GARA Euskal Herriko egunkaria
Entrevista
AITOR ELORDI
Pilotaria

«Txapeldun handiek asmatu behar den tartean ezartzen dute aldea»

Aurrelari bizkaitarra ez da «modako pilotaria», baina bai azken urte honetan gorantz gehien egin duena, nahiz eta helburu finkorik gabe abiatu. Elitean sartu da, zalantzarik gabe. Buruz Buruko finalerdietan sartzeko Bilboko Bizkaia pilotalekuan azterketa oso serioa dauka bihar: Unai Laso egungo Buruz Buruko txapelduna.

(Aritz LOIOLA | FOKU)

Mallabiko aurrelaria -Berriatuan jaio arren- pilota munduko albiste pozgarrienetariko bat izaten ari da, berdin dio Lau eta Erdikoan, binaka edo buruz buru frontoi osoan. Buruz Buruko Txapelketako finalerdiak bertan ditu, baina nahitaez 22ra iritsi beharko du Lasoren aurka. Hala eta guztiz, bizkaitarrak Jokin Altuna benetan estu hartu zuelarik Astelenan, pronostikoa zabal-zabalik dago.

Hil ala biziko partida duzu Lasoren aurka, finalerdietarako txartela jokoan. Nola zaude?

Oso gogotsu! Azken batean, txapelketa honetan inolako helburu barik sartu nintzen, azken uneko ezusteko baten ondorioz. Partidaz partida joan naiz, eta konturatzen joan naiz ere uste baino maila hobea ematen ari naizela.

Orain, berriz, finalerdietatik partida bakarrera gaude, eta, beraz, partida oso zaila izango da, azken txapeldunaren kontra izango delako. Baina gurea emateko gai bagara. Aurreko partidetako maila bera ematen badugu, ziur nago aukerak izango direla.

Bi partida oso on jokatzetik zatoz, nahiz eta Altunaren aurka galdu. Hortxe izan zenuen garaipena. Pena, ezta?

Bai... pena. Baina azkenean txapeldun handiek hor markatzen dute aldea. Asmatzea tokatzen den une horietan asmatu egiten dute. Bai, pena handia eman zidan, baina era berean, uste dut gauza on asko ikusi zirela nire aldetik eta horrekin geratu behar dudala.

Galdu arren, txapelketa ona jokatzen ari zara. Horrek lagunduko al du datorren hitzorduari begira?

Bai. Jokinen [Altuna] aurka halako partida ona egiteak beti ematen dizu konfiantza puntu hori, batez ere zeure buruarekiko. Nik uste profesionaletan Jokin dela gaur egun pilotaririk onena; onentsuena bai behintzat. Halako pilotari handi baten aurka horrelako partida egiteak eta bera hainbeste estutzeak zerbait esan nahi du. Ondorioz, ostiralean nirea emateko gai banaiz, uste dut irabazteko aukerak izango ditudala.

Joko aldetik, Binakako Txapelketa irabaztetik ere bazatoz. Ez dakit zure unerik gozoenean zauden...

Hala da! Dena dut lagungarri; adibidez, eskuetatik inolako arazo barik nabil, eta horrek guztiak asko esan nahi du. Pilotariak kantxan bere jokoa erakutsi ahal izateko inongo oztoporik ez badauka eta eskuetatik ondo badago, dena errazagoa izaten da. Gero, gainera, fisikoki eta psikologikoki ere oso ondo aurkitzen naiz. Egia esan, gozatzen ari naiz une hauetan.

Binakakoa irabazi izanak presio gehigarririk suposatu dizu Buruz Burukoari begira?

Lasai nago. Binaka lortu genuen irabaztea eta oso pozik nago alde horretatik. Azken batean txapelketa oso luzea da, eta hainbeste lan eta gero txapela lortzea ez da batere erraza izaten.

Baina orain beste txapelketa batean murgilduta nago. Ez du esan nahi Binakako txapela ahaztuta daukadanik, baina oraingo txapelketan kontzentratuta nago, eta ez dut presiorik nabaritzen.

Aurrean Unai Laso izango duzu, egungo txapelduna. Nolako partida espero duzu?

Tira... Jokatu aurretik partida guztiak ikusten dira zailak eta gogorrak, eta hau ere berdin berdin gogorra izango da. Nik uste Unaik azken urteetan aurrerapauso handi bat eman duela. Erakusten ari da onenetako bat dela. Hiru modalitateetan -Lau eta Erdikoan, Binaka eta pilotaleku osoan Buruz Buru- gaitasun handia du jokatzeko, baina nik nabarmenduko nuke Buruz Burukoa bere modalitate gogokoena dela. Oso eroso aurkitzen da, jokatzeko postura oso onak ditu, sotamanoz eta. Beraz, partida oso gogorra aurreikusten dut, eta orduan nire jokorik onena egin beharko dut aukerak izateko.

Gainera, badakigu Laso nola ateratzen den partidetara. Ez dakit hor egon daitekeen gakoa... Hasierako takada horri eutsi eta partida gogortzea.

Bera hor saiatzen da aurkaria apurtzen. Oso elektriko irteten da partidetara, bai. Altunaren kontrako partidan ere ikusi genuen hasierako fase horretan nola atera zen. Eta nire aurka ere intentzio horrekin aterako dela uste dut, oso esplosibo. Nik nire lekuan egoten saiatu beharra daukat, horretan kontzentratu, momentu batean ere partidatik irten gabe, eta nire mailarik onena ematen ahalegindu.