GARA Euskal Herriko egunkaria

Urdazuri


Urak baino ez du handitzen ura. Denborak hutsunea bezala, edo irriak, alaitasuna. Lohi kolorez agertu zara Lapurdiko itsasadarrean, Urdazuri, beraz, ez dakarkizu berri onik Nafarroa Garaitik, Urdazubin Orabidea eta Otsondoko errekak elkartuta sortzen zaren Dantxarineatik landa, ur uharren zikinak pilatu dituzula erran nahi baitu. Errekek ez dute aienerik, ez dute gezurrik erraten, aitzina baino ez dute egiten.

Uholdeak izan direla Beran, urak hanpatu direla Saran, izanen da Lizuniagako errekak ekarri dizun lohia, edo horri Behereko Bentako errekak, Figareliko, Hiruetako eta Tonbako errekek bestela, Uriokoak, Portukoak edo Lezeakoak, Uharka eta Helbarrungo ibaiadarrak ahantzi gabe. Itsasora iristeko aukerarik ez eta emari handiagoetan isurtzen direnak. Txikiak utzi eta handiagoetara noakizu, Hanibarreko, Lapitxuriko, Uzkaingo, Amezpetuko eta Opalazioko errekek ere egiten baitzaituzte zu, Ugarana, Urma, Sarrakaria eta Uhertsi deitua, Ur ertsia «Lohitik iturri, huna Urdazuri, irriz geroari» idatzi zizuten harrian, eta herrian euskaraz baino ez zintuzten ezagutu, nahiz eta «La Nivelle» frantsesez ezarri kanpokoen erakusgarri. Irlandako abesti zahar baten hitzak heldu zaizkit: «Azaroan oraindik sagarrak hazten direnean, zuhaitz bakoitzetik loreak haztean, abenduan hostoak oraindik berde daudenean, orduan gure lurra libre izango da. Muino eta haranetan nabil, eta nire saminaren bidez ikusten dut nehoiz askatasunik ezagutu ez duen lurraldea; eta bere ibaiak bakarrik doaz libre». Baita zu ere.