Amaia U. LASAGABASTER
TXAPELDUNEN LIGAKO FINALA

Hirugarrenean Paredesek asmatuko al du txapela janzten?

Legazpiarrak Txapeldunen Ligako finala jokatuko du hirugarrenen aldiz, aurreko biak galdu ondoren. Bartzelonak bigarren txapela bilatuko du, eta Wolfsburgok, aldiz, hirugarrena.

Palmares dotorea dauka Irene Paredesek, baina ez du Txapeldunen Liga.
Palmares dotorea dauka Irene Paredesek, baina ez du Txapeldunen Liga. (F. FIFE | AFP)

Eindhoveneko PSV zelaiak UEFA Women’s Champions Leagueko finala hartuko du gaur (16.00, DAZN/La1). Bi talde "klasiko" ariko dira aurrez aurre. Txapeldunen Ligako bi garaikur altxatutakoa da Wolfsburgo, Alemaniak txapelketa honetan duen nagusitasunaren eragile handienetakoa. Beste aldean Bartzelona egongo da, azken bost urteotan lau final jokatutakoa, 2021ekoa irabazirik.

Seigarren saiakera izango da Wolfsburgorentzat, laugarrena Bartzelonarentzat eta hirugarrena Irene Paredesentzat. Damaris Egurrolak aurrea hartu zion iaz, Txapeldunen Liga irabazi duen lehen emakume euskalduna bilakatuz, hain zuzen ere finalean Bartzelona gaindituta. Baina legazpiarraren esperientzia aurretik dator, 2017an jokatu baitzuen aurreneko aldiz txapelketako finala, Paris Saint Germainekin, eta orduan ere Olympique taldearen kontra galdu zuen. Penaltietan, partida hutsean amaitu ondoren. Arantza nolabait kendu ahal izan zuen PSG utzi aurretik, Kopa eta Liga bana irabazi baitzituen, Athleticekin 2016an eskuratutako Ligari batuz.

2021. urteko udan Bartzelonara heldu zen futbolari gipuzkoarra, Mapi Leonekin batera munduko atzelari bikote onena osatzeko eta palmaresa handitzeko asmoarekin. Eta besoak altxatu, altxatu ditu, bost titulu eskuratu baititu bi urte hauetan -2 Liga, 2 Superkopa eta Kopa bat-, baina Kataluniako taldearekin jokatu duen Europako final bakarra galdu zuen iaz.

«Faborito» etiketarekin heldu da Eindhovenera bere taldea. Aise eskuratu ditu zortzigarren Liga eta bigarren Superkopa. Txapeldunen Ligan partida bakarra galdu du, Munichen jokatutako multzo fasekoa, alegia. Gainera, Alexia Putellasen itzuleraren bultzada jaso du -ikusteko dago oraindik zein garrantzi izan dezakeen kirol maila hutsean- eta erizaindegia hutsik dauka.

Wolfsburgo ez da hautagai hain fidagarria. Ikusgarriki ekin zion denboraldi hasierari, Bundesligan zein Txapeldunen Ligan, baina neguko etenaldiaren ondoren irregulartasuna izan da bere ezaugarri nagusia. Eskuan zeukan Liga tituluari ezin eutsi, Bayern arerio zuzenaren garaipena erraztuz; baina Municheko taldea jipoitu zuen Kopako finalerdietan, azkenean garaikur hori altxatu ahal izateko. Udaberrian jokatu diren Txapeldunen Ligako kanporaketetan antzekoa gertatu zaio, batez ere Arsenalen kontrako finalerdietan, non bere bertute eta akats guztiak erakutsi zituen.

Baina nola edo hala finalerako txartela lortu zuen, eta, iazko finalerdietan alemaniarrak nabarmenki gainditu bazituen ere, Bartzelonak badaki izerdia bota beharko duela txapela janzteko.