Ion GARATE - Zuriñe IGLESIAS
Entrevista
JULEN GOIA
Ampo Ordiziako jokalaria

«Denboraldi gorabeheratsua izan da, baina final-laurdenetan gaude»

Gaur jokatuko du Ampo Ordiziak Ligako final-laurdena VRAC Quesos Entrepinar taldearen aurka, Valladoliden, 12.30ean. Julen Goia (Idiazabal, 1991) Ampo Ordiziako jokalariak adierazi du «atsedenaldira bizirik iristea» izango dela neurketa irabazteko gakoa. Aurkariaz, nabarmendu du oso talde «sendoa eta ordenatua» dela, «bai erasoan, bai defentsan».

(Jon URBE | FOKU)

 Ligako final-laurdena jokatuko du gaur Ampo Ordiziak VRAC Quesos Entrepinaren taldearen aurka, Valladoliden, 12.30ean. Elkarren aurka jokatutako azken partidan ordiziarrek 10-35 galdu zuten. Goiak azpimarratu du horrelako partida batean, «diziplina behar-beharrezkoa» dela. Denboraldi honetan izan dituzten gorabeherez ere hitz egin du Ampo Ordiziako jokalariak, eta gaineratu «aldaketez beteriko» sasoia izan dela.

Final-laurdenak jokatuko dituzue VRAC Quesos Entrepinaresen aurka. Gogotsu dago taldea?

Bai, aste berezia izan da, eta denboraldia, nahiko gorabeheratsua. Aurretik egindakoa pixka bat albo batera utzi dugu eta buru-belarri gabiltza igande honetan espero dugunari heltzeko asmoz.

Aurkaria Ligako liderra da, eta Kopako txapelduna ere bai. Nolako neurketa aurreikusi duzue?

Norgehiagoka oso gogorra espero dugu. Astean zehar haiei begira ibili gara, eta alderdi ez hain gogorrak ere badituzte. Oro har, oso talde sendoa eta ordenatua da, bai erasoan bai defentsan. Zuloren batzuk ikusi ditugu, baita zenbait lekutan hain-hain gogorrak ez direla ere. Uste dut horiei eraso egin beharko diegula.

Edozein final-laurdenetan bezala, zelaiak zerikusi handia izango du. Haienean jokatuko dugu, eta behartu gabeko ahalik eta akats gutxien egin beharko ditugu, bestela garesti ordainduko dugu eta. Azkenean, horrelako partida batean, diziplina behar-beharrezkoa da. Bestela, beti zure zelaian sartzen zara eta puntuak egiten dizkizute. Beraz, diziplina kontuan izan beharreko zerbait izango da.

Sentsazio onekin iristen zarete hitzordura, Complutense Cisnerosen zelaian irabazita. Horrek lagunduko du moralki, ezta?

Bai, dudarik gabe. Azkenean ikusi dugu erasoan gauzak ondo egiten ditugunean -eta hori ez da partida guztietan gertatzen- gai garela edozein talderi puntu dezente sartzeko. Azkeneko lau-bost partidetan ikusi da 40-48 puntu egin genituela; aurrekoan, 59. Hala ere, puntu asko sartzeko gai garen moduan, zenbaitetan kontzentrazioa galtzeko arriskua ere badugu, eta orduan guri sartzen dizkigute. Taldea prest ikusten dut, baita gogotsu ere, eta horren faltagatik ez da izango.

Elkarren aurka jokatutako azken partidan galdu egin zenuten 10-35. Zer hobetu behar duzue hartatik gaur aukerak izateko?

Partida hartan, egia esan ez da aitzakia, baina gure taldeko batzuk min hartuta geunden. Ni ere kanpoan nengoen, eta hasieratik ateratzen garen jokalarien artean sei edo zazpi falta ginen. Azkenean, Liga horrelakoa da: asteak aurrera doaz eta lesioak izaten dira. Igandeko hamabostekoak ez du izango antz handirik partida hartakoarekin. Baina egia da egin beharko dugula partida serioagoa.

Oraintxe burura datorkit bigarren zatia hasi eta lehen zazpi minutuetan bi entsegu sartu zizkigutela, eta partida hasi berritan ere hiru entsegu sartu zizkigutela kolpetik. Saiatu behar gara beste hasiera bat ematen, dudarik gabe. Taldekideei esan diedan bezala, oso garrantzitsua izango da atsedenaldira, behintzat, bizirik iristea. Final-laurden bat da, askotan ematen du hamar puntuko aldearekin hilik zaudela, baina konturatu orduko aldea murrizten edo areagotzen da. Beraz, garrantzitsuena izango da atsedenaldira bizirik iristea.

Espero duzue zaleen mugimendurik Valladolid ingurura?

Aurreko urteetan antolatu izan dituzte autobusak, baina oraingoan ez dugu horrelakorik entzun. Hala eta guztiz ere, badakit herrian, tabernetan, apustu eta hamaiketako bereziak egin behar dituztela. Betiko jendea mugituko da, azkenean bada Sevillaraino ere etortzen den jendea; beraz, Valladolidera hiru orduko bidaia egin eta arkumea jatera seguru betikoak etorriko direla. Eta gainontzekoek herrian bultzatzen badute, haien babesa ere sentituko dugu.

Gainontzean, orain arteko lanari dagokionez, zer balorazio egiten duzu denboraldiaz?

Nahiko denboraldi gorabeheratsua izan da, aldaketez beterikoa. Gauza ona, gazte askok debutatu izana: agian, bospasei jokalari izan dira, 18-19 urtekoak. Horrek esan nahi du harrobia dagoela eta harro egoteko modukoa da hori. Ligako gainerako taldeekin alderatuta, gehienek ez dute horrelakorik. Denboraldian zehar, lesio asko izan ditugu, entrenatzaile berria etorri da, eta denboraldi erdian bi-hiru atzerritarrek utzi gintuzten beraien herrialdeetara bueltatzeko. Sasoi gorabeheratsua izan da, baina final-laurdenetan gaude.