MADDI TXINTXURRETA
DONOSTIA

Probetxurik ez duen saiakera bat, alferrik bizi den hizkuntzara

Pamiela argitaletxeak Nuccio Ordineren “Alferrikakoaren balioa” saiakera argitara eman du, Fernando Reyren itzulpenez. Irakasle eta filosofo italiarrak neoliberalismoari bizkar emanez begiratzen dio munduari, egiazko balioa duten gauza horien distiran pausatuta.

Fernando Rey, «Alferrikakoaren balioa» lanaren itzultzailea.
Fernando Rey, «Alferrikakoaren balioa» lanaren itzultzailea. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Oximoron bat dakar izenburuan Fernando Rey itzultzaileak Pamiela argitaletxearen eskutik ekarri duen liburu berriak. Saiakera bat da, baina manifestu bat ere bai, Nuccio Ordine (Diamante, 1958) filosofo klasiko italiarraren ezagunena: “Alferrikakoaren balioa”. Atzo goizean aurkeztu zuten lan berria Donostian.

Duela hamar urte argitaratu zen lanak -“L'utilità dell'inutile” (Bompiani, 2013)- zahartu ez izanaren meritu deserosoa du, berri irauten du tristeki, ez baita iraungiko neoliberalismoa baino lehen. Aldarri egiten baitio egungo -eta ‘egungo’ uler daiteke Grezia klasikoaren garaietatik- munduak baztertzen duen horri. «Liburuaren mezu nagusia da: bultzatu beharra dago gizarte neoliberal honek alferrikakotzat jotzen duena, honek baizik ez baititu salbatuko gizakia eta gizartea», bota zuen Fernando Reyk. Edo beste modu batera ulertuta, hau ere itzultzailearen ahotan: «Mundu honek balioa aitortzen dion horrek askotan ez du balio».

Etekin ekonomikorik ez duten alferrikakoei gorazarre egiten die, horregatik, Ordinek. Nola mantso bizitzeari, hala arteari, filosofiari, musikari, edertasunari. «Klasikoek bizitzen laguntzen digute», iritzi dio Ordinek, iraganak etorkizuna egiten duen modu berean. Hori dela eta, liburuaren lehen zatian klasikoen zeharbideak ibiliko ditu, balio eta baliogabeen inguruan literaturak eman dituen mezuak errepasatzen. Agertuko dira Platon, Ionesco, Okakura, Rilke, Vargas Llosa, Voltaire, Kant, Shakespeare eta beste hainbat -esan behar da- gizon.

Albert Einsteinen aipu batekin -«Ez dut talentu berezirik. Bai, ordea, ikaragarrizko jakin-mina»- ekingo dio Ordinek liburuaren bigarren zatiari. Unibertsitateez mintzatuko da bertan, esanez enpresa modura funtzionatzen dutela egun eta bezerotzat dituztela ikasleak. Deitoratuko du, ikasteak berez duen balioa aitortu beharrean, etekin ekonomikora soilik eramaten duen zinta mekanikoak direla hezkuntza erakunde hauek. «Zergatik ikasi filologia, filosofia, arte humanitateak, ez badute etekin ekonomikorik ematen? Mezu hori askotan entzun dugu. Eta erantzun bat ematen du Ordinek: ezagutzak eta jakintzak berez du balioa, eta ikasi behar dugu plazer hutsa dela ikastea», agertu zuen Reyk.

Nuccio Ordineren ekarpena bukatzeko -baina liburua ez da hemen amaitzen-, beste gogoeta batera zabaltzen da manifestua. Hurkoaren jabe izateko nahiari buruz arituko da filosofoa eta horren arriskuen inguruan ohartarazpenak egingo ditu. Zeren, jabe izateko nahi horrek ekartzen ditu «gerrak herrialdeen artean», edo «hiltzen du maitasuna, eta etortzen dira izugarrikeriak», aipatu zuen itzultzaileak.

HOGEITA HIRU ETA EUSKARA

Ordinek utilitarismoari egiten dion ultimatuma zentzuz janzten du “Alferrikakoaren balioa” euskarara ekartzeak. Hau azaltzera, idazlea bera sartu zen aurrez grabatutako audio batekin Donostiako aurkezpenera: «Niretzat poz izugarria da jakitea ‘L'utilità dell'inutile’-k euskaraz ere hitz egiten duela orain. Harrotasunez betetzen nau 24 hizkuntzen artean euskara egoteak. Hizkuntzen aniztasuna babestu behar dugu, hizkuntza bakoitza gizartea eta gizakia ulertzeko modu bat baita. Aldiz, hiltzen utzi den hizkuntza bakoitza gure errealitatea ulertu ahal izateko ixten den leiho bat da».