Maider IANTZI GOIENETXE
EMAUS FUNDAZIOA

Ekonomia zirkularrean eta gizarteratzean aitzindariak

Ehun-hondakinen arazoa eta bigarren eskuko arroparen merkatuaren hazkundea pil-pilean dauden gaiak dira. Baina Emaus Fundazioak 42 urte darama ekonomia zirkularra bultzatzen, eta, gainera, gizarte bazterkeria egoeran dauden pertsonentzat enplegua sortzen du. Bi denda berri irekiko ditu Errenteria eta Hernanin.

Lerro hauen azpian, Marian Parga ehunen arduraduna, Irungo Ekocenterren. Bigarren orrialdean, Olaia Biurrun gizarteratzeko laguntza teknikaria, Donostiako denda batean.
Lerro hauen azpian, Marian Parga ehunen arduraduna, Irungo Ekocenterren. Bigarren orrialdean, Olaia Biurrun gizarteratzeko laguntza teknikaria, Donostiako denda batean. (Gorka RUBIO - Maialen ANDRES | FOKU)

Emaus Fundazioak egiten duen ekonomia zirkularraren prozesu osoa ikus daiteke Irungo Ekocenterrean, Arretxe gainean, objektuak soberakin edo hondakin gisa iristen direnetik dendan saltzen diren arte. Jantzi, etxetresna elektrikoak, altzari, jostailu, liburu... erabiltzen dugun zernahiren bizitza luzatzen dute, jada guretzat balioa galtzen dutenean. Marian Parga oihalen arloko arduraduna da, berrikuntzako teknikaria. Bi urte eta erdi baino ez darama Emausen eta bere pasioa deskubritu du. «Jendeak gehiago ezagutu behar gaitu. Ateak zabalik ditugu etorri nahi duenarentzat», egin du gonbidapena. Aitzindariak dira. Parisen jaio ziren duela 42 urte, eta 44 herrialdetan daude. «Kanpoan erreferente gara, hemen ez», esan du penaz. Baina poliki-poliki aldatzen ari da hori. Jada «ez da pobreen kontua, jende kontzientziatuarena baizik».

Fundazioak kontzientziazioa bultzatzeko ere lan egiten du, “murriztu, berrerabili, birziklatu” leloarekin.

%22 IGO DA BIGARREN ESKUKO ARROPAREN SALMENTA

2019tik Emaus Gipuzkoan. Faktore ugari aipatu ditu Pargak hori azaltzeko: covidaren pandemia, klima larrialdia, Ukrainako gerrak eta inflazioak ekarritako prezioen igoera...

Emaus irabazi asmorik gabeko fundazioa da eta enplegua sortzen du bazterkeria egoeran dauden lagunentzat. Horretan bereizten da negozioa egiten duten eta Interneten ugaritzen ari diren bigarren eskuko dendetatik. Emaus Gipuzkoan 68 langile ari dira oraintxe, eta horietatik erdiak baino gehiago bazterkeria soziala jasateko arriskuan dauden pertsonak dira. Horiek prozesuaren hiru zatietan hartzen dute parte: bilketan, sailkapenean eta dendan.

Kamioiek deskargatzen duten tokian hasten da dena. Egunero bost tona oihal ailegatzen dira. 2022an, 1.300 tona oihal bildu zituzten orotara. Arrasateko, Tolosaldeko eta Urola Kostako mankomunitateak dira beren iturriak, baita emaileak ere. Adibidez, etxea hustu nahi duenak deitu, eta bisita bat egiten dute. Aurrekontua prestatu eta egun bat adosten dute gauzak bildu eta eramateko. Enpresa eta saltokietako edukiontzietatik ere jasotzen dute materiala.

BIDE OSOA DIGITALIZATUTA

Kaioletan iristen zaizkie gauza guziak nahas-mahasean. Pisatu egiten dituzte, eta gero zinta garraiatzailean husten eta sailkatzen joaten dira: lehen mailakoak, bigarrenekoak, oinetakoak, bolumen handikoak... «Bide osoa digitalizatzen dugu, oso garrantzitsua da hori zenbat birziklatzen dugun jakiteko, energia baloratzeko... Kontainerretan sentsoreak jartzen ari gara. Horrela, noiz betetzen diren ikusi eta orduan bidaltzen dugu kamioia, alferreko bidaiarik ez egiteko».

Marta antzinako objektuetan aditua da, irakurzale amorratua. Sailkatze lanetan ari da. Sinatutako eskulturak, margolan onak, baxera osoak, XVIII. mendeko liburuak... Balioa izaten segitzen duten gauzak pasatzen dira bere eskuetatik.

Goiza sailkatzen ematen dute langileek, eta bazkalondoren sekzioz aldatzen dira. Arropa tolestu, eta sailkatutako gauzak kutxetan sartzen dituzte Internet bidez eskariak ailegatzen zaizkienean dendetara bidaltzeko.

Altzari zirkularrak dira hemengoak, behar izanez gero margotu eta moldatu egiten dituzte eta. Pertsona bat arduratzen da horretaz eta lanpostu bat sortzen da horrela.

BI DENDA BERRI

Prozesuaren azken urratsa denda da. Egindako lanaren emaitza kalitatez eta merke saltzen dute bertan. Erran digutenez, gehienbat jantziak eta etxeko gauzak eskuratzen ditu jendeak.

Bi denda dituzte Donostian (Garberakoa itxi egin dute), bat Arrasaten (etxetresna elektrikoetan espezializatua) eta bertze bat Irunen, Ekocenterrean bertan. Bertze bi irekiko dituzte Errenterian eta Hernanin maiatza eta ekaina bitartean. Sei lanpostu sortuko dituzte, erdiak bazterketa egoeran dauden langileentzat.

Horretaz gain, udaberrian armairu aldaketa jasangarria bultzatu nahian ekintzak egiten ari dira denda sarean. Errate baterako, arropa batzuk pisura saltzen dituzte aski merke.

BERRIKUNTZA ETA GARAPENA

Ingurugiroari mesede egiten dio fundazioak. Berrikuntza taldean hainbat proiektutan dabiltzala kontatu digu Marian Pargak. «Berrikuntza eta garapena egiten dugu tokiko eragileekin. Oso lokalak gara. Adibidez, haurren kotxeetako aulkien materialarekin txakurrentzako arnesak egin ditugu. Merkatuko bakarrak dira isofix sistema dutenak».

Bertze egitasmo batean, jostailuen plastiko birziklatuarekin txakurrentzako janlekuak egiten ari dira. Eta oihalak eraikuntzarako isolatzaile gisa ere erabiltzen dituzte.

BIGARREN KUTSATZAILEENA

da oihalena. Ozeanoetan barreiatutako mikroplastikoen %20 oihaletatik datoz. Tindagaiak ere hagitz kutsakorrak dira eta jantziak urrunetik ekartzen ditugunean CO2 ugari isurtzen da. Sarri baldintza penagarrietan josten dituzte emakumeek, baita umeek ere. Gainera, zenbat eta gehiago erosi, orduan eta hondakin gehiago sortzen dugu.

Berrikuntza-teknikariak azpimarratu duenez, moda azkarra hazten ari da, eta min handia egiten du. «Elkartzeko borroka egin behar dugu, fast fashionaz ahaztu. Araudiak behar ditugu, arropen bide osoa kontrolatzeko», defendatu du. 2025ean oihalen kontainerra ezarriko dute legez. Orain denetarik sartzen da ehunen edukiontzian, baina hori aldatu eginen da.



Talentua garatzeko bidean lagun

Gizarteratzeko ezinbestekoa da akonpainamendua. Horregatik, Emausen zutabe handi bat dira laguntza teknikariak. Horietako bat da Olaia Biurrun. Donostiako Mundaizeko dendan harrapatu dugu. Bazterketa soziala sufritzen duten pertsonei, lana eskaintzeaz gain, akonpainamendua egiten diete Emausen ematen duten denboran (gehienez hiru urte). «Helburua da ohiko lan merkatura atera eta beren egoera hobetzea».

Askotariko zailtasunak izaten dituzte: aunitz gutxieneko laguntza kobratzen duten pertsonak dira, bertze aunitzek denbora luzea daramate langabezian, badira espetxetik datozenak, eta migrazio prozesuetan daudenak, paperak ezin lortu. «Eguneroko lana aurrera eramaten laguntzen diegu, protokolo bati jarraituz. Horretaz aparte, zailtasunak ezberdinak direnez, bide bat egiten dugu pertsona bakoitzarekin».

Nahi baino gizarteratze apalagoa

«Ideala hiru urteak agortu aurretik atera eta hobetzea litzateke. Saiatzen gara horretarako prestatzen, enpresekin kontaktuan, baina pertsonaren eta merkatuaren arabera da».

Emausen jarduera ekonomiko guztia lanpostuak sortzera bideratua dago. Oraintxe bertan 42 pertsona daude bazterketa egoeran daudenentzako kontratuarekin Emaus Gipuzkoan, eta lanpostu gehiago sortzea dute xede.

Lotura sortu eta aldaketa eragin

Arlo sozialeko ikasketak dituzte gizarteratzen laguntzen duten teknikariek. Olaia Biurrun psikologoa da. «Oso harreman estuak sortzen dira langileekin. Beren bizitzan inportanteak izan daitezkeen alderdiak lantzen ditugu eta gure artean sortzen den lotura ezinbestekoa da aldaketak eragin eta duten ahalmen guztia garatzeko».

Duela urtebete pasa hasi zen Emausen eta bere esperientzia hagitz ona da: «Gutxinaka helburu batzuk lortzen dituztela ikusten duzu. Lan bat eskaintzea oso positiboa da beren bizitzan. Gehien gustatzen zaidan zatia pertsonekin sortzen den lotura eta horrek eragiten dituen aldaketak dira. Trabak ugariak dira baina xedea bera da: enplegagarritasuna hobetzea eta ahalmena garatzea. Denek dute talentu handia».

Langileen adina hagitz zabala da, 18 urtetik erretirorainokoa. Nahiko parekatua da gizon eta emakumeen kopurua ere. Psikologoak erantsi duenez, prozesu hauetan funtsezkoa da bertze figura bat, erreferenteena. Postuan bertan aritzen dira lanean, taldea dinamizatzen, zailtasunak konpontzen eta erakusten.