Haritz LARRAÑAGA
DONOSTIA
SURFA

India Robinson eta Samuel Pupo nagusi Challenger Series itzuliko lehen proban

Challenger Series itzuliko lehen proba Australian egin da asteburuan eta India Robinson australiarra eta Samuel Pupo brasildarra izan dira txapeldunak. Ariane Ochoa, Pauline Ado eta Adur Amatrian bigarren errondan kaleratu zituzten.

Finalistak oholtzan: Imaikalani De Vaut, Samuel Pupo, India Robinson eta Sawyer Lindblad. Ondoko argazkietan, Robinson (goian) eta Pupo (behean). Eskuineko orrialdean, goian, Snappers Rockeko urautsia eta behean, Sawyer Lindblad.
Finalistak oholtzan: Imaikalani De Vaut, Samuel Pupo, India Robinson eta Sawyer Lindblad. Ondoko argazkietan, Robinson (goian) eta Pupo (behean). Eskuineko orrialdean, goian, Snappers Rockeko urautsia eta behean, Sawyer Lindblad. (WORLDSURLEAGUE.COM)

Challenger Series itzulia Australian hasi da eta, olatuak txikiak izan arren, sekulako maila izan zen iragan larunbatean amaitu zen txapelketan. Horrela, Gold Coasteko Snapper Rocks urautsi mitikoan lehiatu ziren lehen mailara igotzeko norgehiagoka ari diren surflariak, eta Samuel Pupo brasildarra eta India Robinson australiarra nagusitu ziren.

Gold Coasten izan ziren bigarren mailara igotzea lortu duten surflariak, bai eta CT itzulitik berriki kaleratuak izan direnak ere. Guztiek helburu bera dute, lehen mailara igotzea, eta horien artean dira Euskal Herriko hiru surflari: Ariane Ochoa, Pauline Ado eta Adur Amatriain.

Teknikoki ongi aritu ziren arren, euskal ordezkarietako inork ez zuen lortu bigarren erronda gainditzea; izan ere, CS itzuliko maila izugarria da, baina denboraldia hasi besterik ez da egin eta hurrengo aukera maiatzaren 17an Sydneyn hasiko den txapelketan izango dute.

ROBINSON ETA PUPO

CT itzulian kanporaketak egiten dira sasoi erdian eta horren ostean hasten dira bigarren mailako Challenger Series txapelketak, hurrengo urtean lehen mailara igoko diren surflari berriak sailkatzea helburu dutenak. Aurtengo CS itzulia sei txapelketak osatzen dute eta Gold Coastekoa lehen txapelketa izan da.

Bigarren mailara igotzea lortu zuten 80 mutil eta 48 nesken ondoan, lehen mailatik kaleratuak izan diren surflariak ere izan ziren Gold Coasten; hortaz, sekulako maila izan zen, baina olatuek ez zuten lagundu; olatu politak izan ziren, garbiak, baina txikiak, metro ingurukoak. Ondorioz, baldintzak egokiak direnean itzelezko eskuin olatu luze eta borobilak izaten diren lekuan edozein hondartzatan izan daitezkeen olatu arruntak izan ziren; hau da, ibilbide ertainekoak eta ahulak.

Baldintzak, ordea, denentzat berberak ziren eta azkenean India Robinson, 22 urteko australiarra, eta Samuel Pupo, berriki lehen mailatik kanporatu duten brasildarra nagusitu ziren; garaipen horiekin CS rankingeko lehen postuan ezarri dira.

Sawer Lindbald estatubatuarra eta India Robinson australiarra jardun ziren nesken finalean buruz buru. Robinson lehen mailatik kaleratua izan zen; beraz, ez zen ezezaguna, baina bere aurkari estatubatuarrak final garrantzitsu batera iristen zen lehen aldia zuen. Robinsonek hasieratik hartu zuen mendean aurkaria eta alde handiz nagusitu zen.

Bere bi olatu onenekin 10,17 puntu bildu zituen Robinsonek, eta Lindbaldek, ostera, 10,17 puntu bildu zituen. Horrela, lehen eta bigarren postuan geratu ziren eta, aldi berean, nesken CS rankigneko lehen eta bigarren postuak ere eskuratu zituzten.

«Iaz kanporatua izan ostean, nire osasunaz arduratzeko hona etorri nintzen eta denbora asko pasa nuen hemen surf egiten, eta uste dut horri esker lortu dudala emaitza hau. Eromena da, sinetsi ezinik nago, baina egiaz banekien lor nezakeela», azaldu zuen Robinsonek.

Mutilen finala antzekoa izan zen; lehen mailatik kaleratutako lehiakide bat eta oraindik ezezaguna den surflari gazte bat izan ziren azken txandan. Nesketan bezala, eskarmentu handiena zuen lehiakidea nagusitu zen, eta alde handiz, gainera.

Samuel Pupo bikain aritu zen; aireko reverse ikusgarri bat ere egin zuen, eta, horrela, bere bi olatu onenekin 15,10 puntu bildu zituen. Aitzitik, Imaikalani De Vaut hawaiiarrak olatu on bakarra egin zuen, ez zuen bigarren olatu duin bat hartzea lortu, eta guztira 7,33 puntu bakarrik lortu zituen.

CT itzulian denboraldiaren erdian egiten den kanporaketen ostean bigarren mailara jaitsi ziren hamabi gizonetako bat zen Pupo eta horrela mintzatu zen: «Jainkoak badu beti plan bat. Duela bi aste kaleratua izan ostean oso gaizki pasatzen ari nintzen, eta orain txapelketa bat irabazi dut, Narrabeenera joan eta nire onena emateko irrikan nago».

CS ITZULIA HASI DA

Iaz baino lehiakide gutxiagok osatzen dute aurten nesken zein mutilen Challenger Series itzulia. Mutilen kategorian iaz 96 lehiakide ziren eta aurten 80 lehiakide dira; nesken kategorian, ostera, 64tik 48ra jaitsi da lehiakide kopurua. Hala ere, badira bigarren mailara igotzea lortu duten hiru euskal surflari: Ariane Ochoa bilbotarra, Pauline Ado hendaiarra eta Adur Amatriain zarauztarra.

Euskal ordezkariek ez zuten zorte handirik izan; bigarren errondan kaleratu zituzten guztiak, baina indartsu daudela ere erakutsi ahal izan zuten eta oraindik beste bost aukera izango dituzte rankingean gora egiteko. Momentu honetan 17. postuan daude Ado eta Ochoa. Amatriain, ostera, 49. postuan dago, mutilen txapelketetan erronda gehiago egiten baitira neskenetan baino.

Sei lehiaketak osatzen dute aurtengo CS itzulia eta lehiakide bakoitzak eskuratutako lau emaitza hoberenak hartuko dira kontuan. Horren ostean, mutilen rankingeko lehen hamar lehiakideak eta nesken rankingeko aurreneko bost lehiakideak izango dira 2024ko CT itzulian parte hartzeko txartela eskuratuko dutenak.

Aste honetan bertan hasiko da CS itzuliko bigarren txapelketa Sydneyko Narrabeen hondartzan. Uztailean Hegoafrikan eta Kalifornian izango dira CSko lehiakideak, eta urrian Portugal eta Brasilen lehiatuko dira.