GARA Euskal Herriko egunkaria
OSASUNA

«Oe, oe, oe» leloa bizi-bizi entzun zen atzo Iruñean eginiko harreran

Kopa Madril aldera joan zen larunbatean, baina atzo ongietorri sutsua egin zioten zaleek Osasunari Iruñean. «Osasuna, oe, oe oe» leloa ozen kantatu zuten atzo. Kopa lortu ez arren, taldearen lanaz harro daudela erakutsi zuten berriz ere jarraitzaileek.

Osasunako zaleek jokalariak txaloka hartu zituzten, Iruñeko Udaletxe Plazan. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Larunbatean gauean dagoeneko jakina zen Osasunak ez zuela Kopa irabaziko. Halere, milaka zaleen sostengua izan zuten bai Sevillan bai Iruñean. Iruñeko udaletxean eta Nafarroako Gobernuaren egoitzan egin zieten harrera atzo, eta ehunka lagun bildu ziren karriketan Osasuna animatzeko. Gazte asko ikusten zen gorritxoen zaleen artean, harrobia bizirik dagoen seinale.

Arratsaldeko bostak laurden gutxi inguruan heldu ziren jokalari gorritxoak Udaletxe Plazara autobusez. Ordurako jende mordoa zegoen eta «Osasuna, oe, oe, oe» leloa kantatuz hartu zituzten.

Udaletxeko balkoi nagusian oraindik eskegita segitzen zuen Osasunaren aldeko kamiseta erraldoiak. Alkateak eta zinegotziek egin zieten harrera. Kanpoan «Osasunak ez du inoiz etsitzen» eta «Osasuna ale, ale, ale» kantatuz itxoin zuen jendeak ordu erdi luzez, jokalariak agurtu zain. «Riau-riau» eta guzti entzun zen, Sadarren edo sanferminetan bageunde bezala. Eta, nola ez, «Jagoba Arrasate ooo ooo!!!».

Osasunako presidente Luis Sabalza, entrenatzaile Jagoba Arrasate, kirol zuzendari Braulio Vazquez eta David Garcia kapitaina atera ziren udaletxeko balkoi batetik zaleak agurtzera.

«Kopa ez duzue ekarri, baina harro gaude», bota zuen Enrique Maya alkateak.

ARRASATE: «AMORERIK EZ»

«Kopa honek argi eta garbi erakusten du Osasuna zer den. Inoiz ez dugu amore ematen eta hori beti izango da horrela. Sevillan bizi izan genuenak indar gehiago ematen digu saiakera berri bat egiteko», adierazi zuen Arrasatek udaletxean egin zuten ekitaldian.

Handik autobusa hartu eta Nafarroako Gobernuaren jauregirako bidea egin zuten jokalariek. Han ere ehunka jarraitzaile zituzten zain, lorpena txalo zaparrada batekin eskertzeko.

«Inoiz baino gehiago, gaur Osasuna Nafarroa da. Eskerrik asko, erkidego guztiaren ilusioa bideratzeagatik, eta eskerrik asko, osasunzale guztioi, erakutsi duzuen pasioagatik. Egin duzuen lanagatik harro gaude», adierazi zien Maria Chivite lehendakariak.

«Jendetza pozik ikustea kapitain gisa izan dezakedan pozik handiena da», nabarmendu zuen David Garciak.

BRAULIO, HUNKITUTA

Hunkituta azaldu zen Braulio Vazquez kirol zuzendaria ere. Negarrari eusteko lanak izan zituen.

Ekitaldia amaitu ondoren, Osasunaren ordezkaritza balkoira atera zen Nafarroako Jauregian ere. Chiviterekin batera Nafarroako Parlamentuko presidente Unai Hualde agertu zen. Balkoira atera orduko Jagoba Arrasateren aldeko oihuak nagusitu ziren jende artetik.

Aurtengo Koparenak egin du. Orain, Liga ahalik eta hobekien amaitzea da erronka, hurrengo denboraldian Europan jokatu ahal izateko. Izan ere, Sevillako bidaia Osasunaren historia da dagoeneko, 2005eko Madrilgoa, 2007ko Bordelekoa eta 2000. urteko Gijongoa bezala.

Osasunaren ibilbidean oraindik urrats ugari daude egiteko. Eta, zaleen sostenguarekin, hurrengoan txapeldun gisa egingo diete harrera Iruñean. Dudarik ez.