GARA Euskal Herriko egunkaria
Entrevista
AINHIZE BELAR
Eskalatzailea

«Ez nuen 9a bat egitea espero, baina lortu egin dut»

Hilaren 13an, Ainhize Belarrek (Atxondo, 2006) historia egin zuen Etxauriko Kale Borroka sektorean dagoen «Begi puntuan» kateatu ondoren. Bere lehenbiziko 9a izateaz gain, Euskal Herrian zein Estatu espainolean maila hori lortzen neska goiztiarrena izan da. Balentria honi buruz solastatu da bizkaitarra GARArekin.


Ainhize Belar pozarren harrapatu dugu. Eta ez da harritzekoa, Etxaurin lortu duen xedeak hala eskatzen duelako. Baina, era berean, oso lanpetuta ere bai. Izan ere, ikasturteko azken azterketekin zegoen. Zorionez, den-denak gainditu ditu. Hots, pozarren egoteko arrazoi bikoitza du.

Kirol ikuspuntutik begiratuta, eskalatzaile atxondarrak egin duena azpimarratzeko modukoa da. 17 urterekin bederatzigarren esferan sartu da “Begi puntuan”-i esker. 14 urterekin lehen aldiz elkarrizketatu genuenean, 8c mailako bere lehenbiziko bidearen inguruan hitz egin genuen. Orain, berriz, salto handia egin du eta 9a horretan zentratuko gara.

Lehenik eta behin, Ainhize, zorionak. Eta gainera, bikoitza: Batxilergoaren lehen urtea gainditzeagatik eta “Begi Puntuan” kateatzegatik.

Eskerrik asko.

“Begi puntuan” sinatu aurretik, bazenuen eskarmentu bikaina 8c mailarekin. Izan ere, bost dituzu. Zailtasun hori erabat sendotuta zenuen, eta bazirudien, beraz, hurrengo xedea 8c+ izango zenuela. Baina, ez: maila hori baztertu eta zuzen-zuzenean bederatzigarren esferara jo duzu. Zergatik hartu zenuen erabaki hori?

Aitortu behar dizut 9a maila beti izan dudala buruan. Bideren bat probatu nahi nuen. Bide batez, onartu behar dut entrenatzaileek animatu nautela. Esaten zidaten sasoia nuela izaera horretako helburu bati ekiteko. Entrenatzaileez gain, kide askok aholkatu zidaten 9a bat probatzeko. 8c+ ez nuen baztertuta, baina diodan bezala, azken erabaki hori hartu nuen.

Aipatu dut bost 8c dituzula, eta guztiak ala guztiak Gaubean eta Margalefen egin dituzu. Hori irakurri ostean, ondoriozta dezakegu estilo oso markatua duzula. Hots, hatz bateko, biko edo hiruko zulo edo heldulekuetan bikain moldatzen zarela. “Begi puntuan”-ek, berriz, beste estilo bat du. Hala eta guztiz ere, apustu handia egin duzu, ezta?

Hala da. Bide horretan grabatutako irudiak ikusi nituen, eta probatzera animatu nintzen. Erregeletak nagusi diren bide batean sartzea ez nuen oso argi ikusten, baina lagunek behin eta berriro esaten zidaten ondo moldatuko nintzela.

Gaubean, adibidez, baduzu 9a mailako bide bat: “Psikoterapia”.

Bai, bai, ezagutzen dut, baina beste norabide bat hartzea erabaki nuen (kar, kar).

“Begi puntuan” Etxaurin dago; hain zuzen ere, Euskal Herriko eskalada eskola garrantzitsuenetariko batean. Zer moduzkoa izan da lehen harreman hori?

Ez da lehen bisita izan. Duela urte batzuk han izan nintzen; adinean txikia nintzela. Eta onartu behar dizut ez zitzaidala batere gustatu. Eroriko luzeak daude, eta beldur handia pasatu nuen.

Kateatu berri duzun bide horretan izan duzun prozesuari edo lanari buruz galdetu behar dizut.

Bada, lehenik eta behin esan behar dizut prozesu hori duela pare bat hilabete, martxoan, hasi zela. Lehen bisitan ezusteko ederra jaso nuen: bidearen pauso guztiak atera nituen. Tarte txiki bat izan ezik. Azken zintatik bilerara doan tarte hori. Ezin izan nuen ondo probatu. Zati hori bakarrik utzi nuen zintzilik.

Ondoren, sekzio hori ondo begiratu nuen, baina zaila egin zitzaidan pauso horiek lotzea. Metodo ezberdin bat probatu eta zati hori biribiltzea erdietsi nuen.

“Begi puntuan”-en sortzailea, Ekaitz Maiz, garaieran handia da, eta badakit, oro har, marra horrek pauso luzeak dituela. Zu, berriz, ez zara hain altua. Nola kudeatu duzu eragozpen hori?

Azken zati horrekin bezala, gainerako pauso gogor guztietan nire metodoa indarrean jarri behar izan nuen. Asko sufritu nuen buru-hausgarri hori osatzen.

Eragozpen bakarra izan da?

Ezta gutxiagorik ere. Hainbat bisitatan izandako baldintzak ez ziren batere egokiak izan. Horrek guztiak zaildu egin zuen egiten ari nintzen prozesua. Egun batzuetan hezetasun handia egon zen; beste batzuetan, aldiz, bero handia. Ekinaldiak goizeko 08:00etan hasi eta 11:00etan amaitzen nituen. Kontuan hartu behar da erregeleta txikiak dituela, eta baldintza horiekin estutzea ia ezinezkoa zen.

Pauso luzeak, baldintza kaskarrak, 9a maila, udaberri aurreratua… Alabaina, zure lehenbiziko 9a izateko, iruditzen zait nahiko azkar kateatu duzula.

Horretaz ez naiz jabetzen. Badakit asteburu asko senitartekoekin Etxaurin pasatu ditudala, “Begi puntuan”-en saialdiak egiten. Ez dut beste garai batean probatzeko aukerarik izan. Zuk diozun bezala, udaberria aurrera doa, eta, azkenean, dena eman behar izan dut proiektu hori ixteko.

Zer egin zaizu zailena “Begi puntuan”-en?

Zuk aipatu dituzun eite horiez guztiez gain, badago garrantzi handiko beste bat ere. Eta hori da berotu ondoren eguna soilik ekinaldi batean zehazten nuela. Eta saialdi hori gestionatzea ez da batere erraza izan. Aita beti ondoan izan dut, eta Sputnik rokodromoko nire entrenatzaileek buruaren kontu horrekin asko lagundu didate.

Jakina, “Begi puntuan”-ek fisikoki asko eskatzen du; ez da bosgarren mailako bidea. Baina, batez ere, burua ondo kudeatu behar izan dut; den-dena eman, baina presiorik gabe.

Bide hori igo zuen Mikel Linacisororen bideoa ikusi zenuen. Irudi horiek lagundu dizute?

Lagundu ez; bai, ordea asko motibatu. Mikel eta biok garaieran ezberdinak gara, eta, arestian aipatu dudan bezala, neure metodoak landu behar izan ditut.

E eguna hilaren 13a izan zen. Zer sentitu zenuen, erorikorik gabe, mugimendu guztiak lotu eta soka bileratik pasatzerakoan?

Ufa, bada, egundoko goraldia! Senitarteko guztiok emozionatu ginen. Poza, zoriontasuna eta prozesua ondo amaitu izana. Ez dut sentitzen zama bat gainetik kendu dudanik. Bide hori kateatu nahi nuen, eta oso-oso motibatua nengoen.

Onartu behar dut kateatu nuen egunean ez nuela egindakoa asimilatu. Egunak joan ahala, egoera hori aldatu da, eta orain esan dezaket handia egin dudala!

Imajinatzen dut, baina galdera zuretzat da: nori eskaintzen diozu arrakasta hori?

Zalantzarik gabe, senitartekoei.

Nahiz eta, hastapenean, “Begi puntuan”-ek ez zirudien zure estilokoa, esan daiteke gustatu zaizula?

Bai, bai, asko gustatu zait, eta batez ere, goiko tartean dauden azken lau txapak. Erregeletak dira, teknika eta erresistentzia eskatzen dutenak. Estiloz aldatu dut, eta ikusten den bezala ondo moldatu naiz.

“Begi puntuan”, gainera, erreferentzia eta ikono bat da Etxauriko Kale Borroka sektorean. Lehen 9a, eta, gainera, zuk ezagutzen dituzun zazpi mutilek, den-denak euskal eskalatzaileak, arrakasta bera lortu dute hor. Bide hori, zure ibilbidean, txoko berezi batean gordeta izango duzu, ezta?

Jakina, beti gogoan izango dut. Gainera, zuk diozun bezala, Euskal Herriko zazpi mutil; hots, euskal eskalatzaile onenetarikoak hor ibili dira. Eta neure burua haien artean ikustea ohore handia da. Horrez gain, “Begi puntuan” ez da 9a merke bat.

Bederatzigarren esferan sartu berri zara, eta 17 urterekin iruditu dezakegu ibilbide oparoa duzula. Badakit, ondoan dituzunei esker, zentzuz jardungo duzula; erotu gabe. Baina nork daki egunen batean ez ote duzun beste marka batera heltzeko aukera izango. Eta hori esaten dudanean, Angela Eiter gogoan dut. Austriarra izan da 9b mailara lehena iristen. Etorkizunean zeure burua maila gorenean ikusten duzu? Eta horretarako, zer egin behar du Ainhizek?

Urratsez urrats joan behar dut. Zailtasun horretara heltzeko asko entrenatu eta eskalatu behar dut. Momentuz ikasten ari naiz, eta badakizu proiektuetarako denbora asko behar dela. Eta hori profesionalek dute. Lasai nago, ez nuen 9a egitea espero, eta lortu dut! Ametsak egia bihurtzen dira, eta dena posible da. Aurrerantzean, ikasketak, entrenamenduak eta eskalada uztartu beharko ditut. Eta, jakina, Batxilergoa amaitu.

Aurtengo ikasketak bukatu berri dituzu, eta ikasgai guztiak gainditu dituzunez, irailera arte oporretan egongo zara. Hori pagotxa!

Hala da (kar, kar). Bistan eskalatzea da neure lehentasunetariko bat; indartu nahi dut estilo hori. Etxaurira ziur itzuliko naiz, Baltzola hor dago… Horrez gain, txapelketetan lehiatuko naiz.