EDITORIALA

Bi gazteen eta herri baten aurkako zigorra

Amurrion jendetza batu zen atzo Galder Barbado eta Aitor Zelaia gazteei Auzitegi Gorenak berretsi dien zigor «anakronikoa eta salbuespenekoa» salatzeko. Aurpegi ezagunak, belaunaldi ezberdinak, eskalan txikia den arren balioetan handia eta eskuzabala den herri bat ikusi zen. Bere gazteak babestu eta bidegabekerien aurrean jaikitzen dena, gure herria logika mendekari batean lotuta ikustea nahi luketenen aurrean bestelako etorkizun bat amesten eta lantzen dutenena. Bakea zigor egin eta gerra betierekoa bihurtzea onartzen ez duena.

Dialektika zital hori berori Euskal Herrian normalizatu nahi dutelako. Mendekuarekin eskola egin eta ondorengoei «hauxe da dagoena, hartu ala hartu beste aukerarik ez duzue» mezua pasatu. Ez dauka zerikusirik «terrorismoa» delakoarekin. Botere kontua da, kalkulu hotza, ekuazio doilorra. Hitzak hiztegietan bezainbat adibide ditugu. Zein baino zein aberranteago eta krudelago. Bilduma makrabo horretan, Galder Barbado eta Aitor Zelaiarena azken adibidea da, beste bat. Edozein unetan, edozein aitzakia prefabrikatuta, nornahi, nahi bestetan, kartzelatzea posible dutela erakutsi nahi dute. Betiko irekita mantendu nahi luketen bide mendekaria da. Bi gazteen, militante konkretuen kontrako praktika da, bai, baina beldurraren eta umiliazioaren sistema bat betikotu nahi du, ezkerreko herri abertzaleari bere ideal eta indarren gaineko konfiantza kentzeko, borondate kolektibo independentista higatzeko. Pertsona konkretuen aurkakoa da, bai, baina gure herriaren kontrako biolentzia mekanizatua ere bada.

Botere espainiarra gogortasunaren sinonimo egin nahi dute Euskal Herrian, mentalitate irekientzat nazkagarria den populismo zigortzaile bat elikatuz, pasio baxuenak xaxaturik salbuespenezko egoera normalitate bihurtuz. Arbuiatuak izan daitezela horrela jokatzen dutenak eta haien kalkuluak. Herri bezala jokatuz, izan gaitezen aski sendoak eta argiak, ezarri nahi duten kondena horren bizkarrezurra ahalik azkarren puskatzeko. Presorik eta iheslaririk gabeko herri bat irabaztea merezi dugulako. Galder eta Aitor bezala, beste guztiak ere kalean behar ditugulako.