ANE URKIRI ANSOLA
DONOSTIA
BERA BERA, KOPAKO TXAPELDUN

Kantxan zoriontsu izanda berreskuratu du Kopako tronua

Talde donostiarrak Kopako 16. finala jokatu zuen atzo eta, Granollersi irabazita, bere zazpigarren garaikurra altxatu zuen. Lau urte igaro dira Imanol Alvarezen taldeak sentsazio gozo hau dastatu zuen azken alditik, eta Malagako Martin Carpena pabiloian arantzatxoa kendu dute. Txapelketa benetan serioa egin dute eta, oro har, Alice Diva atezain brasildarra nabarmendu da.

Alba Menendez, Bera Berako kapitaina, Kopa garaikurra altxatzen, atzean taldekideak dituela.
Alba Menendez, Bera Berako kapitaina, Kopa garaikurra altxatzen, atzean taldekideak dituela. (AGENCIA LOF)

Ezbairik gabe, Bera Berak disfrutatu egin du Malagan jokatu den Kopa txapelketan. Helburu nagusia horixe zen eta, hori oinarritzat hartuta, garaipenaren bidea marraztea. Aspaldi Kopan gertatu ez bezala, gorputz uzkurtu eta urduriak pabiloitik kanpo utzi eta konfiantzaz beterikoak kantxaratu ziren; konfiantzaz baina ez gehiegi sinetsita, baizik eta galtzeko ezer gutxi eta irabazteko asko zeukatela benetan barneratuta.

Kontu bat diskurtsoa da -aste osoko adierazpenetan behin eta berriz errepikatu zuten «disfrutatu» eta «kantxan zoriontsuak izan» behar zutela- baina beste gauza bat da diskurtsoarekin bat egitea. Uztartu dituzte diskurtsoa eta jokaera eta hortik atera da Bera Bera txapeldun bat, kanporaketetan galduta zuen lehiakortasuna berreskuratu eta berriro Kopako tronua bere egiteko.

Malagan irabazi zuen denboraldiko lehen garaikurra, Superkopakoa, eta hor antzeman zen aurtengo Bera Bera ezberdina izango zela, azken hiru urteetan ihes egindako garaikurra arerioaren etxean altxatu baitzuen. Izan ere, partida bakarrera, hil ala bizi, kale edo bale horietan talde hauskorra bilakatu izan da erregulartasunaren babesean garaiezina den ekipoa. Aurten, ordea, hori ez ezik, lehiakortasuna bukaeraraino eramatea lortu du Imanol Alvarezek eta atzo irabazitako Kopa izan daiteke horren erakusle.

GRANOLLERSEN LEHEN FINALA

Bera Bera hasieratik zen irabazteko faboritoa, baina Tati Garmendiak GARAri onartu legez, ez zen faborito bakarra. Kopan ematen diren ezustekoez ere mintzatu zen, baita Imanol Alvarez entrenatzailea ere. Granollers aipatu zuen prentsa agerraldian, Robert Cuesta taldera batu denetik hobekuntza bat nabari zuelako. Gutxik espero zuten talde katalana finalean -ligan jaitsiera saihesteko borrokatuko da-, baina horrelako ezustekoek egiten dute Kopa berezi. Bera Berak bere azalean sufritu du edertasun hori azken hiru edizioetan, eta aurten aurreko txapeldun Malagari egokitu zaio.

Atzokoa lehen finala zuten katalanek; donostiarrek, aldiz, 16.ena. Hasiera gorabeheratsua izan zuten gipuzkoarrek, eta Nicole Wiggins atezainak eginiko lehen bi geldituekin mamuak ere azaleratu ziren. 4 minutu behar izan zituen Bera Berak lehen gola egiteko eta 10. minutura arte ez zuen berdindu lehia. Sentsazioa zen, berdindu eta gutxieneko errenta ateraz gero, Bera Bera geldiezina izango zela Granollersentzat, eta halaxe izan zen; hala eta guztiz ere, katalanek ez zuten sekula besorik jaitsi, eta donostiarrek adi jokatu behar izan zuten azken txanpara arte.

ETXEBERRIAREN LEHEN GOLETIK ZUZENEAN GARAIPENERA

Maitane Etxeberriak 14. minutuan eginiko golarekin jarri zen aurretik lehen aldiz Bera Bera (6-5) eta, Esther Arrojeriak jokoaren gidaritza hartu zuenean -Elke Karsten ordezkatu zuen-, Mariane Fernandesekin sortu zuen konexioak errenta hiru golera handitu zuen (9-6, 20. minutuan). Arcos eta Gavilanek atea zulatu zuten aldea gorenera eramateko (11-7), eta lehen zatiko azken txanpan kolpeak elkar trukatuta -Arrojeriak bi gol egin zituen kontragolean- 16-11ko emaitzarekin iritsi ziren atsedenaldira.

Alice Diva atezain brasildarraren parte hartzea ezinbestekoa izan zen (9 gelditu lehen zatian). Nicole Wiggins aurkaria ere fin ibili zen arren -oro har, geldiketa gehiago egin zituen-, erasoan akats gehiago egiteak baldintzatu zuen Granollersen finala. Esaterako, Somazak ez zuen golik lortu -zortzi gol egitetik zetorren- eta Castañera hegalekoak 5etik bakarra sartu zuen.

Capdevila, Vegue eta Milagrosen golek bizirik mantendu zuten Cuestaren taldea, baina bost goleko errenta iraultzea gehiegizkoa zen. Bigarren zatia hasi eta berehala, gainera, bost baloi galdu eta Karstenen bi golekin 18-11ko markagailua jarri zuen Bera Berak. Borrokatu zen talde katalana eta 0-4ko partziala ere ezarri zuen, Imanol Alvarezen haserrerako (24-21). Malena Cavok hiru jaurtiketa huts egin zituen eta defentsan kamuts aritu ziren.

Kontragolean aurkitu zuen Bera Berak oxigenoa -Louisek egin zuen 25. gola-, eta Arcos eta Mariane Fernandesen bina golekin, Gavilanen beste batekin eta, tartean, defentsa onez zein Alice Divaren geldituekin, 5-1eko partziala ezarri eta partida erabakita utzi zuen (28-22, 56. minutuan).

Irribarreak nagusi izan dira txapelketa osoan, defentsako jokaldi ona eta gola modu berean ospatu dituzte, partidan guztiz sartuta. Kantxan zoriontsu izanda berreskuratu du Bera Berak Kopako tronua.