Iraitz MATEO
GIPUZKOA • EH BILDU, ERREPIKATZEKO PREST

Errenteria: elkarbizitzaren matazan, hari berrien bila

Maiatzaren 28aren ostean Errenteriako Udalean gerta daitekeena ziurgabea da gaur-gaurkoz. Alkatetzan hamar urte baino gehiago daramatza EH Bilduk, baina aldaketak etor daitezke. Elkarbizitza ulertzeko era zabaldu eta sakondu dute azken urteetan. Gobernantza eredua da hauteskunde hauetako eztabaida nagusietako bat.

EH Bilduk jarraitu zuen 2019ko legegintzaldian udalerriko buru; Mendozak Otaegiri eman zion erreleboa.
EH Bilduk jarraitu zuen 2019ko legegintzaldian udalerriko buru; Mendozak Otaegiri eman zion erreleboa. (Gorka RUBIO | FOKU)

Historikoki buruzagitzan izandako joera eten eta 2011n aldatu zen Errenterian; eta ez dago argi joera berri baten aurrean gauden edo ez. 2010eko hamarkada arte PSE-EEk gidatzen zuen udala, eta harrezkero EH Bildu egon da buru. Ezkerreko ikuspegiak nora joko duen da ziurrenik galdera ikur nagusia: EH Bildu-Ahal Dugu egun gobernatzen duen blokera, edo PSE-EEk aurreikuspenen arabera EAJrekin osatu beharreko gobernantza taldera. Zenbait zerrendaburu errepikatzen dira, eta beste batzuk, aldiz, berriak dira. PSE-EEren hautagaia, egun udaleko bozeramailea den Isaac Palencia gaztea da; EAJren alkategaia, Elixabete Murua, egun zinegotzi dena; Ahal Duguk zerrendaburua aldatu eta Maite Gartzia jarri du; eta EH Bildurena, egungo alkatea den Aizpea Otaegi. Antonio Vicente aurkeztu du PPk hautagai nagusi gisa.

Urte luzez, 1983tik hain zuzen ere, Euskadiko Alderdi Sozialistak gobernatu izan du Errenteriako Udala. EH Bilduren eskutik Julen Mendozarekin iritsi zen aldaketa 2011. urtean. Bizikidetzaren gaiak markatu zituen Mendozaren bi legegintzaldiak. Euskal Herriko gatazka politiko armatuak sortutako ondorioen konponbidearen bidean eta bizikidetza sustatzeko, alderdi eta biktima ezberdinekin osatutako taldea sortu zuten; 2012an prozesu bat zabaldu zen udalaren eskutik, eta komunitate ezberdinak elkartzearen garrantzia izan zen ondorio nagusienetakoa.

Aizpea Otaegik hartu zion erreleboa alkatearen aginte makilari, eta esan daiteke bizikidetzaren gaiari jarraipena eman diola, baina ikuspegia are gehiago zabalduta. Hau da, bizikidetza gatazka armatuaren prismatik Errenterian habitatzen duten komunitate eta gizarte esparru ezberdinetara zabaltzea izan zen udalaren apustua; beste esanahi bat erantsiz lehendik herriarekin batera ospetsu egin zen «bizikidetza» terminoari. Bizikidetza eta ongizatea hobetzeko asmoz, 2015az geroztik gizarte zerbitzuetan gehien inbertitzen duen udalerria da Errenteria. 2019an jaso zuen gizarte kohesio eta justizian gehien inbertitzen duen herriaren «bikaintasun» saria. Herritar bakoitzeko 275,74 euro inbertitzen ditu udalak.

KULTURARTEKOTASUNA ETA PARTE HARTZEA

Azken urteetan garatzen eta zabaltzen joan den herria izan da Errenteria, proiektu berritzaileak sortu ditu, baina izan da korapilo eta eztabaidarik ere bakoitzaren ulerkeren artean. Lekuona eraikina izan da eztabaida sortu duen proiektuetako bat. Ekosistema kulturala bultzatu eta sortzaileentzat aterpea izateko sortu zuten udalaren arabera, kulturartekotasuna sustatu eta herritarrentzako espazio gisa. Abian jarri zenetik kritikatu du PSE-EEk: «gutxiegi» programatzen dela eta ordutegi zabalagoa izan beharko lukeela. Garraio publikoaren gaia ere korapilatsua da Errenterian, eta hurrengo urteetan trenbidea lurperatu edo ez eztabaida mahai gainean egongo da.

Datorren legegintzaldiari begira, eskaintza eta proposamen ezberdinak jasotzen ditu alderdi bakoitzak, auzuneak biziberritzearekin eta zerbitzu publikoekin loturan asko. Baina bada erdigunea hartzen ari den eztabaida bat: gobernantza eredua. Herri behatokia martxan jarri zuten joan den urtean, lagin konkretu bat osatuz, ausaz herritarrak gonbidatu zituzten udalak hartutako konpromisoen eta egindako urratsen arteko jarraipena eta balorazioak egiteko eta hobekuntzak proposatzeko. Zeri eman behar zaion jarraipena, zer indartu eta zer aldatu, hori da oraingo zalantza.

EH Bilduk herri behatokian sinesten du, eta hori bultzatu nahi du; berrikuntza modura, landa eremuko zinegotzia proposatzen du. PSE-EEk, aldiz, bi ereduen talka aurkezten du: «Etorkizuneko eredua aurkezten dugu sozialistek, eta EH Bilduk iraganekoa, jada geldialdi batean dagoena». EAJk, bere aldetik, udalerri «integratzaileagoa eta inklusiboagoa» garatzeko konpromisoa aurkeztu du: «Gobernantza irekia eta elkarlanekoa».

Joko zelai politikoan, beraz, jokalarien araberako aldaketa nabarmenak egon daitezke lidergora iristeko. Hilaren 28an bozka gehien jasotzen dituenak ez du ziurtatuta izango udal taldea osatzea, elkartuko diren alderdien arabera osatuko baita gehiengoa, aurreikuspenak ezaguturik.