GARA Euskal Herriko egunkaria

Gasteiz «esku-eskura» daukala, azken bultzada eskatu du EH Bilduk

Ekitaldi politikoa egin zuen atzo eguerdian, hauteskundeetatik astebetera, EH Bilduk Gasteizko erdigunean. Bertan parte hartu zuten Rocio Vitero Gasteizko Alkatetzarako hautagaiak, Eva Lopez de Arroyabe Arabako Foru Aldundirako hautagaiak eta Arnaldo Otegi koalizioaren koordinatzaile nagusiak.

Andra Mari Zuriaren plazan egin zuen ekitaldia EH Bilduk kanpainaren bide erdian. (Aritz LOIOLA | FOKU)

 

Andra Mari Zuriaren plazan elkartu zituen EH Bilduk atzo hainbat gasteiztar «aldaketa lideratuko duten» Arabako eta Gasteizko zerrendak bultzatzeko. Rocio Viterok nabarmendu zuenez, hiriburuan indar bozkatuena izateko mila botora daude; beraz, «esku-eskura» daukate Udala.

«Pertsonak erdigunean» jarriko dituen udal gobernu baten buru izango dela adierazi zuen, non bizi kalitatea «bermea» izango den eta ez «desira». Horretarako, zaintzetan, justizia sozialean, eskubide «hobeetan» eta ez diskriminatzean jarriko du indarra.

«Politikari guztiak berdinak direla diotenen aurrean, jakin dezatela gu ez garela etorri ate birakarien etekina ateratzera edo gutun azalak hartzera. Eskubideak irabaztera etorri gara, garena izatera», argitu zuen Viterok.

Gainera, Gasteizko alkate berria, emakumea izateaz gain, «feminista izan behar dela» adierazi zuen.

«Euskal Herria Bilduk hauteskundeak irabaztea da Gasteizen gobernu aurrerakoi bati atea irekitzeko giltza, gure gizartean dagoeneko nagusi diren balioak Udalean ordezkatuko dituen gobernu bati atea irekiko diona», gaineratu zuen.

«BI EMAKUME FEMINISTA»

Viterorekin Eva Lopez de Arroyabe izan zen, Arabako ahaldun nagusi izateko hautagaia; beraiek bezalako «bi emakume feministen eskutik aldaketarako eta baikortasunerako garaia» dela ziurtatu zuen.

Araban «erronka handiei egin behar diegu aurre», adierazi zuen Lopez de Arroyabek. Energiaz, trantsizio energetikoa «energia demokratizatu arte» ezin dela egin esan zuen eta EH Bildu Arabako herrietan bizi den eta lan egiten duen jendearekin «etengabeko harremanean» dagoela nabarmendu zuen.

Herrietan, hain zuzen, koalizioak duen indarraren garrantzia nabarmendu zuen. Azpimarratu zuenez, Arabako eskualde guztietan «gorantz» doaz eta Oion, Agurain, Amurrio eta Laudio, esaterako, «eskura» dituzte. Hortaz, ekainean gaur egun baino udalerri gehiagotan gobernatuko dutela esan zuen Lopez de Arroyabek eta, «laster» Arabako Mahastiak jatorri izeneko ardoarekin topa egingo dutela argi utzi zuen.

Arabako Batzar Nagusietara heltzeko, beraz, herriz herri dagoen indar hori lekualdatzera dei egin zuen Lopez de Arroyabek. «Azken bultzada egin behar dugu, eta herri bakoitzaren indar hori guztia Arabara eraman behar dugu».

«Datorren igandean EH Bilduren bi boto paper aukeratu behar dira, bi. Udal zerrendarena, Rocio Vitero jartzen duena, eta Batzar Nagusietakoa, Eva Lopez de Arroyabe jartzen duena», laburtu zuen hautagaiak.

ESKUINA BAZTERTZEKO BAKARRA

Bestalde, Arnaldo Otegik bere hitzartzea aprobetxatu zuen boto aurrerakoia «kontzentratzeko» eta EH Bilduri emateko deia egiteko. Esan zuenez, koalizio abertzalea da «udal eta foru gobernuetatik eskuina alde batera utzi» dezakeen «indar bakarra».

Beraz, «boto eraginkorraren aldeko deia» egin zuen, EH Bildu babesteko, nahiz eta «%100ean gurekin ados ez egon», talde honek soilik duelako «herri honetako eskuindarrei irabazteko aukera». «Ez da boto erabilgarria, boto eraginkorra baizik», azaldu zuen.

Hauteskunde kanpainaren balantzea ere egin zuen koordinatzaile nagusiak eta honako hau esan zuen: «Argi dago EH Bilduk bere proposamenez, aurre egin beharreko arazoez eta horiek konpontzeko proposatzen dituen irtenbideez hitz egin duela. Gainera, egin dugunaz eta gauzatu ditugun proiektu abangoardistez hitz egiten dugu».

Bitartean, baina, gainerako alderdiek «lokaztutako» eta «maila intelektual txikiko» eztabaidak mahaigaineratu dituztela deitoratu zuen. «Guk geure buruaz hitz egiten dugun bitartean, gainerako alderdiek ere gutaz hitz egiten dute», esan zuen.

DIAZ DE RABAGO EPAILE OHIAREN ESKAERA

Ekitaldian Manuel Diaz de Rabago EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko epaile ohiak ere hartu zuen hitza, bideo baten bidez. Epaile zenean hamar urte baino gehiagoz eskolta izan zuela azaldu zuen, baina, «behin ETA deseginda, horrek ez dit eragozten EH Bilduri botoa ematea».

«Nahiz eta 50 urte daramatzadan hemen bizitzen, espainiar sentitzen naiz, ez euskaldun», jarraitu zuen. Hala ere, «botoa batzeko eta ezkerreko alderdi batean, EH Bildun, kontzentratzeko» deia zabaldu zuen, bere ustez «irabazteko benetako aukerak dituen» alderdi bat delako.

Gainera, Diaz de Rabagok gogor kritikatu zuen «eskuinak eta Espainiako ultraeskuinak EH Bilduren zerrendak erabili izana»; zazpi hautagaiek uko egin izanak «EH Bilduk elkarbizitza beharrezkoarekin duen konpromisoa errazten» du, bere iritziz.

Otegik esan zuenez, epaile ohiaren hitzak «oso garrantzitsuak» dira. Izan ere, «EH Bildu Euskal Herri adiskidetua da, hainbat joera eta militantzia motatatik datozen pertsonek osatua. Etorkizunari konfiantzaz eta anbizioz begiratzen dion indar geldiezina gara».