearen alde horretan ere lanean aritzea egokitu zait, eta zailtasunak dituzte, kontuan hartuta oso galkorra den produktua dela. Eraldaketa enpresa gabezia ere badaukagu Euskal Herrian. Kanporako bidea hartu dute, han eskulana merkeago delako».

«Abusu batzuk ikusten dira merkatuan, baina pentsatu behar dugu katean denok irabazi behar dugula. Ardura denok daukagu, baita guk ere, baina kudeatzen utzi behar digute. Eta Administrazioak ere oztopoak jartzen baditu, zaila izango dugu. Lehen sektoreak badu arazo hori», amaitu du.



Kontsumo ohitura eta lehentasunetan aldaketak

Kontsumitzaileen ohitura aldaketak sumatzen ari dira arrandegietan. Arrazoiak, ordea, askotarikoak direla kontatzen dute arrainketariek. Prezioen igoera izan bada ere, kontsumo ohitura eta elikadurari ematen zaion lehentasunarekin lotuta ulertzen dute saltzaileek. Bezeroak gutxitu dira kasu batzuetan, beste batzuetan maiztasuna gutxitu da, eta zenbaitetan erosten diren jakiak aldatu dira. Jose Luis Garmendia Idiazabalgo Arantzazu arrandegiko kideak dioenez, betiko erosleek arrandegira joaten jarraitzen dute, «maiztasun gutxiagorekin, hori bai». Salmentari dagokionez, arrainetan nabarmen jaitsi ez bada ere, itsaskietan asko jaitsi dela dio: «Itsaskiak asko garestitu dira, eta hori sumatzen da». Ana Rosa Landak Mutrikun du Perras arrandegia, eta bere kasuan salmentetan «beherakada handia» egon dela aitortzen du, duela urte batzuk erosten zenaren erdia erosten dela. Kontsumo ohiturak aldatzen ari direla, ados daude biak. «Jendeak orain aisialdia jartzen du elikaduraren aurretik»; eta Garmendiak azaltzen du lehen asteburuetan eta uda partean orain baino gehiago saltzen zela: «Jendeak kanpora joateko planak egiten ditu asteburuetan. Ondorioz, ez dira etortzen arrandegira. Eta hori bai, sumatzen dugu».

Txema Gonzalez Arrainki arrandegiko kideak ere uste du erosleetan lehentasunak aldatu direla. Igarri du barietate aldetik orain gutxiago aldatzen dela jandakoa. «Prezioen igoerak jendearen bizitzetan du eragina, elikagaietan baino gehiago. Gainerako beharrak garestitu direnez, poltsikoan diru gutxiago du, eta gutxik ematen diote garrantzia elikadurari». Landak gazte jendearen falta sumatzen du; haren bezero gehienak «pentsiodunak» direla azaldu du: «Askotan seme-alabentzat erosten dute, baina beraiek etortzen dira». Idiazabalgo saltzailearen ustez ere, 50 urtetik gorako bezeroak dira gehienak. Iraitz MATEO