GARA Euskal Herriko egunkaria

Musikaren artifizioak


Adimen artifiziala, artifiziozko adimena. Artefaktuaren adimena. Iritsiko al da adimen artifiziala artearen adimena izatera. Ba al du adimen artifizialak adimen arrazional zein irrazionalak duen ukituaren afruskeria, buruko lokatza edo emozio jasaren zirimola? Gaindituko al du artifiziala den horrek adimen naturalaren zainartasuna?

Frankotan musikariak (edo margolari, argazkilari, filosofo…) egindako sorkuntza berriak beste musikari baten oinarriak daramatza. Sorkuntzetan sustraiek ezinbesteko munta dute gero azalean ikusiko ditugun adaxketan. Beti etor dakiguke loturaren bat (arrazionala, irrazionala, artifiziozkoa) sorkuntza berriak duena lehendik egindako abesti batena. Adimen artifizialak milioika abesti-adibide ditu ordenagailuaren funtsean, loturak egiteko arintasun petoa du, baina ez du buru arrazional edo irrazionalak tupustean eman dezakeen bira gogoa. Agian adimen artifizialak abesti biribilenak egin ditzake plugin, turntablism, scrach eta loop-ak eginez, sampleatu dezake edozein ahots ospetsu eta Laboa berriak sortu.

Adimen artifizialak samplerra bere gogora erabiltzeko manera daukanez, desberdinduko genuke lan berria eta zaharra? Artifizialak egindakoa naturalaren oso gertuko iristeko baliabideak baditu, kantu guztiak “hit” izango dira. Artifizioaren egilea (artifizea) artifizialaren zirtzikatzaile edo babesle al da? Artistaren arte sormena ezin du ordezkatu adimen artifizialak.