31 MAY. 2023 REALA Manuela Vanegasek 2025era arte berritu du Badira bi urte Vanegas Zubietara heldu zela. (REAL SOCIEDAD) Amaia U. LASAGABASTER Agurrak, momentuz, alde batera utzi eta berritzeei ekin die Realak. Ez da nolanahikoa atzo zabaldu zuena, Natalia Arroyoren konfiantza osoko jokalarien multzoko partaidea baita Manuela Vanegas. Kolonbiakoak 2025era arte luzatu du ekainaren 30ean amaitzekoa zen kontratua. Vanegas orain dela bi urte heldu zen Zubietara, eta haren ekarpena ezinbestekoa izan zen Realak inoiz egin duen Ligarik onenean, non taldeak 28 gol besterik ez zituen jaso. Atzelaria izanik, erasoan egiten duen ekarpena ere eskertzen dute taldekideek, batez ere estrategiako jokaldietan. Iaz 26 partida jokatu zituen, seigarren jokalari erabiliena bilakatuz. Udan Amerikako Kopan sekulako arrakastaz parte hartu ondoren, bere zenbakiak hobetu ditu aurten -Eizagirrek eta Amaiurrek bakarrik jokatu dituzte atzelariak baino minutu gehiago-, taldeari orokorrean gertatu zaion bezela, errendimendua iazkoa bezain ona izan ez bada ere. «Ilusionatuta eta pozik» agertu da 22 urteko jokalaria berritzearekin. «Kirol mailan ez da espero genuen urtea izan -onartu du-, baina asko ikasteko modukoa izan da eta horrekin geratzen naiz. Baita beti dena eman izanaren lasaitasunarekin ere». Donostian «oso gustura» dagoela azaldu du, bai taldean, «hazten eta hobetzen lagundu didalako», bai eta zaleekin eta hiriarekin ere. «Jendeak oso ondo hartu nau, etxean bezala sentiarazten nau. Oso polita da zaleen maitasuna sentitzea», adierazi du. KAPITAINAREN ZAIN Kontratua ekainaren 30an amaitzen zaien 15 jokalarietatik bederatzik argitu dute beren etorkizuna. Vanegasek, Letek eta Iris Arnaizek Realean segituko dute, Iraiak erretiroa hartu du eta Le Guilly, Allegra, Gemma, Maddi eta Gaby badoaz. Etorkizuna argitzeke dutenen artean Nerea Eizagirre da nabarmena. Kapitainak maiz esan du Realarekin arrakastak lortzea dela bere ametsa, baina sekula ez du ezkutatu anbizio handiko jokalaria dela, eta eskaintzen faltan ez dago. Etxekoa onena dela konbentzitzen jarraitzen saiatu beharko dute agintari txuri-urdinek.