Surflari ernegatua

Owen Wrighten oparia

Ez dut oroitzen zein urtetan izan zen, baina oso ongi gogoratzen dut non eta nola gertatu zen. Hossegorreko munduko surf txapelketan izan zen eta txapelketa La Graviere urautsian egiten ari ziren, hau da, olatu indartsuenak izaten diren gunean. Hondartzatik oso gertu lehertzen dira olatuak toki horretan; beraz, txapelketa ikusteko leku ezin hobea da.

Pare bat lagunekin nengoen, hondartzan eserita, ehunka ikusleren artean, jendez inguratuta, ikuskizunarekin gozatzen. Zale gehienak frantsesak ziren, baina han gaztelera zen nagusi, ez baita hitz egiteko bolumen eta modu bera espainolek (gu barne, zeren horretan ere espainolak baino espainolagoak gara) eta frantsesek dutena. Esan bezala, hiru lagun ginen, bi surflari beterano eta surf egiten duela gutxi hasi zen beste lagun bat. Gauzak honela, txapelketa ikusteko kontuan zer hartu behar den azaltzen ari ginen lagunari; korronteak, olatu aukeraketa, Landetako urautsien zailtasunak, epaiketa irizpideak, eta abar.

Inguruko ikusleak liluratzen zirenean eta txaloka zutitzen zirenean, guk ez genuen lilurarako arrazoirik ikusten, eta, alderantziz, gu aho zabalik uzten gintuzten gertakizunek ez zuten inguruko ikusleen arreta bereganatzen, beraz gure lagun hasi berriak ez zuen deus ulertzen. Kontra egiteagatik egiten genuela iritzi zion.

Parean itsasoratu zen Owen Wright neta taulan eserita zegoen. Indar handiz hondarraren kontra lehertzen ziren uhinak pasatzen zirenean, bere bizkar zabala eta ile horia nabarmentzen ziren ortzi mugara begira, patxadan, olatu egokiaren zain. Halako batean alderik alde itxiko zela zirudien olatu erraldoi bat altxatu zen, bere gibelean zen itsasoa estaltzen zuen horma berde beldurgarri bat, urertzean itzal egiten hasi zen, eta nire begiak erabat zabaldu ziren. Senak bultzatuta, zutitu egin ginen bi lagunak, hatz erakuslearekin itsasoa seinalatuz eta beste besoarekin gure laguna astinduz: «Begira, begira...», errepikatzen genuen urduri.

Gure hirugarren lagunak ez zuen ulertzen zer ikusten genuen, ezta inguruan genituen ikusle gehienek ere, oraindik ez baitzen ezer gertatu. Itsasora begiratzen zuten eta gero gu begiratzen gintuzten. «Zer ikusi ote dute bi morroi horiek?», pentsatuko zuten ziur aski; eta guk: «ez duzue ikusten, ala?».

Segundo gutxitako kontua izan zen. Owenek bere indar guztiekin arraun egin zuen, bizkarka goitik behera airean jaitsi zuen porlan berdezko pareta eta olatuaren erraietan desagertu zen. Leherketak sekulako hotsa atera zuen, horma berdea apar zuri bilakatu zen eta han urrun, 50 metro mendebaldera, berriz ere surflari australiarra agertu zen, besoak jasota, bere lorpena ospatzen. Epaileek hamarreko batekin saritu zuten.

Gure lagunak behin eta berriz galdetzen zigun: «Nola zenekiten hori gertatuko zela?»; eta guk zera erantzuten genion: «Ez genekin gertuko zela, baina bai gerta zitekeela». Itzelezko oparia egin zigun egun hartan Owenek. Ez dugu gehiago lehian ikusiko, baina gustatuko litzaidake egun batean egin zigun opariagatik zuzenean eskerrak ematea. Aurrerantzean izango duen ibilbidean zorterik onena opa diot.