GARA Euskal Herriko egunkaria
BOULDERRA

Timothy Kang, Bishopeko highball-eko erregea

Eskalatzaile estatubatuarrak bost bloke oso garai (10 eta 16 metro artekoak) sinatu ditu egun bateko jardunean. Samurrena 7c da, eta gogorrena 8a.


Timothy Kang-ek 24 urte besterik ez ditu, baina Bishopen (Amerikako Estatu Batuak) highball kontzeptuari edo modalitateari ekarpen handia egin dio. Highball-ak, berez, bloke oso handi eta garaiak dira. «Tsunami» izena ere hartu dute, eta, blokeko espezialitate bat denez, harri horiek ez dira sokarekin eskalatzen. Hortaz, irakurleak erraz ondoriozta dezake modalitate hori oso arriskutsua dela.

Hori guztia azaldu eta gero, esan behar da Kangek bost highball sinatu dituela egun bateko jardunean; batere ohikoa ez den lorpena. Are gehiago, harrigarria da. Eskalatzaile estatubatuarren ekarpena orain dela lau hilabete heldu zen, eta “bidaia” berezi horretarako honako bost bloke aukeratu eta biribildu zituen: “Footprints” (7c, 15 m), “Ambrosia” (8a, 16 m), “Too big to flail” (7c+, 16 m), “Evilition Direct” (8a, 16 m) eta “This side of paradise” (7c+, 10 m). Ikus daitekeenez, den-denak garaiak eta oso gogorrak. Horretaz gain, Bishopeko highball historikoak zein enblematikoak dira.

Protagonista honi dagokionez, esan behar dugu asko maite duela bakarkako eskalada integrala. Berez, garai batean makina bat ordu igaro zituen rokodromoetan entrenatzen; izan ere, eskaladako lehietan espezialista zen. 14 urterekin, berriz, Bishop lehen aldiz bisitatu zuen. Alboan bere entrenatzailea zuen. Eta honek bloke garai horietatik urrundu zuen. Alabaina, hamazazpi urtererekin itzuli eta bloke enblematikoetan muturra sartu zuen.

2020. urtean, “Too big to flail” sinatu zuen, eta, igarotako estutasun eta arriskuengatik, bere buruari aitortu zion ez zuela highball bat berriro probatuko. Baina denboraren poderioz, Kang-ek iritzia aldatu zuen eta lagun bati esan zion helburu erakargarri bat zuela esku artean: Bishopeko bost bloke gogorrenak egun bateko jardunean lotzea.

Azken bi urteotan, helburu handi hori era egokienean prestatzeko estrategia bat antolatzen hasi zen. Bloke garai bakoitzeko mugimenduak probatu, eskalada bakoitzaren ordena zehaztu, koltxoneten logistika atondu… Eta erronka horren eite garrantzitsuena kontrolatu; hots, igoera bakoitzaren emozioak nola kudeatu. Izan ere, hamar metrotik gorako eta 7c mailatik gorako blokeak sokarik gabe igo behar zituen.

Eta hori guztia hobeto ulertu ahal izateko, Kangi berari emango diogu hitza: «Highball bat eskalatu duen edonork badaki eskalada hori bukatzen duzuenean eta harkaitzaren gailurrean zaudenean egundoko euforia askatzen dela. Baina sukar hori lasaitu behar duzu; besteak beste, jaitsiera ez delako batere samurra. Harkaitzaren albo bakoitzean aldats oso pikoak daude! Gainera, jardun hori bukatu bezain laster zeure buruari esaten diozu horrelako eskalada bat ez duzula inoiz errepikatuko eta ez duzula zeure burua berriro arriskuan jarriko. Hori soilik highball bat eskalatzen duzunean gertatzen da. Bada, pentsa ezazue bost lotzen badituzu. Nola kudeatu dezaket bloke bakoitzean muturreko intentsitate hori? Galdera horri erantzutea izan da zailena».

BERRITZAILEA

Highball bakoitza garai ezberdinetan eskalatu ondoren, estatubatuarra prest zegon lotura ikaragarri horri ekiteko. Ekarpenari garrantzi handia eman zion; izan ere, ordura arte inork ez zuen halakorik egin. Kangek honako azalpena eman du: «Bakarkako eskaladak asko egiten dira: hormatzarretan, bloke gogorrak… Baina Bishopen bost highball 24 orduan lotzea ez zen aurretik inoiz entzun. Eta uste dut hori egitea oso agerikoa zela. Beste bakarkako modalitateekin alderatuta, azken honek gainditu beharreko oztopo ugari ditu. Batez ere logistika oso ezberdina da. Eta horrek aurrean duzun xedea asko nahasten du. Adibide bat jarriko dut. ‘Too big to flail’ izan zen lehena. Eskalada hori babesteko, balizko erorikoan segurtasuna bermatzeko 19 koltxoneta jarri nituen lurrean. Uste dut gutxi jarri nituela; inoiz jarri den kopuru txikiena izan da. Alex Honnold-ek 30 baino gehiago erabili zituen. ‘Lur hartzeko’ eremu horri begiratzen diozunean, egoera oso beldurgarria da. Ez duzu erorikorik izan nahi. Baina badakit batzuetan eroriko hori kontrolik gabekoa izan daitekeela eta min handia har dezakedala. Bloke garai horretan giltza ia hamar metrora dago, eta badakit eroriko ezberdinetan batzuen batzuek min handia hartu dutela».

Koltxoneta horien eta lagunen “segurtasuna” ondoan izan zituen. Izaera horretako jardueretan eskuarki eskalatzailea bakar-bakarrik egoten da, eta ez du inor bere alboan ikusi nahi. Baina Kangek argi zuen lagunen laguntza hori beharrezkoa zela. Horretaz gain, beste galdera bat jartzen du mahai gainean: filmatu behar ote zuen jarduera hori? Erantzuna honakoa da: «Alex Honnold ‘Free Solo’ dokumentalean ikusi nuenean, galdera hori buruan iltzatu zitzaidan. Filmatzen zaituzten bitartean, energia asko aldatzen da. Norberaren esperientzia faltsutzen da, eta hori niretzat arazo handi bat da. Eta hori diot egin nahi dudan bakarra eskalatzea delako. Barneko esplorazioa da, eta hori indartu nahi dut esperientzia aparta bizi ahal izateko. ‘Footprints’ eskalatu nuen lehen aldian hori bizi izan nuen. Baina jendeak beste iritzi bat du, eta esan zidaten erronka itzel hori filmatu behar nuela. Saio batzuk egin nituen, eta ez nintzen oso deseroso egon».

Lotura horren bezperan, Kangek soilik hitz bi izan zituen lagundu zioten kideekin. Galderak saihestu zituzten, eta argi geratu zen nork bere emozioak gestionatu behar zituela. D eguna iritsi zenean, eskalatzaile honek ez omen zuen zorte handirik izan eguraldiarekin: «Bishopera heldu bezain laster elurrak ongietorri berezia egin zigun. Estres puntu bat izan zen, besteak beste, kamera guztiak prest zeudelako. Egoera aztertu ondoren, erabaki nuen ‘Footprints’ igo ondoren behin betiko erabakia hartuko nuela. Eskalada hori beldurgarria izan zen. Ondoren, ‘Ambrosia’-ra joan nintzen eta banekien bigarren horrekin ez nuela nire xedean atzera egingo. Hezetasun handia zegoen, baina baldintzak ez ziren oso txarrak. ‘Ambrosia’ egin eta loturarekin jarraitu nuen. Zalantzak azaltzen ziren, baina nire kide bati esker lasaitasuna berreskuratu nuen. Haatik, onartu behar dut jarduera guztia oso estresagarria dela».

“Ambrosia”-k energia asko xahutu zion. Hori aski ez, eta elurra hasi zen berriro. Zorionez, minutu batzuetara eten egin zen, baina hotz handia egiten zuen. Une aproposa zen “Too big to flail” igotzeko. Igo eta sinatu. Azken biak zain zituen: “This side of paradise” eta “Evilition Direct”. Aurrekoetan ez bezala, atertu eta bi bloke garai horiek eskalatzeko baldintzak asko hobetu ziren. Kontzentrazioa eta motibazioa ez ziren apaldu, eta Kangek azken bi highball horiekin loturari amaiera eman zion.

Era horretan amaitu zen eskalatzaileak Bishopen egin zuen ekarpen itzel eta berritzailea. Lotura horren inguruko azken hausnarketa egiteko beta hartu du. «Helburu horretan arrakasta izateko makina bat arlo menderatu behar nituen. Eta onartu behar dut meditazioak asko lagundu didala. Non nagoen eta nola sentitzen naizen jakiteko meditatzen dut. Eta horrek zoriontsu egiten nau. Proiektua biribildu nuen egunean aurreneko aldiz esperientzia horrekin egin nuen topo. Nahiz eta beldurgarria, tristea edo frustragarria izan, bizi eta esperimentatu egin nahi nituen. Eta uste dut prozesu hori hasteko era egokiena meditazioa dela. Badakit arriskua muturrekoa dela, baina onartu behar dut hori egiten jarraituko dudala. Hala eta guztiz ere, zintzoki esango dut ez dudala uste hurrengo proiektua hain beldurgarria izango denik», amaitu du kontaketa.