GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Bere lainotik nork jaitsiko zain jarraitzen du Aitor Elordik

Sakeari behar adinako etekinik atera gabe eta pilota gozatzeko arazoekin, Dariok ez zuen bere ohiko maila ematerik izan; garaipenetik urrun ibili zen partida osoan, nahiz eta erdialdera hiru tantora (15-12) gerturatu zen.

Aitor Elordik laineza hartuta jarraitzen du eta beste final bat jokatuko du. (Endika PORTILLO | FOKU)

Binakako finala irabazi ostean, Buruz Burukoa jokatzea ez zen Aitor Elordiren planetan sartzen, baina bere bikotekide izan zen Jose Javier Zabaletaren lesioak txapelketarako ateak zabaldu zizkion eta barruraino sartu da mallabitarra. Bere mailatik urrun izan zen Dariori 22-15 gailenduta, bizkaitarra izango da Jokin Altunaren arerioa ekainaren 4ko finalean eta amezketarra izan daiteke bizkaitarra azken urte luzean igo den lainotik jaitsi beharko duena, lortzerik badu. Amezketarra izan zen azken Lau eta Erdikoan finalerako bidea itxi ziona eta bera da aurtengo Manomanistan irabazi dion bakarra, baina kaiola hartan hartutako laineza ahal beste luzatuz, Elordi da, ezbairik gabe, sasoiko pilotaria.

Pilotaren bi aurpegiak ezagututa, behin garaipenen zakua beteta, unea ahalik eta gehien luzatzen saiatzen ari da bizkaitarra eta era guztietako dohainez harago konfiantza da orain bereziki arriskutsu egiten duena. Hein handi batean, horiexek izan ziren Darioren aurkako garaipenaren bi giltzarriak: galtzeari beldurrik eza eta dohainen kudeaketa askoz egokiagoa.

Bi sakatzaile handiren arteko lehian, epailearen txapa lagun, Elordi izan zen etekinik handiena atera zuena edo, gutxienez, tartea irekitzen azkarrena. Lehen pilotakadak asko aldatuz, orain luze orain motz, ezkerparetara gurutzatuz, baina baita tarteka zabalera jota ere, min egin zion mallabitarrak airera joan edo atzean geratu argi ez zuen Dariori.

Abiadura sartzen eta paretara baztertzen asmatzen duenean, errioxarraren pilotakadak ere beldurgarriak dira, baina atzo norabidearekin amatu ezinik, 6-13kora arte ez zituen bi tanto jarraian egin.

GOZATU EZINIK

Sakearena, hala eta guztiz ere, ez zen bi pilotarien arteko alde bakarra izan. Kontua da Darioren beste arma nagusia ere kateatuta ibili zela, tentsioarengatik ziurrenik, eta eskuinez pilota harrotu eta atzeratzeko zailtasunekin, Elordiren erritmoan jokatu behar izan zuela gehienean. Boleaz min egin zion bizkaitarrak, airez ere beste ahalmen batzuk erakutsi zituen errematean eta partida nahiko kontrolpean izan zuen ia hasi eta buka.

Dena dela, batez ere sakearekin gehiago asmatuta eta fisikoki osoago zirudiela, izan zuen bere unetxoa Ezkaraikoak erdialdera, 15-12koan hiru tantora gerturatuta. Baina piloteoan nahi beste dominatu gabe, presaka antzean sumatu genuen eta ezkerpareta jota kanpora botatako bi pilotak erruz ordaindu zituen.

Bere izaerari leialago, Elordik berriz ere ihes egin zion markagailuan eta merezitako garaipena eskuratu zuen laino artean jarraitzeko.