EDITORIALA

Erkorekaren onarpena, huts egite larriaren seinale

Lakuako Gobernuaren bileraren ostean, Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak aitortu zuen Ertzaintzak huts egin zuela Maialen Mazoni beharrezko babesa ez bermatzeagatik. Ohi bezala, hasiera batean Erkorekak zalantzarik gabe defendatu zuen Poliziaren jarduna. Iñigo Urkullu lehendakariak ere bat egin zuen Ertzaintzaren babes publikoarekin. Edozein egoeran Poliziaren jarduna babestea erreflexu gisa funtzionatzen du Lakuan. Hortaz, hamar egun geroago egindakoa gaizki zegoela onartzeak hanka sartzea sakona izan dela baieztatu besterik ez du egiten.

Erkorekak esan zuen «komunikazio akatsen kateatze» bat gertatu zela, zehazki zeintzuk izan diren zehaztu gabe. Publiko egin denaren arabera, Ertzaintzak hainbat komunikazio izan zituen beste Polizia batzuekin, bai eta biktimarekin berarekin ere, eta arriskuaren berri izan zuen. Ezer ez egitea erabaki zuten, baina agenteek jakin behar lukete epaitegi batek emandako urruntze agindua urratzea delitua dela, biktimak dioena gorabehera. Izan ere, hilketa matxistaren bi egun geroago, Arabako Fiskaltzak protokoloa aldatu zuen urruntze aginduak urratzen dituzten gizonak atxilo zitzaten. Gainera, agenteek jakin behar lukete legean ez dagoela babes-agindu bati uko egiteko prerrogatibarik. Delitu guztiak ikertu egin behar dira, biktimak zer esaten duen alde batera utzita. Itxura guztien arabera, Erkorekak aipatzen duen «komunikazio akatsa» polizia-kidegoan oraindik ere oso presente dagoen pentsamolde matxistaren ondoriozko ebaluazio akatsa izan da.

Kasu honek oso argi irudikatzen du zergatik hitz egin behar den Ertzaintzak dituen arazoei buruz. Profesionala ez den jokabide bat tragedian amaitu da. Baina gertatutakoa aztertzen saiatu beharrean, zertan huts egin duen zehazteko eta neurriak hartzeko, arduradun politikoak polizia-kidegoa publikoki defendatzen saiatzen dira. Elkarren artean trapu zikinak estaltze horrek jarrera erreakzionarioenak hauspotzeko baino ez du balio, egun hauetan ikusten ari garen bezala. Polizia demokratiko baten egitekoa pertsona guztien eta bereziki ahulenen eskubideak defendatzea izan behar du. Horretarako arduradun politikoek maila eman behar dute.