A.A.
DONOSTIA

«Su festak»: musikaren folklorizaziotik festibalen gentrifikaziorako ibilbidea

XXI. mendeko musika festibalen inguruko gogoeta sustatzea eta egun indarrean diren kultur politikak zalantzan jartzea da Jon Urzelairen “Su festak” saiakeraren muina.

Jon Urzelai Urbieta, Donostiako aurkezpenean.
Jon Urzelai Urbieta, Donostiako aurkezpenean. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Musika festibalen inguruko gogoeta zabala bildu du Jon Urzelai Urbietak ‘‘Su festak. XXI. mendeko Euskal Herriko musika festibalei buruzko saiakera bat’’ liburuan. Egungo jaialdiei erreparatu eta azterketa kritikoa egin nahi izan du egileak, indarrean dauden kultur politiken eraginkortasuna zalantzan ipiniz eta egiteko bestelako moldeetan begia jarriz.

«Musika jaialdiez ari da, bai, baina ez modu deskriptibo edo justifikatibo batean. Ikuspegi kritiko batetik aztertzen ditu gaur egungo musika jaialdiak, eta marko handiago batean kokatzen. Jaialdiei begiratzen die, gauza konkretu bati, eta, hortik abiatuta, argazkia zabaltzen du Euskal Herriko azken urteetako kultur politiketan arreta jartzeko eta musika jaialdiek gaur egungo Euskal Herrian ze esangura duten aztertzeko», azaldu zuen aurkezpenean Leire Lopez Ziluaga Susako editoreak.

Liburua bost ataletan banatuta dagoela zehaztu zuen: ‘‘Koba’’, ‘‘Basoa’’, ‘‘Herria’’, ‘‘Hiria’’ eta ‘‘Berriro ere koba’’. Lehena sarrera moduan darabil, eta kobazuloak, akelarreak eta festibalak lotzen ditu, Mairuelegorretako kobako euskal jaialdia, Crystal Fighters-ek Zugarramurdin eskainitako kontzertua eta 1971n Larraitzen egindako jaialdia erreferentziatzat hartuz. Tarteko hiru ataletan egungo jaialdien ingurukoak xehatzen ditu. Eta azken atalean pandemiaren ostean musika festibalek bizi duten errealitatearen azterketa egiten du, krisi klimatikoaren testuingurua eta mundu digitala presente eduki beharko dituzten festibalen gaineko hausnarketa egiteko.

«Hau guztia ez zen hasi liburua idazteko asmoz», azaldu zuen egileak. «Abiapuntua harridura zintzo bat izan zen, fenomeno bat modu sakonagoan ulertzeko bulkada bat. Nola zen posible, ia edozein gairen inguruko gogoeta mamitsuak irakurri daitezkeen honetan, gero eta modu erabatekoagoan inguratzen gaituzten festibalen gainean taxuzko analisirik ezin topatu ahal izatea?», galdegin zuen Urzelaik.

Gaiak «bestelako irakurketa bat» merezi zuela eta, materiala biltzen hasi zen, harik eta liburu batean biltzeko moduko informazioa zuela ebatzi zuen arte. Liburuan, musikaz beraz baino festibalen beraien egituraketaz eta duten eragin sozialaz mintzatu nahi izan du, bere iritziz «musika jaialdiez aritzea gure gizartea deskribatzea» ere badelako.

«Festibalak asmo utopikoen gordailuak izan dira, eta identitate zapalduen aldarrikapenerako zitak. Transzendentziarako balio izan dute, jairako bezainbat. Egun ekitaldion inguruan solastatzeko beste hiztegi bat behar dugula deritzot, hau da, uste dut ezinbestekoa dela hiri eta nazio markez hitz egitea, turistifikazioaz, folklorizazioaz, baita gentrifikazioaz ere. Egoera gero eta monopolistikoagoaz eta festaren pribatizazioaz», kezkatu zen, eta honekin batera musikaren inguruko langileen egoera aztertzea ere beharrezkotzat jo zuen egileak.

Liburuaren ildoetako bat «kulturak berak gurean zer esan nahi duen» argitzen saiatzea ere badela esan zuen, «salgai huts den, inbertsioak erakartzeko kaskabilo magiko, askapenerako bide, garapen urbanistikorako erregai, komunitatea trinkotzeko tresna...». Liburuan agertzen diren festibal ugariak eta hauek aztertzen laguntzeko erabili dituen askotariko erreferentziak «aipatu auziaz jarduteko bitarteko» ere badirela uste du egileak.

«Liburu hau egungo kultur politikak zalantzan jartzeko eta gogoeta eta eztabaida sustatzeko gai bada, bere egitekoa beteko du», amaitu zuen.