Estibalitz EZKERRA
Literatur kritikaria

Sekuelak

Ez nekien Indiana Jonesi buruzko film berri bat egina zutenik, egunkarian ekainaren 30ean zinema aretoetara iritsiko dela irakurri dudan arte. Antropologo despistatuaren abentura eroekin hazi nintzela esan daiteke. Tira, hamar urteko atzerapenarekin ikusi nuen trilogia ezaguna, haur txikia bainintzen lehen bi filmak atera zirenean (“Raiders of the Lost Ark” 1981ean eta “The Temple of Doom” 1984an), eta hirugarrena estreinatu zenerako (“The Last Crusade” 1989) halako filmak zineman ikusteko adinik ez bainuen artean.

Zenbat aldiz ez ote genituen ahizpa-nebok Indiana Jones filmak ikusi etxera heldutako lehen VHS-ari esker, ordurako nerabezaroko azken urteak beteta, bideo kasete lodikote haietan grabaturiko kopiei esker. Garai hartatik oroitzen dudana da zeinen entretenigarriak egiten zitzaizkidan Indianaren ibilerak, nahiz eta txundigarria egiten zitzaidan emakumeengan zuen eragina.

Baina nolakoak diren gauzak, urteekin filmetatik txundigarriak egiten zaizkidan kontuen zerrenda luzatu egin zait, nigan beste ikusleengan bezala izan zuten eraginarekin hasita.

Orientalismoaren garapenaz ari ginela, Indiana Jonesen filmetako klip batzuk aztertu genituen klasean. Ikasle gutxi batzuek zekiten Indiana Jones nor den, eta gutxi horietatik bakar batzuek film bat edo beste ikusita zuten. Ariketa bitxia izan zen hura, ikasleak ezin ulertuta zeuden zerk egin zituen film haiek garai batean hain arrakastatsu, eta ni neu haiekin bat eginda, hain dira erridikuluak genero eta etnizitatearen gainean darabiltzaten estereotipoak.