GARA Euskal Herriko egunkaria
ARABA • PEDRO SANCHEZ PSOEK GASTEIZEN EGINDAKO EKITALDI BATEAN

ETAz baino ez hitz egitea aurpegiratu dio Sanchezek eskuinari Gasteizen

Pedro Sanchez, atzo, Gasteizen. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

«Zer erantzuten du PPk Espainiako hazkunde ekonomikoaren aurrean? ETA. Eta lan erreformaren aurrean? ETA. Eta pentsioen balioa handitzearen aurrean? ETA». Hitz horiekin gaitzetsi zuen atzo Gobernu espainoleko presidente eta PSOEko idazkari nagusi Pedro Sanchezek hauteskunde kanpaina honetan Alberto Nuñez Feijooren alderdiak hartu duen jarrera.

Gaiari aipamen zuzenik egin gabe, horrela mintzatu zen Pedro Sanchez, Lakuako frontoian egin zen ekitaldian, EH Bilduren hauteskunde zerrenden gainean piztu den eztabaidaren inguruan. Esan zuenez, «eskuinak eskaintzeko ezer ez duen bakoitzean eta hauteskundeak galdutzat ematen dituenean, betiko erabiltzen du ETAren argudio bera, ez du hutsik egiten». Maiatzaren 28ko bozetarako lasterketan ere gauza bera gertatzen ari dela gaineratu zuen.

PSOE eta PSE Madrilgo eta Lakuako gobernuetan zeudela ETA «garaitu» izana ezin duela jasan leporatu zion PPri, eta hortik aurrera espainiar Exekutiboak eginiko lana goraipatu zuen Sanchezek, «politika baliagarria» aldarrikatuz. Egoera ekonomikoaz mintzatu zen bereziki, eta Europar Batzordeak Estatu espainolaren inguruko aurreikuspenak hobetu dituela nabarmendu zuen.

Sanchezen «erabateko babesa» duten Maider Etxebarria eta Cristina Gonzalezekin batera, Eneko Andueza ere izan zen frontoian. PSEko idazkari nagusiak azpimarratu zuenez, datozen hauteskundeetan «jendeak aukeratu egin behar du Arabako Mahastiak bezalako proiektu zatikatzaileen eta Cristina Gonzalezen artean».

Bi hautagaiek, bestalde, PPren nahiz EH Bilduren «muturreko politiken eta erradikalismo nazionalistaren aurrean» PSE «aukera bakarra» dela nabarmendu zuten. Etxebarriak, gainera, argi utzi zuen «hiri osoaren alkatea» izan nahi duela eta ez soilik atzo frontoian bildu zirenena.

BI NEURRI

Estatu espainolean berehala martxan jarriko dituzten bi neurri ere iragarri zituen Sanchezek. Minbizia izan duten pertsonek bost urtean behin berritu beharko dutela gidabaimena eta %45etik gorako desgaitasuna dutenek pentsioa jasotzen hasteko epea bost urtera jaistea.