Ramon SOLA
ETA-REN ZIKLOAREN BUKAERAREN BOSGARREN URTEMUGA

Hilerritik borroka zelaira: ETA sortu zutenen testigantza

Duela bost urte bere zikloa amaitutzat eman zuen Euskadi Ta Askatasunak. Aski ezaguna da datu hori, baita erabakia ekarri zuen prozesua ere. Baina erakundearen sorrera, ia 60 urte lehenago, azaldu dezaketen pertsona batzuk egon badaude oraindik. Jose Manuel Agirrek, Pontxo Iriartek eta Eneko Irigaraik dute hitza.

Nazioarteko konferentzia Kanboko Arnaga etxean, 2018ko maiatzaren 4an, ETA erakundearen amaieraren iragarpenaren biharamunean.
Nazioarteko konferentzia Kanboko Arnaga etxean, 2018ko maiatzaren 4an, ETA erakundearen amaieraren iragarpenaren biharamunean. (Jon URBE | FOKU)

Gaur duela bost urte, 2018ko maiatzaren 3an, Kanbon irudikatu zen ETAren ibilbidearen amaiera. «ETA herritik sortu zen, eta orain herrian urtuko da», izan zen euskal erakundeak utzitako azken mezua. Baina aipatutako herri hura zenbait pertsonarengan gorpuzten zen; gehienak jada hil diren arren, batzuek bizirik segitzen dute, eta sorrera hari buruzko lekukotasuna eman dute Iratzar Fundazioak abiatutako lan zabalago baterako, argitaratu gabea. GARAk hiru protagonista hauen zenbait hausnarketa hartu ditu abian den elkarrizketa bilduma honetatik, erakundearen hastapenaren nondik norakoak azaltzeko ezinbestekoak direlakoan.

Euskadi Ta Askatasuna izena hautatu zen bileran parte hartu zutenetako bat dago hiruren artean: Jose Manuel Agirre, bataio ekitaldi hartatik bizirik den partaide bakarra. 96 urte ditu, baina atzo izan balitz bezala gordetzen ditu zenbait xehetasun: Deban izan zela, taberna batean, egurrezko mahai baten bueltan, 1958ko abenduan, arratsalde euritsu batean, eta bost kideak Larramendi familiaren gasolindegi batean elkartu ondoren abiatu zirela hara. Erakunde berriarentzat balizko 20 bat izeneko zerrenda eraman zuen Jose Luis Alvarez Enparantza “Txillardegi”k. «Eta eztabaida luzearen ondoren, ETA aukeratu genuen», egiaztatu du.

Izena ez zen garrantzitsuena, jakina, helburua baizik. Horretan koherenteak dira Agirreren lekukotasuna (Algorta, 1926) eta Pontxo Iriartek (Arribe, 1930) eta Eneko Irigaraik (Donostia, 1936) emandakoak. EAJ zen erreferentzia politiko nagusia gerraosteko aro ilun hartan, baina «gehien interesatzen zitzaiona gatazkak saihestea zen. Ez zituen Sabino Aranaren irizpideak gordetzen. Guretzat gako nagusia ez zen espainiar genozidioari aurre egitea, EAJren utzikeriari aurre egitea baizik. Hau izan zen ETAren jatorrizko ideia. Negargarria baitzen egoera, kanposantu batean ginela zirudien».

Behar hura anekdota batekin laburbiltzen du Iriartek. Lehenik Ekin-en eta gero ETAn batuko ziren «gazte ero» haietako batzuk EAJren ekitaldi batean egon ziren, baina harriduraz ikusi zuten Guardia Zibila ere bertan zela, eta kantuan hasi bezain laster parte hartzaileak isilarazten zituela. «Modu ezberdinean pentsatzen genuen. Bide hori ez zela bidea ikusten genuen. Eta ‘guk aparte lan egingo dugu’ esan genien». 1957. urtearen inguruan kokatzen du haustura une hori.

Antzekoa da Ignazio (gerora Eneko ezizena hartuko zuen) Irigarairen oroimena. Propaganda eta kultur arloko zenbait ekimenetarako EAJko kideen laguntza zutela zehaztu du: «‘Zuek zerbait egin behar duzue behintzat, gure erakundeak ez du ezer egiten’, esaten ziguten. Hartu-eman oso onak izan nituen haiekin, pertsonalki».

Irigarairen esanetan, 60ko hamarkada haren hasierara iritsita, euskal gizartea nolabait «neutrala» bilakatua zen Francoren aurrean. Adibide gisa, aita euskaldun berria zuen eta, Nafarroatik Donostiara lan egitera etorri zenean, etsipenez hartu zuen bertan sendagile batek euskaraz egitea gaizki ikusia zela, gazteleraz aritzea nonbait «kategoria handiagoko»tzat hartzen zelako, testuingurua erabat euskalduna izan arren.

Pontxo Iriartek eransten duenez, 12 urte inguru bete arte ez zen hasi gazteleraz txukun moldatzen. Iruñera ikastera bidali zutenean jazo zen hori, baina behintzat nafar hiriburuan «euskaraz hitz egiteagatik ez gintuzten jotzen; herrian, bai».

DONOSTIA, PARIS, MEXIKO

Errepresioaren atzaparretan egongo ziren ordutik aurrera ETAren sortzaileak, jakina. Baina aurretik jada gerra beren larruan pairatua zutela ahaztu gabe; esaterako, Jose Manuel Agirre itsasontzi batean bidali zuten gurasoek Belgika aldera -urte eta erdi eman zituen han-, bere aitak Marseilla aldera ihes egin behar izan zuenean, abertzalea izateagatik; eta Irigarai Urdazubira lekualdatu zuen familiak, anai-arrebak bertan zaintzeko ardura emanez gainera...

Iriarte laster kartzelatuko zuten, Carabanchelen eta Sorian, Gerra Kontseiluan epaitua izan ondoren, ETAn aritzeagatik. «Erorketak oso arriskutsuak ziren, egurra ematen zutelako eta horrela dena berehala zabaltzen zelako», nabarmendu du. «Haien eskuetan eroriz gero, ez zegoen ezer egiterik, hanka egitea bakarrik. 1961ean erori ginen gu, 40 lagun inguru Euskal Herri osoan. Astakeria asko egin zizkiguten. [Meliton] Manzanas famatuak jo eta bereziki joarazi zuen. Donostian kategoriko jende guztiarekin zebilen Manzanas. Hala ere, Madrilgo poliziak ziren gogorrenak, Manzanasek baino gehiago egurtu gintuzten», aipatu du.

«Lehenbiziko momentuan pentsatu genuen klandestinitatean egon behar genuela», adierazi du Iriartek. Irigarairen oroitzapena, ordea, bestelakoa da: burkideei esaten zien ekintza bat gertatu bezain laster etxetik alde egin behar zutela, baina «ez zidaten kasurik egiten» eta hantxe lotan segitzen zuten. IRAren jokabidea, besteak beste, aztertuta zuen berak liburuen bitartez, eta bazekien «atentatu bat izaten den bakoitzean sarekada bat gertatzen dela». Baina orduko ETAkide asko ezkonduta zeuden, seme-alabak zituzten eta, arriskuaren berri izan arren, «ez zuten egoera barneratzen».

Kontuak honela, hasierako urte haietako momentu batean, kide asko batera atxilotu zituztela-eta, «joder, ETA ni neu naiz orain!» pentsatzera heldu zen Irigarai. Bere kasuan, Ipar Euskal Herrira oinez ihes egitea lortu zuen, alde hura txikitatik ezagutzen zuela baliatuz. «Niretzat inoiz ez da muga bat izan», kontatu du.

Lehenengo hamarkada hartako oroitzapen mikatzak gordetzen ditu Iriartek: Enrique Eymar koronelarenak, epaiketa militarren buru zena, eta «que lo saquen de aquí» agintzen zuenean nolabait atxilotuaren aurkako jipoi berri bat iragartzen zuena; baita Manzanas ETAk hil osteko errepresio bortitzarena ere, orduan jada itsuki jotzea guztiz normaldu zelako.

PARIS, MEXIKO, ALJERIA...

Errepresioak ez zuen erakundearen bidea errotik moztu, hala ere, eta hasierako txinparta hura piztuta, laster hasi zen giroa nabarmen aldatzen. Hainbat pasarte esanguratsu dakarte elkarrizketa horiek, sortzaile hauen gogoan betiko iltzaturik geratu direnak. Esaterako, 1960. urtean eztei bidaiatik bueltan zetozela, Oriatik pasatzerakoan margo ikaragarri handia ikusi zuen pilotalekuan Iriarteren bikotekideak: «ETA». Emazteak orduan deskubritu zuen zein zen Pontxo beste lagunekin batera ezkutuan eratzen ari zen erakundearen izena. Eta izana, herri sostengua begi-bistakoa zelako.

Ipar Euskal Herrian lanean zebilen Enbatarekin batzarra egitea bururatu zitzaiola gogoan du Irigaraik, non eta berau jaio zen etxean, Donostiako Prim kalean.

Olioa bezala zabaltzen ari zen borrokarako deia. Urte batzuk geroago, Mexikora alde egin behar izan zuenean, argi ikusi zuen Agirrek, han jokatzen ari ziren pilotariek hilero-hilero dirua ematen ziotelako, ETAri helaraz ziezaion, postaz.

Aurretik, Parisera zenbait bidaia egin zituen algortarrak, Txillardegi bidelagun zuela, erakunde berriaren lanaren berri Jose Antonio Agirre lehendakariari emateko. «Atseginez hartzen gintuen», aipatu du, orduko eta geroko EAJko beste agintari batzuek ez bezala. Lagunak ere bilakatu zirela ekarri du gogora, are gehiago biak algortarrak zirela kontuan harturik.

Nazioarteko laguntzarik ere izan zuen euskal erakundeak hastapenetan. Aljerian pasadizo bitxiak bizi izan zituen Eneko Irigaraik. ETAren ordezkari gisa maila ofizialean onartua izatera heldu zen. Mugimendu iraultzaile asko gertutik ezagutu zituen han, baita Che Guevara bera ere.

Jose Maria Benito del Valle 2011n zendu zen eta Txillardegi 2012an, Rafa Albisu bezalaxe. Julen Madariaga 2021ean joan zen, eta Iñaki Larramendi iazko irailean. ETAk berak 2018an desegin zituen bere egitura guztiak, baina oraindik ere bada erakundeari buruz zer hausnartua eta bere sorrerari buruz nork kontatua.



Adierazpenak

«Guretzat gako nagusia ez zen espainiar genozidioari aurre egitea, EAJren utzikeriari aurre egitea baizik. Negargarria baitzen egoera, kanposantu batean ginela zirudien»

JOSE MANUEL AGIRRE

«Atxiloketak oso arriskutsuak ziren, haien eskuetan eroriz gero ez baitzen ezer egiterik, hanka egitea bakarrik. 1961ean erori ginen gu, 40 lagun inguru Euskal Herri osoan. Astakeria asko egin zizkiguten»

PONTXO IRIARTE

«Atentatu bat izaten zenean, etxera lotara ez joateko esaten nien lagunei, baina kasurik ez. Ezkonduta zeuden, seme-alabak zituzten, eta, arriskuaren berri izan arren, ez zuten egoera barneratzen»

ENEKO IRIGARAI