GARA Euskal Herriko egunkaria

Bost urteren ostean Psylocibeneak hartuko du Bidehuts jaia

Ez dakigu diskoetxe, kolektibo, zigilu… zer nola izendatu behar den Bidehuts. Horretarako, Eneko Aranzastirekin, Lisabo taldeko bateria-jotzaile eta Bidehutseko kidearekin, elkartu gara. Jaia antolatu dute gaurko eta biharko eta, jaia izango den arren, egiteko arrazoia ez da poztekoa: zulo ekonomikoa dauka Bidehutsek.

Audience. (Jon URBE - Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Guk ez dugu diskoetxe gisa ulertzen eta hasieratik ez genekien zehazki nola deskribatu, baina diskoetxe gisa ez genuen ikusten. Finean, sortu genuena eta sortzen dugun hori kolektibo bezala edota bertako taldeok erabiltzen dugun erreminta bezala ulertzen dugu Bidehuts», esan digu Eneko Aranzasti Bidehutseko kideak hizketan hasi orduko.

Hamazazpi urte pasatu dira zigilua aurkeztu zenetik; hamasei, ‘‘Ezlekuak’’, Lisaboren diskoa, atera zenetik. Presarik gabe egin dute lana, baina horren arrazoia estrategiarik edota taktikarik ez izatea dela diote. «Talde bakoitzak markatu ditu bere denborak. Bidehuts sortu genuenean irizpideetako bat hori zen, askatasun hori izatea gure lanak aurrera ateratzeko», kontatu digu Aranzastik.

Hamalau artistaren diskoak atera dituzte, ‘‘Coupages’’ delakoak edota ‘‘Txinaurriak’’ antologiaz gainera. Esan daiteke beren eredua gero eta gehiago zabaldu dela Euskal Herrian, baina jakin nahi izan dugu denbora honetan jendeak eskaerarik egin ote dien Bidehutsen parte izateko. Horri erantzunez, halako proposamenik ez dutela jaso esan digu Aranzastik, baina bai askotan galdetu izan dietela ea nola izan daitezkeen kolektiboko kide. Erantzuna, ordea, bitxia da: «Erantzun zuzenena da ez dela ezer egin behar, kasualitateak eman behar direla. Ez dago bide zuzenik edo testik Bidehutsen parte izateko».

Eredu izan ote diren edo ez, ordea, ez dauka hain argi Bidehuts kolektiboko kideak; ez du uste zerbait berria sortu dutenik: «Gu Irunen errotuta gauden arren, urte gehiago daraman Psylocibe elkartea dugu Hondarribian, edota Tolosan Bonberenea dago, Beran ez dira izen baten bueltan biltzen, baina bere garaian Ertz jaialdiaren inguruan musikarien kolektibo handi bat zegoen». Atentzioa gehiago eman zuena, ordea, hasiberriak ez izatea izan omen zen hasiera haietan. Eredu izatearen zera horren inguruan ordea, Aranzastik uste du dena dela eredugarri; «edozer da influentzia. Gasteizko Erraiakoek esan izan dute eredu izan garela, eta ohore bat da, baina haiek edota Balio Dute bezalakoek ere eragin dute gugan. Hortaz, ez gara ezer berezia izan, baina eredu izan gara».

Industriaren argazkia

Musika-industriaren inguruan dauden elementu desberdinez ere aritu gara hizketan. Izan ere, 2006tik hona aldaketa handiak izan dira bai musikaren salmentan, bai entzuteko moduetan eta, zer esanik ez, baita zuzenekoetan ere. Erakunde eta programatzaileekin izan duten harremanaz galdetuta, «bi zatitan» banatu du erantzuna Aranzastik.

Bidehutsek, kolektibo gisa, nolabait ere edizio lanetan funtzionatu duela kontatu digu irundarrak: «Kontzertuak programatzen dituztenekin taldeek izaten dute harremana normalean, bakoitzaren agenda norberak eramaten duelako eta ez Bidehutsek».

Baina asteburu honetakoa bezalako jaiak antolatzerakoan, noizbait tokatu zaie erakundeekin harremanetan jartzea. «Donostia Kulturarekin tokatu zitzaigun horietako batean, eta erlazio normala izan da. Gero, bada beste zati bat eta hori da disko-katalogo bezala enpresa profesionalekin izaten dugun harremana. Banatzaile profesional batekin badugu harremana, profesionala dena, baina ez dugu kontraturik; erlazio sanoa da eta hori da garrantzitsua, askotan horren atzean harreman pertsonalak ere egoten direlako».

Erakundeen inguruan galdetuta, pandemiak eragindako kalte-ordainen inguruan sortu diren dirulaguntzen zatirik egokitzen ote zaien galdetu diegu, baina ezjakintasuna zuen horren inguruan Aranzastik: «Ez dakit, mundu horretara ez garelako askorik gerturatu. Dirulaguntzak-eta ez ditugu sekula bilatu eta eztabaida hori izan dugu askotan, mahai gainean jarri izan dugu eta sekula ere ez diogu erantzunik ematen. Hortaz, ez gara inoiz erakunde publikoetara joan. Askatasun horrekin segitzen dugu, gure artean gauzak antolatuz eta gure artean babestuz. Orain arte horrela egin dugu eta horrela jarraitzea espero dugu».

Digitalaren aroak ere markatu du, hein batean, diskoen salmenta, eta horren inguruko gogoeta zabala ere egin digu Bidehuts kolektiboko kideak. Gaia «oso zabala eta subjektiboa» dela azpimarratu du. «Adibidez, Lisaboren ikuspuntutik eta azken diskoa ardatz hartuta, jendeak diskoak erosten jarraitzen duela esango nizuke eta Bidehutsen ere orokorrean baietz esango nuke, badagoela publiko bat diskoak erosten jarraitzen duena», aipatu du bateria-jotzaile irundarrak.

Banaketa digitalaren bueltan, berriz, streaming plataformak edota «Bandcamp bezalako adibideak» jarri dizkigu, baina baita «oraindik ere piratagoa den P2P zerbitzarien bidezko banaketa ere, hori ere banaketa digitala delako». Musikaren zabalkunderako interesgarria iruditzen zaion arren, «esperantza» badu disko fisikoa hor mantendu dadin, «Lisaboren kasuan, disko fisikoa desagertzen bada barne hausnarketa handia egin beharko» luketelako: «Guretzat dena bat da, bai kantuak eta baita edizio fisikoa ere, eta hori aldaketa handia litzateke», ziurtatu du.

Dena dela, ezusteko positiboa ere hartu omen du banaketa digitalaren bueltan. Izan ere, Bandcamp plataforman jarrita dute beren katalogo osoa Bidehutsekoek eta talde bakoitzak bere produktuak bertan jartzen ditu, nahi duten prezioan. Sorpresa, ordea, «borondatearen truke dauden horiek jendeak ohiko prezioetan, 5, 6 edota 7 euroan, ordaintzen dituela da eta hori polita eta harrigarria da», Aranzastiren ustez.

jaIA Gaur eta bihar

Gailu eta Lisabok, gaur, eta Audience eta Joseba Irazoki eta Lagunak, bihar; Bidehutseko talde horiek parte hartuko dute egun horietan Hondarribiko Psylocibenea aretoan antolatu duten jaian. Gaueko 22.00etan izango dira kontzertuak, baina, larunbatean, 20.00etan, mokadutxoa izango da bertaratzen diren guztientzat, «festa moduan, eta guztiak ongietorriak dira, jakina».

Gero, bihar, Irungo Lakaxitan emango diote jaiari segida, Psylocibeneako kontzertuak bukatu ostean. «Festaren parte da kolektiboa osatzen dugunok elkarrekin ondo pasatzea eta, oraindik antolatu ez badugu ere, gure gustuko musika entzungo eta dantzatuko da bertan, lagun giroan», esan digu Eneko Aranzastik.

Duela bost urte egin zuten azken Bidehuts jaia eta horren inguruan galdetuta etorri da sorpresa. «Ospakizun moduan ulertu behar da, baina diru-iturri garrantzitsua izaten da Bidehutsentzat. Horregatik, jai hau testuinguru horretan kokatu behar da, azkenaldian zulo ekonomikoa sortu delako eta horri ere aurre egin behar zaiolako», kontatu du Eneko Aranzastik.

Errentagarritasunaren eta beren eskaintza publikoaren eskura izatearen artean dago balantza, baina horren inguruan ere filosofia bera dute Bidehuts kolektibokoek: «Geroz eta zailagoa da oreka hori mantentzea eta beti ari gara hori lantzen. Talde guztiek diskoaren prezioa jartzerakoan edo sarrera kudeatzerakoan beti izaten dute kontuan. Lisaboren kasuan beti egon da hori mahai gainean, baina orain diskoa bukatzera goazenean, prezioa finkatzerakoan, buruhauste handia izango da. Gauza da guk ez dugula luxuzko produktu bat sortu nahi, eskuragarria izatea nahi dugu, baina prezio justu batean eta hori ez da erraza izaten. Eta martxan hasten garenean hurrengo erronka hori izango da, gauza bera gertatuko baitzaigu sarreren kontuarekin. Erronka handiak dira», nabarmendu dute.

Bide horretan, sare sozialek askotan berebiziko garrantzia izan du askorentzat, ikusgarritasuna lortu eta arreta bereganatu izan duelako. Horren inguruan, ordea, beste ikuspegi bat du Eneko Aranzastik: «Batetik, taldeek beren kontura egiten dutena dagoelako eta, bestetik, Bidehutsek egiten duena. Bidehuts bezala ez dugu erabilera handirik egiten, ez gaude erakusleihoan etengabe eta informazio puntu bat bezala erabiltzen dugu, mailing bat edota web orrialde bat bezala erabiltzen saiatzen gara», azaldu du Bidehuts kolektiboko kideak.

Festa handia egingo dute, beraz, gaur eta bihar, drama albo batera utzi eta musikaz gozatzeko eta bat egiteko. Dena dela, dramarik ez, baina datorrena zulorik gabe izatea opatzean, erantzuna ere Aranzastiren neurrikoa izan da: «Zuloa tapatzeko oraindik jai asko egin beharko ditugula uste dut…».