Maddi TXINTXURRETA
GIPUZKOA • HAUTESKUNDEAK, HONDAMENDIAK MARKATUTAKO HERRIAN

Zaldibarren, gertuen behar luketenak iritsezin

2020ko otsailean gertatutako hondamenditik hurbilen zeudenengandik «urruti» agertu zen Zaldibarko Udala eta, beraz, maiatzaren 28ko hauteskudeek balio dezakete termometro lanak egiteko: jakiteko orduko ezinegonek eta gaur arte iraun duten ondorioek alda ditzaketen herritarren fideltasun politikoak.

Eitzagako zabortegian gertatutakoa eta ezbeharraren ardurak  argitu zitezen eskatzeko, Eibarren 2020ko ekainean egindako manifestazioa.
Eitzagako zabortegian gertatutakoa eta ezbeharraren ardurak argitu zitezen eskatzeko, Eibarren 2020ko ekainean egindako manifestazioa. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Inork gutxik imajinatuko zukeen 2020ko otsailaren 6an Zaldibarren gertatutako hondamendia lausotuko zuen zerbait etorriko zenik. Gasteizko Legebiltzarra osatzeko hauteskundeak egin ziren urte horretako abenduan, baina ordurako koronabirusaren pandemiak norbanako guztien bizitza baldintzatu zuen, baita bizimodu kolektibo gisa ulertzen zena ere. Baldintza horietan botoa eman zuten herritarrek, eta ez zen aukerarik egon ikusteko zer nolako eragina izan zuen bozetan Zaldibarko zabortegiaren luiziak, Alberto Sololuzeren eta Joaquin Beltranen heriotzak nahiz inguruaren kutsadura eragin zituenak.

Zabortegiarekin batera, 2019-2023 legegintzaldian maila guztietan -Lakuako Gobernua, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiak eta Zaldibarko Udala- bizi duten krisi handienetakoa gainera erori zitzaien EAJri eta PSEri. Zaldibar Argitu sortu eta nekaezin ekin zion ardurak eskatzeari, baina jeltzaleek eta sozialistek Verter Recycling enpresaren arduradunengana desbideratu dute fokua aldiro: haiek badute zigor penala, arduradun politikoek ez.

Alta, herritarrek seinalatu dituzte zenbait ordezkari publiko hondamenaren arduradun gisa, eta horietako batzuk datozen foru eta udal hauteskundeetan hautagaiak izango dira. Kasurako, ezbeharra gertatu zenean ingurumen diputatua zenak eta gaur Gipuzkoako ahaldun nagusia izateko PSEren hautagaia denak, Jose Ignacio Asensiok, zabortegira bideratzen zen zaborraren gainkarga justifikatu zuen, egoera «oso latza» zela esanez, eta Zubietako erraustegiarekin arazo hori konponduko zela baieztatu zuen; berak sinatu zuen, gainera, erraustegiaren esleipena. Orain, datozen hauteskundeei begira, bere alderdiak aurkeztutako programa politikoak erdigunean kokatzen du klima larrialdiaren kontrako borroka.

Legebiltzarrak osatzeko, hauteskundeetan baino gehiago, hautagaiek herritarrekiko erakusten duten hurbiltasuna eta konpromisoa giltzarri izaten dira udal hauteskundeetan. Eta Sololuzeren eta Beltranen senideekin eta gertukoekin batera, hondamendiak gehien baldintzatu zituen bizitzak Zaldibarko Eitzaga auzoan daude. Haien ortuak eta iturburuak kutsatu zituen lur jausiak eta haiek behar izan dute instituzioen laguntza gehien. Zaldibarko Udalak behar luke gertuen, baina «babesgabe» utzi zituen, Oskar Morales auzotarrak nabarmendu duenez.

Ostegunez amildu zen zabortegia, bada, aste hartako igandean batzar bat egiteko eskatu zioten eitzagarrek Jose Luis Maiztegi Zaldibarko alkateari (EAJ). Hasieran ezezkoa eman bazuen ere, agertu zen, baina ez zien apenas informaziorik eman bizilagunei. Moralesen arabera, ordutik gaur arte jarrera hori izan dute Maiztegik eta Juan Mari Uriarte alkateordeak eitzagarrekiko, «informazio eta babesik eza». EAJren Udal Gobernuko ordezkariekin egindako azkenengo batzarra, zehaztu du, 2020ko uztailean izan zen, Eitzagako 30 biztanleei osasun azterketak egitea eskatu zutenean. Baiezkoa jaso zuten hasieran, baina udalbatzan ezezko botoa eman zuten EAJk eta PSEk.

«Geroztik beraien atzetik ibili behar izan dugu», gaitzetsi du Moralesek, zabortegiaren amiltzearen ondorioak gaur egun ere pairatzen dituztela zehaztuz. Besteak beste, zabortegia egonkortzeko lanetan, berau handitzeko auzotar batzuen lurrak desjabetu dituztela nabarmendu du.

ASPALDIKO KONTUA

Herrian eta Eitzaga auzoan zabortegiaren bueltan izandako liskarrak lehenagotik datoz, hala ere. Maiztegi zinegotzia zela, EAJk eta PSEk onartu zuten, EH Bilduren kontrako botoarekin, zabortegia esleitzea, hain justu ezker abertzaleko Arantza Baigorrik 2011n alkatetza lortu baino «bi aste lehenago». EH Bildu «historikoki» zabortegiaren kontra egon dela txalotu du Oskar Moralesek, eta Baigorriren bi legegintzaldietan (2011-2019) Udalaren aldetik babestuago egon zirela gaineratu du; hondamenaz geroztik ere «gertu» sentitu dituztela koalizioko zinegotziak. «Hori bai -argitu du-, denak daude Eitzagatik urruti!».

Eitzagan, herriaren bazterrean, kokatu zen 2020ko otsailaren 6an hondamendiaren erdigunea. Eta bazterretik saltatu zuen Euskal Herri osora. Maiatzaren 28an Jose Luis Maiztegi ez da izango EAJren hautagaia -Jabier Sampedrok hartuko dio lekukoa-. Hala ere, hauteskundeek balio dezakete termometro gisa, jakiteko orduko kezka, beldur eta haserreek saltatuko ote duten hautetsontzira eta EAJk fidel zituen horiek zalantzatien multzora salto egingo ote duten.