A.E.
DONOSTIA

Iratxe Fresnedaren «Tetuan», Donostiatik Peruko eta Baionako jaialdietara

Iratxe Fresneda zinemagile eta GARAko kolaboratzailearen “Tetuan” (2022) film luze dokumentala emango dute gaur Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiko 20. edizioan. Zinema jaialdien zirkuituan film hau egiten ari den ibilbide oparoaren adibide bat gehiago da. Filma udazkenean iritsiko da aretoetara.

Iratxe Fresneda, eskuinean, filmeko lantaldearekin.
Iratxe Fresneda, eskuinean, filmeko lantaldearekin. (Gorka RUBIO | FOKU)

«Barren barrenetik abiatzen den bidaia bat da, migrazioaren kontzeptua gizartean nola darabilgun aztertu nahian». Horrela definitu zuen atzo Iratxe Fresneda zinemagileak bere hirugarren film luze dokumentala, “Tetuan” izenekoa. “Irrintziaren oihartzunak” (2016) eta “Lurralde hotzak” (2018) lanen ondoren, Fresnedak erregistroaren gaineko trilogia berezia itxi du “Tetuan”-ekin.

«Nire aitaren istorio propioarekin hasten da, baina pixkanaka istorio hori hedatu egiten da kolektibora. Guretzat oso garrantzitsuak diren bi pertsona agertzen dira, eta jarraitzen diegu beraien ibilbidetan: Mohamed Iacob eta Irina Conca dira. Migrazioaren inguruko iruditeria berri bat agertzen da pelikula honetan, eta pozez betetzen gaitu honek, harrera ezin hobeagoa izaten ari delako».

“Tetuan” Victoria Eugenia antzokian eskainiko da gaur 19.00etan, eta sarreren salmentarekin pozik zegoen Fresneda. «Primeran doa», zioen. Bertan lantalde osoa izango da, baita ere filmaren grabaketan parte izan zen Budbuda Abdelfatah Ubi sahararra. Larunbatean iritsi zen kanpalekuetatik, eta Donostian ikusiko ahal izango du aurrez aurre zein motako erantzuna eta babesa jasotzen duten filmak eta bere herriaren borrokak.

Argazkietan ere

Filmaz aparte, eta proiektuaren harira, «munduko pertsonen mugimenduari lotutako aurpegiak eta paisaiak bilatzea» abiapuntu duen erakusketa hartu du hiriko Liburutegi Nagusiak, maiatzaren 6ra bitartean. «Estreinakoz hemen egin da -argitu zuen zinemagileak-. Atera nituen 3.000 argazkitik gora horietatik aukeraketa bat egin genuen, eta nolabait filmaren sorkuntzaren prozesuan guretzat nabarmenak ziren zenbait pertsona, leku eta gertaera erabili ditugu argazki erakusketa osatzeko. Lehen aldiz egin dugu Donostian, eta gure asmoa da erakusketa hau pixka bat handitu ahal izatea, hau da, argazki gehiago sartzea, materiala badaukagulako, eta filmarekin batera bidaiatu ahal izatea». Hemengo herri eta hirietan erakusketa ikusi ahal izango da, beraz.

Zinema areto komertzialetara salto egin aurretik, dena den, iazko azaroan Gijongo Nazioarteko Zinemaldian abiatutako bidea egiten jarraituko du film aparteko honek. Aste honetan, Donostiako Giza Eskubideen jaialdiaren sail ofizialean egoteaz gainera, Perun burutzen ari den Festival de Cine al Este zinemaldian ikusten ari dira. «Paris eta Peru artean egiten den jaialdi ospetsua da, eta izen handiekin batera lehiatzeko aukera dugu», aitortu zuen Iratxe Fresnedak. Ostegunean aurkezpena egingo dute streaming bidez, eta ostiralean, hilaren 28an, Baionako Atalante zineman burutzen ari den Rencontres Sur le Dock-en egongo dira, 18.30ean.