GARA Euskal Herriko egunkaria
KOALIZIOAREN KONTRAKO OLDARRALDIA • DIGNIDAD Y JUSTICIA TALDEAK SALAKETA JARRI ZUEN

Fiskaltzak ez du arrazoirik ikusten EH Bilduko hautagaien kontra jotzeko

Dignidad y Justicia muturreko taldea EH Bilduren hautagaien aurkako jazarpen mediatikoa eta politikoa bide penalera eramaten saiatu da, baina Fiskaltzak bide hori itxi dio, eta hautagai guztiak hauteskundeetara aurkezteko moduan daudela adierazi du. Hautagaitzen legezkotasuna hauteskunde batzordeen esku dagoela ere gogoratu dio.

Dignidad y Justicia elkarteko buru Daniel Portero. (Alberto PEREZ MECA | FOKU)

Fiskaltzak ondorioztatu du Espainiako Auzitegi Nazionalak bere garaian zigortutako EH Bilduko 44 hautagaiei ezarri zitzaien zigor osoak beteta dituztela eta, beraz, ez dagoela arrazoirik M28ko udal hauteskundeetara aurkezten ez uzteko. «Ez dago zirkunstantziarik hauteskundeetara aurkeztea eragozten dienik», dio hedabideetara igorritako oharrak. Ministerio Publikoaren arabera, «ez dago hautatuak izateko eskubidea urratzeko zantzurik».

Lau orrialdeko testu batean Fiskaltzak adierazi du «salaketaren azterketa zorrotza egiteko, berariaz aipatzen diren kondenatuen orri historiko-penalak» bildu dituela, eta, ondorioztatzen duenez, aztertu eta gero «ez da ikusten inolako zirkunstantziarik dagoenik hautaezintasun kasu baten aurrean gaudela antzemateko». Gaineratzen duenez, salaketan aipatzen diren gertakariek ez dute «garrantzi penalik edo ez dira mota horrelako ekintza ez-zilegi bat». «Horrenbestez, aipatutako pertsonen aurrekari penalak ikusita, salatutako egitateak zigor arloan ohikoak ez direla uste da», gehitu du oharrean.

Bereziki seinalatutako hautagai horietako zazpik karguak hartuko ez dituztela iragarri eta biharamunean jakin da Fiskaltzaren erabakia. Egunkari honetara igorritako oharrean, besteak beste, hautagai izateko haien legitimitatea defendatzen dute aipatu lagunek, baina alde batera egiteak bakearen eta bizikidetzaren alde egiten duela irizten diote.

ILEGALIZAZIO PROZESUA ABIATU

Dignidad y Justiciak hasieran jarritako salaketa hori zabaldu zuen iragan astelehenean, eta, hautagai horien aurka jotzeaz gainera, Fiskaltzari EH Bilduren ilegalizazio prozesua hasteko eskatu zion. Era berean, ikerketa koalizioaren hautagai guztiei zabaltzeko galdegin zuen, «ETA erakunde terroristarekin lotura duten erakunde edo entitateekin zeintzuk dauden» begiratzeko eskatuz.

Fiskaltzaren artxibatze dekretuak adierazten duenez, salaketa aztertu ondoren, «eginbide hauek hasteko eta artxibatzeko dekretua eman behar da», inolako arau hauste penalik ez dagoela iritzita. Era berean, elkarteari ohartarazi dio hauteskunde batzordeek dutela hautagaitzen legezkotasuna kontrolatzeko eskumena.