Andoni ARABAOLAZA
ALPINISMOA

Inor prest al dago 14 zortzimilakoen emakumezkoen zerrenda aldatzeko?

Eberhard Jurgalski ikertzaile alemaniarraren arabera, helburu hori betetzen lehena Don Hong-Juan txinatarra da. Bien bitartean, Kristin Harila norvegiarra hamalauak igo dituen mendizale azkarrena bihurtu da.

Arlo guztietan gertatzen den bezala, mendizaletasunaren historian ere aldaketak izaten dira. Batzuk ñabardurak baino ez dira; beste batzuek, aldiz, oinarri sendoa dute. Hamalau zortzimilakoen zerrendari dagokionez, lasai asko esan daiteke beti eztabaida izan dela. Gizonezkoen lasterketan ez da zalaparta handirik izan. Bai, ordea, emakumezkoen lehian.

Irakurleak ziur aski gogoan izango du bolada luze batean Edurne Pasaban, Gerlinde Kaltenbrunner eta Nives Meroik gogor estutu zutela helburu preziatu horretan lehena izateko. Horretan zirela, Hego Koreako bi mendizale sartu ziren: Eun-sun Oh eta Mi-sun Go. Di-da batean europarren pare jarri ziren. Hori lortu ahal izateko, korearrek bitarteko oso emankorrak zituzten: oxigeno gehigarriaren erabilera, mendiko langile talde indartsuak… Eta era horretan, zortzimilakoak oso azkar sinatzen hasi ziren. Miss Go bidean geratu zen Nanga Parbaten istripu baten ondorioz.

Miss Oh, berriz, azken esprintean Pasaban aurreratu eta xede handi horren jabe egin zen. Baina, korearraren Kangchenjunga ez zen onartua izan. Ondorioz, tolosarra hamalauak sinatzen munduko lehen mendizalea bihurtu zen.

Ohore hori ez dio Pasabani inork kendu, baina azken urteotan Eberhard Jurgalski ikertzaileak zortzimilakoen zerrendaren bila jardun dutenen egoera erabat irauli du. 8000ers.com webgunearen sortzailea da eta, oro har, mendi erraldoi horien eskaladen inguruan informatzen du: «1981. urtean, ordura arte egin ziren gailurrak ikertzen hasi nintzen. Garai haietan ziur nengoen mendizale ia gehienek etika eta zintzotasun guztiarekin ematen zutela egin zituzten igoeren berri. Baina 2012.ean konturatu nintzen mendizale batzuk Annapurnako gailurretik urrun geratu zirela. Rodolphe Popier-i eskatu nion argazki batzuk azter zitzala. Eta arazo bera, besteak beste, Dhaulagiri eta Manaslun ikusi nituen. Hots, ia mendizale guztiek ez zuten benetan tontorra zapaldu».

DON HONG-JUAN, LEHENA?

Ondorioz, hamalauak bukatu dituzten mendizaleen zerrenda erabat aldatu du ikertzaile honek. Edo zehazki esanda, ikertzaile horrek aldatu du.

Eta emakumezkoei dagokienez, beste eztabaida bat piztu da. Jurgalskiren arabera, Pasabani ohore hori Don Hong-Juan txinatarrak kendu dio. Apirilaren 26an, mendizale horrek bere azken (benetako) zortzimilakoa zapaldu zuen: Shisha Pangma. Gisa horretan, hamar urte behar izan ditu tontor guztiak igotzeko.

Jurgalskiren taularen lehenbiziko postuan Don Hong-Juan kokatuta dago. Laugarrenetik bigarrenera igaro dena Kristin Harila da. Norvegiarrak asteazken honetan zintzilik zuen Cho Oyu igo du. Hori lortzeaz gain, Harilak badu beste ohore bat: hamalauak eskalatzen munduko mendizale azkarrena da. Iaz oso gertu izan zuen, baina Txinak ez zion baimenik eman geratzen zitzaizkion zortzimilakoak Tibetetik igotzeko. Denboraldi honetan, ordea, jaso ditu, eta astebeteko epean gai izan da Shisha Pangma eta Cho Oyu sinatzeko. Helburu hori biribildu ahal izateko, urtebete eta bost egun behar izan ditu. Aurreko marka Nirmal Purja nepaldarrak zuen, bi urte, bost hilabete eta hamabost egunekin.

Diogun bezala, norvegiarra Jurgalskiren zerrendaren bigarren postuan azaltzen da. Hirugarrenean, Meroi (13 zortzimilako); italiarrak ez zuen oxigeno artifiziala erabili igoera guztietan. Ondoren, Naoko Watanabe japoniarra dago (hamahirurekin hau ere). Beste hainbeste ditu Sophie Lavaud frantziarrak. Eta ondoren, Pasaban dugu hamabirekin. Hau da, ikertzaile honek ez dizkio aintzat hartzen Dhaulagiriko eta Manasluko tontorrak.

Gizonezkoetan ere eztabaida piztu du. Reinhold Messner ez da lehenbizikoa izan? Halaxe dio ikertzaile horrek, Annapurna ez baitio aitortzen. Messnerrek, bere aldetik, erantzun dio zerrenda «eguneratu» horrek ez duela garrantzirik. Batzuek gogor kritikatu dituzte aldaketak, beste batzuk mutu geratu dira.

Aldatu edo ez, eztabaida mahai gainean dago. Eta hori guztia, adostasun bitartez, hamalauen zerrenda horretan protagonista izan direnek eta direnek (emakumezkoek zein gizonezkoek) argitu beharko dute. Gai izango ote dira?