GARA Euskal Herriko egunkaria
Entrevista
Iker Casanova
Bizkaiko ahaldun nagusia izateko EH Bilduren hautagaia

«Parametro zaharkituetan kudeatzen ari da Bizkaia»

Iker Casanovak ordezkatuko du EH Bilduren lehen postua Bizkaiko Batzar Nagusietako hauteskundeetan. Koalizioaren gorakada aurreikusi dute inkestek, eta hautagaia baikor agertu da NAIZ Irratian egindako elkarrizketan. Jeltzaleen «hegemoniaren eztabaidaezintasunaren» bukaera aurreikusi du.

(Aritz LOIOLA | FOKU)

Bizkaiaren garrantziaz mintzatu zara askotan. Zeintzuk dira gakoak?

Bizkaiko emaitzak, lurralde honen egoera hobetzeko ezinbestekoak izateaz gain, Euskal Herrian ere funtsezkoak dira. Euskal Herrian ez da aldaketa sozial eta politikorik egongo Bizkaian mugimendurik ez badago. Bizkaia gabe ez dago Euskal Herrian askapen prozesu sozial edo nazionalik. Baina Bizkaia bera ere transformatzeko beharra daukagu. Uste dugu azken urteetako politikak agortuta daudela eta beste dinamika batean murgildu behar garela.

Garai gogorra bizi dugu, aldaketa handikoa, eta, askotan, aldaketa horietan jendeari arazoak sortzen zaizkio, arazo sozioekonomiko larriak. EH Bilduk badauka horri era kolektiboan aurre egiteko ekarpena, babes sistema sendo bat sortuta, instituzioak jendearen beharren mesedetan jarrita...

Nola baloratzen duzue azken legealdian EAJ-PSEren Foru Gobernuak egin duen lana? Eta zeintzuk dira Bizkaiaren behar nagusiak?

Bi gauzak lotuta daude. Behar duguna egin ez dena da. Ez da gestio ona egon. Eskema eta parametro oso zaharkituetan kudeatu dira instituzioak. Datuak Estatukoak baina hobeak diren arren, adierazle batzuk ez dira onak: langabezia tasa altua, ikerkuntza eta garapen arloko inbertsio eskasa, industriaren gainbehera...

Bizkaian hiru gauza behar ditugu. Lehenik, munduan gertatzen ari denaren azterketa egoki bat egitea. Munduan krisiak bata bestearen atzean ikusten ari gara, baina ez dira fenomeno isolatuak. Trantsizio handi baten adierazpenak dira, eta horrek beste politika batzuk egitera bultzatzen gaitu. Aldaketak onartu eta kudeatu egin behar ditugu.

Azterketa egokia egin ondoren, gobernantza eredu berri bat behar dugu. Jendeak konfiantza galdu du instituzioetan, eta urrundu egin da politikatik. Horren aurrean gobernantza eredu garden, parte-hartzaile eta eredugarri bat behar dugu, gaur-gaurkoz Bizkaian ez duguna.

Azkenik, beste politika mota batzuk behar ditugu. Plano sozioekonomikoan, Bizkaiak berreskuratu egin behar du garai batean izan zuen lidergo ekonomikoa. Berpizte hori industria teknologiko sozial eta ekologikoan oinarrituta izan behar da, 5.0 deitzen dugun industria ereduan oinarrituta. Bestalde, abangoardiako politika sozialak garatzeko gaitasuna izan behar dugu.

Bilbora joanda, Udalak Punta Zorrotzarako plana aurkeztu du. Egokia da?

Mugikortasun beharrak arintzeko, jendea egunero bere lanpostuak dauden tokietara mugitu ordez, lanpostuak jendea dagoen tokietara eraman behar ditugu. Punta Zorrotzan egin nahi duguna, hain zuzen ere, hori da. Bilbo Handian jarduera produktiboa kokatzeko esparru bat behar dugu, eta lehen aipatutako Industria 5.0 hori kokatzeko eremu egokitzat ikusten dugu Punta Zorrotza eta bere ingurua, hala nola, Zorrotzaurre eta Burtzeñako parke enpresariala. Bertan Industria 5.0an oinarritutako parke teknologiko handi bat egin dezakegu. Gainera, Renfeko C1 trenbideak lurperatuz, azpiegitura hori aprobetxatu ahal dugu garraioaren kontua arintzeko.

Gobernantza eredu berri bat defendatzen duzue.

Lortzen ari gara eskala batean. Adibidez, Bakion, Lemoan, Urduñan... EH Bildu heldu zen instituzioetara eta buelta eman zion gobernantza ereduari. Kasu batzuetan topatu genituen instituzioak diruz eta sinesgarritasunez hustuta zeuden EAJren kudeaketaren ondorioz. Bertan proiektuak aktibatu ditugu eta kudeaketa gardena eta eraginkorra abiatu dugu, herritarren inplikazioa bilatuz. Neurri batean, egoerari buelta eman zaio.

Fiskalitatean, ematen du ez dela lortzen progresibitatea, gehien duenak gehiago ordaintzea... Pausoa egin daiteke? Lor daiteke fiskalitate progresibo bat?

Bai, jende askorentzat fiskalitatea gauza oso abstraktua da, baina lehen aipatu dugun mundu mailako aldaketetan nik uste dut paper oso inportantea daukatela fiskalitatean eman diren atzerapausoek. Gero eta fiskalitate malguagoa dago, aberatsen mesedetan. Aldiz, instituzio publikoek gero eta baliabide ekonomiko gutxiago daukate herritarrek behar dituzten zerbitzuak eskaintzeko.

Uste dugu fiskalitatean aldaketa zehatzak eta sakonak eman daitezkeela. Progresibitatean sakondu behar dugu, gehien daukanak gehiago ordaintzeko. Gainera, elementu berriak txertatu behar dira; adibidez, fiskalitatetik etxebizitzaren aferari erantzun bat eman ahal zaio alokairuetan neurriak hartuz. Aldaketa klimatikoari aurre egiteko ere hainbat neurri planteatu daitezke, fiskalitate berdea deitzen den esparrutik. Instituzioei ere baliabideak eman ahal zaizkie jarduera ekonomikoa bultzatzeko, ikerkuntza eta garapena indartzeko, ezagupenaren gizarte bat sortzeko hezkuntza sistematik...