GARA Euskal Herriko egunkaria
SURFA

Brasildarrek polemika piztu dute WSLren epai irizpideen inguruan

Kelly Slaterren igerilekuan egin zen CT itzuliko seigarren txapelketaren ondoren, itzelezko polemika sortu da. Brasildarrak kexu dira epaileekin. Eta olatu artifizialen inguruko eztabaida ere azaldu da. WSL erakundeak idatzi bat kaleratu behar izan du.

Goian, Italo Ferreira, olatu baten ostean, epaileei begira. Behean, finalistak. (WORLDSURFLEAGUE.COM)

Maiatzeko azken asteburuan egin zen CT itzuliko seigarren txapelketa WSL erakundeak Kelly Slaterri erositako igerilekuan. Carissa Moore eta Griffin Colapinto nagusitu ziren. Horrela esanda, lehen mailako itzuliko txapelketa baten ohiko kronika dirudi, baina azken txapelketa honek soka luzea ekarri du, lehiakide brasildarrak WSL erakundearen epaiketa irizpideen aurka oldartu baitziren. Eta hainbesteko tamaina hartu zuen eztabaida irekiak, non WSLko zuzendaria den Eric Loganek ezohiko prentsa ohar bat argitaratu behar izan zuen polemikarekin amaitzeko.

Gabriel Medinak, Italo Ferreirak eta Filipe Toledok publikoki kritikatu zuten WSL erakundea. Epaitze irizpideak brasildarren kalterako erabiltzea egotzi zioten enpresari. Eta horren ondoren sekulako eztabaida sortu zen sare sozialetan. Pixkanaka giroa berotzen joan zen; eta hainbeste berotu zen giroa, non WSLko epaileen, ordezkarien eta zenbait surflariren kontrako mehatxuak ugaritzen hasi ziren. Heriotza mehatxuak jaso zituztenen artean zegoen, esaterako, Ethan Ewing, Gabriel Medina eta Italo Fererira kaleratu zituen australiarra.

Brasildarren diziplinarik gabeko jarreraz harago, bi eztabaida interesgarri ere eman dira ordea. Batetik, WSLko epaileek puntuatzeko erabiltzen dituzten irizpideei buruzkoa, eta bestetik, olatu artifizialen gainekoa.

ANTZEKO PUNTUAZIOAK

Carissa Moore hawaiiarra eta Griffin Colapinto estatubatuarra izan ziren garaileak “Surf Rancho Pro” txapelketan, baina oso alde txikiz; izan ere, olatu artifizial guztiak berdinak izateak surflariek ere surf egiteko moduan bat egitea dakar. Ondorioz, puntuazioak oso antzekoak izan ziren ia txanda guztietan.

Lehiakide bakoitzak guztira lau aukera zeuzkan, alegia, bakoitzak bi olatu aurpegiz eta beste bi bizkarka egin behar zituen. Colapintok 17’17 puntu bildu zituen bere bi olatu hoberenekin (8’70 + 9’07), eta finalean arerioa izan zuen Italo Ferreirak, ostera, 17’13 puntu bildu zituen (8’70 + 8’43). Nesken kategorian, Carissa Moorek 16’53 puntu bildu zituen (8’60 +7’93), eta Caroline Marks estatubatuarrak 15’43 puntu (7’93 + 7’50).

Itsasoan ezinezkoa da bi olatu berdin topatzea. Baina, igerilekuko olatu guztiak berdinak direnez, surflariek ere oso antzera jokatzen dute olatuaren ibilbidean, eta horrek asko zailtzen du epaileen lana.

Hauxe da, hain zuzen ere, brasildarrek sortutako eztabaidaren ondorioetako bat, epaileen puntuazio irizpideez harago, olatu artifizialetan munduko txapelketak egiteari ez diotela onurarik ikusten jarraitzaileek eta, urtetik urtera, gero eta ikusle gutxiago dituela igerilekuan egiten den munduko txapelketak.

Gainera, aurten Fijin izugarrizko olatuak zeuden une berean egin zen igerilekuko lehiaketa. Hau da, txapelketen zerrendatik kendu zuten Fijiko urautsian sekulako baldintzak zeuden une berean, olatu zail horiek mendean hartzeko gai diren munduko surflari hoberenak igerileku triste batean ziren. Kontuan hartu behar da, Fijiko txapelketek surfaren historian izan diren irudi gogoangarrienetako batzuk eskaini izan dituztela.

IGERILEKU POLEMIKOA

Kelly Slaterrek ireki zuen 2015ean olatu artifizialak sortzen dituen munduko «igerileku hoberena», eta urtebete geroago WSL erakundeak erosi egin zuen, baita inguruko hotelek eta eraikinek osatzen duten Surf Ranch izeneko eremua ere. Hasiera batean berrikuntza bat zen, baina urtero lehen mailako itzulia osatzen duten 11 txapelketetako bat han egiten da eta, urtetik urtera, gero eta kritika gehiago jasotzen ditu, ikusleak aspertu egin baitira.

WSL erakundeak Slaterren igerilekua erosi zuenean, AEBetako beste zenbait eskualdetan ere antzeko igerilekuak irekitzeko plan bat aurkeztu zuen, baina plan hori bertan behera geratu da. Texasen dagoen igerileku batean olatu hobeak sortuko zituen teknologia ezarri behar zuten, baina urte luzez itxita egon da. Austinen eta Floridan ere igerilekuak ireki behar zituzten, baina egitasmoak baztertuak izan dira arrazoi ekonomiko, logistiko eta ingurugiroarekiko inpaktuagatik.

Kalifornian bertan beste igerileku bat irekitzeko asmoa ere bazuten, baina Kaliforniako gobernariek erabat baztertu zuten egitasmoa eta, gainera, lehorteak sarritan jasaten dituen alderdi batean hainbeste ur eta energia xahutzen duen halako egitasmo bat aurkezteak zentzurik ez zuela ohartarazi zieten.

Surf Ranch ozeanotik 100 miliatara dago, eremu lehor batean. Itsasotik urrun bizi direnentzat olatu artifizialak sortzea aukera on bat izan zitekeela defendatzen zuen WSL erakundeak hasieran, baina denbora igaro ahala, ikusi den moduan, eliteko surflarientzat eta dirudunentzat bakarrik irekitzen dira Slaterren igerilekuko ateak.

Artean, beste teknologia batzuek plantan ezarri dira munduko leku desberdinetan. Ingurugiroari kalte gutxiago egiten dioten eta energia gutxiago xahutzen duten igerilekuak eraiki dira. Merkeagoak dira eta edozein mailatako surflarien artean arrakasta handia izan dute.

Kontuak honela, aurtengoan brasildarren «matxinadak» (WSL erakundeak erabilitako hitza) epaiketa irizpideen gainean jarri zuen fokua, baina hala eta guztiz, oinarrian, olatu artifizialen eztabaida oraindik itxi gabe dagoela agerian geratu da.

WSL erakundeak igerilekuen aldeko apustua egin zuen, eta horregatik mantentzen du “Surf Ranch Pro” txapelketa lehen mailako itzulian, baina argi dago gero eta zailtasun gehiago dituela txapelketa horren presentzia justifikatzeko.

Plazaratu duen azken agiriarekin sua baretzea lortu du Eric Logan zuzendariak. Baina galdera da: izango al da igerilekuko txapelketarik aurrerantzean?