GARA Euskal Herriko egunkaria
KOLABORAZIOA

Gladysen irakaskuntzak


Gaur, guardia zibil batek Gladys del Estal asesinatu zuela 44 urte pasa direla gogoratuko dugu eta, horren kari, hark erakutsi zigun bideaz eta egun berriz kapitalismo berdeak, wokismoak, desitxuratu nahi dituen borroka ekologikoez mintzatuko natzaizue. Horretarako, bada, András Schiffer idazle magiar ekologistak dioena hartuko dut hizpide.

Labur esanda, Schifferrek aipatzen du wokismoa hiru funtzio nagusi betetzen ari dela eta, horregatik hain zuzen, kapital global handiak mota horretako mugimendua sustatzen duela:

Alde batetik, wokismoa erabiliz, kapital globalaren aurka gauzatu daitekeen edozein mugimendu ahuldu nahi dute. Schifferen arabera, azken urteetan, elite agintariak ez du inoiz izan orain bezain bitarteko eraginkorrik sistemaren aurkako mugimendu guztiak ezabatzeko eta, horretarako, erabiltzen du wokismoa. Diktadura totalitarioek ere ez zuten lortu, kontzientziak guztiz nahastera iritsi etsaia argi eta garbi zegoelako.

Gaur egun, berriz, Schifferen arabera betiere, ezinezkoa da sistemari aurka egiteko pentsamendurik lantzea. Ondorioz, eliteentzat arriskugarriak izan daitezkeen mugimenduak kanpotik sustatutako eztabaidetara behartzen dituzte woke mugimenduaz edo progresismoaren bidez, funtsezko gaien arreta desbideratzeko. Mugimendu ekologista adibidetzat har dezakegu. Izan ere, oraintxe bertan, borroka ekologistaren puntu nagusia klima aldaketa da baina ez, ordea, petrolio multinazional handiak egiten ari diren astakeriak eta, haietaz arduratu ordez, gai abstraktua bihurtu da naturaren defentsa.

Bestalde, wokismoa edo woke kapitalismoa bide egokia izaten da kapital global handia kontrolatzen duten iruzurgileei aurpegia garbitzeko. Horiek dira, hain zuzen ere, ingurumenaren kalteek edo hegoalde globalaren ustiapenaren erantzuleak, baina «pertsona onbera» gisa ager daitezke egun, gutxiengo sexualen eskubideekin edo klima aldaketarekin kezkatuta.

Eta kontuan hartu beharreko hirugarren puntua da, Schifferen arabera berriro ere, kapital globalak, lotura nazionalak suntsitzeaz gain, gizarte sarea bera ere suntsitu nahi duela. Woke mugimenduaren atzean interes material batzuk daude, disgregazio soziala xede dutenak. «Gizarte irekiaren» politika hori besterik ez da, gizartearen sareak suntsitzeko politika. Eta kontua ez da «garai zahar onengatik» negar egiten duten kontserbadoretzat hartu diren batzuen alde egotea, baizik eta kapital globalak bermatu nahi duela nagusiki haren aurka gizarte sare indartsuak ez izatea. Alegia, bere kontra langileen oposizioa antolatzea ezinezkoa izatea. Hau da, XIX. mendean langile mugimendua sortu zenean, langile elkarte eta klubetatik, herri-etxeetatik eta abarretatik abiatu zen, non jendea biltzen baitzen, ez bere jatorriaren arabera, baizik eta bere lanbidea zela eta. Egun, ordea, leku batekoa edo lanbide batekoa izatearen bizipenik ez badago eta horrelakorik izan ezean, ez dago bizitzaren zentzurik eta elkartzeko gaitasuna galtzen da, kapital globalak milioika pertsona manipula ditzakeen bideak irekiz.

Aspalditik ezkerrak bere pentsamendua eraikitzeko ohiko joerak galdu dituelakoan nago, eta «kolonizazio» prozesu bat jasan duela ere aipa daiteke. Horren ondorioz, gizarteak oposizio politikoa eraikitzeko langileen autoantolaketarako indarra galdu du, nahiz eta, dagoeneko, biztanleria ez den ez wokismoaz ez eta progresismo berdeaz hain harkorra izaten.

Gladysek pentsamendu ekologista lantzeko bideak irakatsi zizkigun baina, halaber, eguneroko borrokarekiko engaiamendua zer zen ere agerian utzi zuen. Berarekin bat, orduko beste asko bezala, Lemoizko Zentral Nuklearraren kontra batera aritu ginen, teoria eta praktika elkartuz.

Egungo kapital berdeak ez gaitu bere sareetan harrapatuko... ibiltzen aspaldi ikasia dugu, otsoak eskutik hartu gabe!