GARA Euskal Herriko egunkaria
EDITORIALA

Goseak, okupazioak eta nazioarteko ezaxolak hila


Atxilotu zutenean ekin zion gose grebari Khader Adnanek. Ez zen izan egin zuen lehenbizikoa, ez atxilotu zuten lehenbiziko aldia, 2004tik bost gose greba egin baitzituen 12 atxiloalditan, azkenak eta luzeenak 86. egunean azken hatsa emanarazi dion arte. Jakina zen osasun egoera larrian zegoela, PHRI Israelgo Giza Eskubideen Aldeko Medikuak erakundeko sendagile batek herenegun esan baitzuen edonoiz hil zitekeela eta ospitale batera eraman beharra zegoela. Adnanek kartzelan arta medikua jasotzeko nahia erakutsi zuen, hiru baldintza jarrita: senideek bisitatu ahal izatea, PHRIko mediku bat ondoan egotea eta bere gaineko informazio medikoa Israelgo erakundeei ez ematea; edonola ere, auzitegi batek atzera bota zuen lehenago presoa ospitale batera eramateko eskaera.

Gose greba baten ondorioz hil da preso palestinarra. Gose greba borrokabide ikaragarri gogorra da, eta arriskutsua, hainbatetan ikusi denez, atzo goizaldean Israelgo espetxe batean azkenekoz erakutsi zenez. Hala ere, «atxiloketa administratibo» batek eraman zuen preso hori gose grebari heltzera, atxiloketa mota horrek bide ematen baitio Israelgo Estatuari palestinarrak epaiketarik eta kargurik gabe atxilotu eta hiru eta sei hilabete artean preso edukitzeko. Milatik gora palestinar daude egoera horretan. Honen aurrean, gose greba dute salaketa bide urrietako bat. Eta zuzenbide estatuaren noziorik ñimiñoena daukan edonork galdetuko du nola litekeen halakorik gertatzea estatu demokratiko batean.

Europar Batasunak, Adnanen heriotzagatik «kezkatuta», hura ikertzeko eskatu du. EBren, nazioarteko komunitatearen kezka ez da harago iristen. Azken buruan, ezaxola mozorrotu horrek Israelen okupazioa, atxiloketa mota horiek eta beste hainbat bidegabekeria nabarmen sustatzen ditu. Inongo estatuk ez du inbasioen aurkako diskurtso askatzailerik aldarrikatuko, ez demokraziaren aldekorik; aitzitik, diskurtso hori inbaditzailea sostengatzeko erabiltzen baitute, Israel estatu demokratiko homologatutzat joa baitute, eta horri esker erosoago garatzen du bere politika okupatzaile eta suntsitzailea,