GARA Euskal Herriko egunkaria
BIZTANLERIA AKTIBOAREN INKESTA

3.400 langabe gehiago daude eta ia 13.000 enplegu suntsitu dira

2023aren hasieran langabeziak goranzko joera erakutsi du Hego Euskal Herrian; 3.400 langabe gehiago zenbatu dira lehen hiruhilekoaren amaieran, Biztanleria Aktiboaren Inkestak agertutako datuei erreparatuta. Lurraldeka desberdintasunak daude, hala ere. Izan ere, Nafarroan 6.400 langabe gehiago daude, eta Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian, aldiz, 2.900 gutxiago.

Gasteizko enplegu bulego bat. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Urte hasierak langabeziaren portaera ezberdina ekarri du Hego Euskal Herrian, lehen hiruhilekoko Biztanleria Aktiboaren Inkestaren datuen arabera. Lau lurraldeetan 126.300 langabe gehiago daude orokorrean, 2022ko azken hiruhilekoan baino 3.400 gehiago eta duela urtebete baino 1.900 gehiago.

Hala ere, egoera desberdina da lurraldeka. Datuak Nafarroan okerragoak dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan baino; azken hiru lurraldeotan bilakaera hobea izan da eta langabezia tasa jaitsi egin da, baina ez enpleguaren suntsipena.

Horrela, Nafarroan 39.300 langabe zenbatu dira lehen hiruhilekoaren amaieran, aurrekoan baino 6.400 gehiago; hau da, ia %20ko igoera egon da. Horren arabera, langabezia-tasa %12,13koa da, eta 2022aren amaieran %10,09koa zen.

Sexuen arabera bereizita, emakumeen langabezia-tasa %2,05 igo da eta %12,13koa da; gizonena, berriz, %2,03 igo da, %11,69raino.

Aitzitik, EAEn 87.000 pertsona daude langabezian; hau da, aurreko hiruhilekoan baino %3,24 gutxiago (2.900 langabe gutxiago). Langabezia-tasa, berriz, 22 ehunen jaitsi da (%8,44), eta Estatuko txikiena da. Lurraldeka, Araban 10.300 langabe daude (2.400 gutxiago), Gipuzkoan 26.000 (2.200 gutxiago) eta Bizkaian 50.700 (1.500 gehiago), %6,35, %8 eta %9,34ko langabezia-tasekin, hurrenez hurren.

Sexuen arabera, langabe kopuruari begiratuta 48.900 emakumezkoak dira, %9,85eko langabezia-tasarekin; gizonen aldean bi puntu eta erdi gehiago, horietan 38.200 langabetu izanik (%7,14).

2022ko hiruhileko berarekin alderatuta, 3.700 langabe gutxiago daude; hau da, %4,04 gutxiago.

Lehen hiruhilekoko Biztanleria Aktiboaren Inkestaren arabera, murrizketa hori gorabehera, lehen hiruhilekoan 4.700 enplegu suntsitu ziren Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Nafarroan 8.200era igo da kopurua.

Biztanleria landuna, behera

Biztanleria landunari dagokionez, Hego Euskal Herrian 1.229.400 landun zenbatu dituzte aurreneko hiruhilekoan, 2022aren amaieran baino 12.900 gutxiago, lehen hiruhilekoko Biztanleria Aktiboaren Inkestaren datuen arabera.

Guztira, Nafarroak 284.800 landun ditu; 8.200 gutxiago (-%2,81) aurreko hiruhilekoan baino (4.900 gizon eta 3.300 emakume), eta duela urtebeteko hiruhileko berean baino %1,37 gutxiago; EAEn, berriz, biztanleria landuna %0,50 murriztu da (-4.700), 944.600 pertsonaraino. Duela urtebeteko aldi berarekin alderatuta, jaitsiera %0,91ekoa izan da.