GARA Euskal Herriko egunkaria
UDALTOP, UDALETAKO EUSKARA ZERBITZUEN TOPAKETA

hezitzaileak erdian, jolasa baino gehiago delako hau

Udaltop, udaletako euskara zerbitzuen topaketako bigarren eta azken egunean hezitzaileek hitza hartu zuten, zutabe inportantea baitira haurrak euskaraz loratu daitezen. Adibidez, Araban Geu elkarteak Foru Aldundiarekin batera begiraleen formazioan egiten duen lana azaldu zuen. «Sinetsi egin behar dugu: aurrera goaz», animatu zuten.

Udaltopen bigarren eta azken egunean hezitzaileek hartu zuten hitza, zutabe inportantea baitira haurrak euskaraz loratzeko. (Gotzon ARANBURU | FOKU)

Aisialdia garrantzitsua da haurrak eta gazteak adinkideen artean sozializatzen direlako. Eta hor eskaini nahi dizkiete arnasguneak. “Bat, bi, hiru... Eskolaz kanpokoa euskaratik eta euskaraz” leloarekin egin da aurtengo Udaltop topaketa, Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kulturunean zein internet bidez. Atzo izan zen bigarren eta azken eguna, eta hezitzaileak izan ziren protagonistak.

Arabako berri ekarri zuten udaletako euskara zerbitzuen bilgunera Aintzane Osak eta Dorleta Martinez de Albenizek. Foru Aldundiko kidea da lehena, Geu elkartekoa bigarrena. Udalekuetan eragin nahi dute bereziki. Intentsitateagatik, leku bereziak dira, barnetegien antzekoak. Disfrutatzera joaten dira haurrak, eta esperientzia luze eta sakonak bizitzen dituzte. «Euskararekin maitemintzea ederra litzateke... ez bakarrik gitarra jotzen duen begiralearekin», bota zuen Osak, jendeari irribarrea eta oroitzapenak ateraz.

«Hezitzaileei gutxieneko hizkuntza maila eskatzen diegu, baina benetako orduan zalantzak izaten dituzte; erdigunean daude, askotan garrantziarekin. Inportantea da haien lidergo gaitasuna sendotzea, baita euskararekiko atxikimendua eta gogoa ere».

Foru Aldundiko euskara zerbitzuak harremanetan jarri ziren horretan aritutakoekin eta adituekin, eta urte anitzeko eskarmentua gida batean jaso, ordenatu eta sistematizatu zuten, begiraleen prestakuntzan baliatzeko.

Formazio saioa eta gida lotuta daude, elkar elikatzen dute. Erakunde publikoak antolatzen dituen udalekuetako hezitzaileei formazio saio hau egiteko eskatzen diete. «Aurtengo saioen egutegia prestatzen ari gara, kuadrilla bakoitzean bana egingo dugu. Begirale eskolan oso gutxi jasotzen dute soziolinguistikari buruz. Gure formazioa 500 bat hezitzailek egin dute. Gutxienekoa da, eta sakontzea nahi genuke, baita zabaltzea ere».

«NO ME GUSTA EL EUSKARA»

Geuko kideak gaineratu zuen hezitzaileak gazteak direla eta sarri ez direla kontziente benetan zer egiten ari diren. Bi orduko formazioaren lehendabiziko zatian testuinguruari erreparatzen diote.

«Euskal Herriko maparekin goaz, eta erdal elebakar gehienak non dauden galdetzean denek erantzuten dute: ‘Araban!’. Erabilera datuak hiriburuetan jartzean, eztabaidan hasten dira eta ‘txikiena Gasteizen!’ esaten dute. Bada, Gasteizek ez dauka erabilera txikiena, ezta elebakarren ehuneko handiena Arabak ere. Uste baino euskara gehiago erabiltzen da, euskaldunak gero eta gehiago gara. Arabarrok sinetsi egin behar dugu: aurrera goaz».

Erabileraren inguruan hausnartzen dute: umeekin erabilera arautu behar da? «Haur bat mina hartuta datorrenean ez gara hasiko ‘baina nola esaten da odoletan ari zarela?’. Akatsak zuzentzea komeni da? Ume batek ‘a mí no me gusta el euskara’ badio, nola jokatuko dugu? Hori ere gertatzen baita. Hezitzaileen artean gauza hauek konpartitzea oso ondo dago. Ideiak ematen dizkiogu elkarri».

EUSKARA ASKO ETA GUSTURA

«Hezitzaileok momentu oro euskaraz hitz egin behar dugu. Haserretzen garenean ere bai, eta batzuetan ez dugu egiten. Gauza horietan ere eragin behar da», aipatu zuen Martinez de Albenizek.

Haurrak solasean ari direla, eurengana hurbildu eta jolas batez ari badira, horren inguruan sor dezake hezitzaileak elkarrizketa. «Ez gara beti agintzen ariko; euskara ez da bakarrik agintzea, ondo pasatzea ere bada».

Hizkuntza errutinak dira bertze puntu inportante bat: «Imajinatu ume batek zailtasunak dituela euskaraz hitz egiteko, esaera bat asmatzen badugu eta goizero errepikatu, horrekin ondo sentituko da. Errepikatuz hizkuntza ohituretan eragin dezakegu».

Hizkuntza jolasak baliatzen dituzte. Betiko jolasak moldatzen dituzte hizkuntza txertatzeko. Zapiaren jolasa, adibidez. Euskara ardatz duten jarduerak ere egiten dituzte: antzerkia, asmakizunak, karaokea... «Umeek euskara asko eta gustura egitea nahi dugu. Zuzentzeko eskola dago». Udalekuetan gozatzea eta euskaraz bizipen positiboak izatea da helburua.

DINDAIA FUNDAZIOA

Arabatik Nafarroa Garaira joko dugu. “Aisialdia eta euskara, hori gara gu”. Hala definitu zuen Esther Lakasta Perez Ilzarbek Dindaia Fundazioa.

«Ezin da fundazioa ulertu Rikardo Ederraren figura aipatu gabe. Nafarroako euskalgintzan izen handiko pertsona izan zen». Bere kezka batetik abiatuta jaio zen Dindaia 2004an, aisialdian kalitatezko euskarazko eskaintza egiteko xedez. Kalitatea ekintzetan eta lan baldintzetan ere bai.

2007an hil zen Ederra eta Dindaiako kideek omenaldirik onena egin zioten: bere lanarekin jarraitzea. Gaur egun ehun langile ari dira.

Eskolaz kanpoko ekintzak antolatzen hasi ziren guraso elkarteekin. Berehala sentitu zuten formatzeko beharra, eta horri ere ekin zioten. Aixe Aisialdia izan zen abiatu zuten lehen proiektua. «Bertan, eskaintza erakargarria eta berritzailea egiten saiatzen gara. Xamariko Egunean erakusten dugu dena, eskolaz kanpoko ekintzen topaketa egunean. Xamarikok Rikardo irudikatzen du guretzat. Bera omentzeko eta egiten duguna erakusteko eguna da. Guraso eta haurrak elkartzen dira eta jendetsua izaten da».

Eskaintza zabala dute HH, LH eta DBHrako: musika eta dantza, artea eta sorkuntza, kirola, baliabide digitalak eta hizkuntza ekintzak (hizkuntza zailtasunak dituztenei zuzenduak). Gehienbat Iruñean eta Iruñerrian aritzen dira.

«GOGOKO TOKIAN ALDAPARIK EZ»

Begiraleen formazioan, ekintzak erakusteaz gain -zinea eta yoga, errate baterako, gero horretan aritzeko- hizkuntza hobetzeko baliabideak ematen dituzte. «Izan ere, D eredutik etorritako begirale askok badugu hobetzeko tartea euskara mailan».

Begirale berrientzat formazio berezia dute, egonaldietarako ere bai. Horrez gain, materiala sortzen dute.

Ludotekak antolatzen dituzte, kanpaldiak, festak kalean, gurasoekin formazioak, jolasak... «Pandemiaren ondorioz, kasik ixteko zorian egon ginen. EBETEk salbatu gintuen, sarean proiektu bat egiteko aukera emanez: Euskaraz kilika».

Guztira ia 12.000 haur eta gazterekin aritu zen Dindaia Fundazioa 2022an. «Ekintza xirimiri horretan, gozamena eta euskara lotzen saiatzen gara. Ia 20 urteotan hasierako asmoa errotu egin da».

Horra arrakastarako gakoak: «Talde bat gara, sormen handikoa, denok dugu hitza, eta aurrera egiten dugu beldurrik gabe. Bestetik, elkarlanean ari gara, denon artean eta denok norabide berean, saretuta. Egokitzeko ahalmena dugu: padela eskatzen badigute, hori eskaintzen dugu. Eta, batez ere, gogoko tokian aldaparik ez! Egiten dugunarekin gozatzen dugu».

KIROLA EUSKARAZ AHOAN

Nafarroa Beheretik Antton Sychalek eta Lorea Etxeberriak “Kirola euskaraz ahoan” ekimena partekatu zuten. Hasiberriak dira, irailean ekin zioten bideari, eta gustura daude egitena ari diren urratsekin.

«Asmoa da kirol kolektibo bat eskaintzea haurrei euskaraz. Bost kirol ezberdin egiten ditugu urte batez. Norabide lasterketarekin hasi ginen, Kin Ball-a probatu genuen gero, baloi handi batekin talde baloreak lantzen dituen kirola, zirkua eta borroka jokoa egin genituen; orain futbola lantzen ari gara eta azkena BTTa izango da», esplikatu zuten.

Momentuz bi talde dituzte, 6 eta 11 urte bitarteko haurrekin, eta ez dute baztertzen ttikiagoekin ere ahalegintzea.

Ohartu ziren ez zegoela halako eskaintzarik ez Nafarroa Beherean eta ez Zuberoan; hor bazen hutsune bat eta hori betetzeko intentzioarekin ari dira. Erregularki biltzen dira, astean behin.

Erantzun baikorra izaten ari dira. «Ortzaize, Baigorri eta Donibane Garazi inguruan egiten dugu, eta badugu nahia beste tokietan ere halako proiektuak sortzeko. Donapaleun eta Itsasun mintzatzen egon gara, eta badirudi zerbait mugitzen ari dela», adierazi zuten, pozik.

BARRETARTIA

Bi eguneko jardunaldia umorez bukatu zuen Udaltopek, Mirari Martiarenaren eta Idoia Torregarairen “barretartia”-rekin. Lehenak aitortu zuen “Hola don Pepito, hola don Jose” kantari ibili zela bi urteko iloba azpeitiarrarekin. «Munduko herri euskaldunena da, UEMAren bulegoak han daude, hor akatsen bat badago».

Bigarrena «pantailen ugalketak» arduratzen du. «Ura noiz edan esaten duten erlojuak ere badira. Xurgatu egiten gaituzte eta %90 erdaretan kontsumitzen dugu». Bikoteak metodo eraginkor bat aurkeztu zuen primizian, euskara salbatzeko: Doraemon metodoa.