Yasmine KHRIS
Itzultzailea
AZKEN PUNTUA

Benetako postalak

Europako eta Mediterraneoko zibilizazioen museoa (Mucem, frantsesezko sigletan) dugu nire jaiolekuan, Marseillan. Europako herrialdeen inguruan hainbat begirada plazaratzen ditu, erakusketa efimeroak behatuz. Azkenak portuko hiri handiak eta haien arteko loturak ondu ditu. Venezia ikusgai da sarreran: mapak, datuak, eta erdian bi metro garai den argazkia, erakusketaren protagonista.

Martin Parr argazkilari britainiarraren lana da, ‘Venise Doge Palace’ izenekoa, 1998koa. Halaxe dio deskribapenak: «Venezia turistikoa benetako Venezia ez dela esateak ez du deusetarako balio. Venezia turistikoa Venezia da... Venezia bere postal propioa da». Argazkia aski esplizitua da: jendetza argazkiak egiten, kamerak nagusi, eguzki betaurrekoak eta kale saltzaile bat. Turistak gure aurrean ditugu, ahoak zabalik. Zeri begira? Auskalo. Martin Parren lanaren adibide deskribatzailea da lana: kontsumo eta entretenimenduaren gizartean murgiltzen garela ikusaraztea xedetzat du bere ibilbide osoan.

Zorionez (edo zoritxarrez?), museoak ez digu erakusten argazki berdina egun, 25 urte ondoren. Turismo ereduaren eboluzioa gure esku uzten du. Aurrera. Hurrengo hirira.

Bidenabar, zer moduz joan da Aste Santua?