GARA Euskal Herriko egunkaria

Jaialdiak


Joan den asteburuan, bakarra gutxi eta, bi makro-jaialditan parte hartu dut. Zertan habil Morau, kargu hartu didate lagunek; kristorenak eta bi esan dituk, behin eta berriro, makro-jaialdien eta haien ondorio kaltegarrien inguruan, eta orain zer, hi habil horrelakoetan firin-faran, muturzuri halakoa!

Lasaitzeko erantzun diet, eta zin egin dut, Woody Guthrieren gitarraren izenean, iritzia ez dudala aldatu, nahiz eta onartu behar izan diedan jauzi metodologiko bat gertatu dela, nire jarrerari dagokienez.

Bai, halaxe da, Añorgako Izpiak izeneko jaialdian eta Larraitzen Enarak topaketan partaide izan ondoren (batean musikari bezala, bestean aurkezle) ohartu naizelako alde okerretik aztertzen nuela makro/mikro dikotomia.

Saiatuko naiz azaltzen. Aipatutako bi jaialdietan bildutako jende kopurua ez zen izango 350 bat lagun baino handiagoa. Eta ikuskizunak burutzeko jokalekuen azalerak ozta-ozta gaindituko zuten San Mamesko edozein aldetako penalti arearena. Eta zer dauka horrelako baldintzak betetzen dituen jaialdi batek makrotik? Asko; biak ala biak makroak dira esanguran, eta, besteak beste, bere inguru hurbilean txertatzeko gaitasunean. Makroak dira pentsa-arazteko, goza-arazteko eta senti-arazteko gaitasunean. Makro-elkartasuna lantzen dute. Askotan makro-mirariak egin behar dituzte aurrera ateratzeko. Makroak dira musikariak etxekotzat hartzeko gaitasunean...

Beraz, alde horretatik ikusita, harro egon gaitezke; BBK-live da mikroa, estua, eskasa, murritza, laua, tristea, pobrea, grisa...