Asier AIESTARAN
PILOTA

Hirutik hiru irabazita, Altuna finalerdietara

Altuna eta Elezkano, atzo, Labriten.
Altuna eta Elezkano, atzo, Labriten. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Jokin Altuna ligaxkako hiru partidak irabazita iritsiko da datorren larunbatean Joseba Ezkurdiaren aurka jokatuko duen Buruz Buruko Txapelketaren finalerdira. Atzo Labriten 12-22 menderatu zuen Danel Elezkano eta, ohoreaz aparte jokoan ezer ez zegoen arren, amezketarrak irudi ona emanda eta sentsazio onekin amaitu zuen final-laurdenetako bere ibilia.

Hasieratik ikusi zen kantxan ez zegoela beste batzuetako tentsiorik. Bi pilotariak tantoa azkar amaitzeko asmoz irten ziren; Altunaren kasuan, gorputzari pasada handirik ez ziolako eman nahi, eta Elezkanoren kasuan, esker eskuarekin arazoak izaten ari delako aspalditxoan.

Tiki-taka azkar horretan Zaratamoko aurrelaria izan zen protagonista nagusia: berak egin zituen tanto aipagarrienak zabalean -dejada, bolea goxo utzita, ezkerrez irekiz...-, baina baita huts dezente ere -zorte txarreko bi txapa tartean-. Etengabeko berdinketak izan ziren 5-5era arte.

Altuna sakearekin gehixeago asmatzen hasi zenean, tarte txiki bat ireki zuen (5-10), jokoan ere nagusitzen hasia zelako ordurako. Baina Elezkano gai izan zen 8-10era hurbiltzeko, sakez bi tanto eginda.

Dena den, amezketarra nagusitasuna inposatzen hasia zen piloteoan, eta zuloa gero eta handiagoa bilakatzen joan zen. Zabaletik bikain bildutako pilota batekin egin zuen 8-11koa, eta hortik aurrera gipuzkoarraren erakustaldiak ez zuen erantzunik aurkitu.

«Ez da jakiten noiz hartuko duzun kolpe txarren bat. Garrantzitsua zen ezbeharrik gabe amaitzea», ospatu zuen Altunak.