GARA Euskal Herriko egunkaria
AEB-ETAKO ETXE ZURIRAKO LASTERKETA

Pencek ere hautagaitza aurkeztu du primario errepublikanoetan

Donald Trumpen ifrentzua izan zen askoren ustez, Etxe Zuriko aurreko legealdian. Presidente eszentrikoaren ateraldien ondoan, Mike Pencek itxura serio eta zentratua eman zion Exekutiboari. Kapitolioaren erasoan «traidoretzat» hartu zuten trumpzale frankok, hauteskundeetako emaitzak faltsutzeari uko egiteagatik. Orain presidentegai errepublikanoa izan nahi du Pencek 2024ko bozetan.

(Stephen MATUREN | AFP)

Jainkoarean eta nire familiaren aurrean iragartzen dut presidente izateko hautagaia naizela» dioen bideo batekin ekin dio Mike Pencek primarioetako hautagaitza ofizialari. Bideo klasikoa da, hirietako eta landa eremuetako irudiak, bandera eta arranoa, militarrak eta astronauta. Bere burua aurkeztu ostean, herrialdearen gaitzak izendatzen ditu: Joe Bidenekin hasi, Kamala Harrisekin segi (ezker erradikala deitzen dio), «AEB ahuldu dute, bai etxean, bai atzerrian», Black Lives Matter-eko protesta bat eta Kabulgo aireportuko irudiak erakutsiz.

Segidan datoz errepublikanoen agendako arrangurak: «Amerikar ametsa inflazio iheskorrak zapaltzen du, Hegoaldeko mugan setioa dago», eta atzetik Vladimir Putin, Txinako Armada eta erasopean omen dauden «amerikar baloreak», hezkuntzan arrazismoa azaltzea, kasu. Bere karrerako urrats nagusiak aipatzean, senatari, gobernadore eta presidenteordea zeneko argazkiak, irudi mordo bat herritar arruntekin, eta atentzioa ematen duten beste pare bat: batean Benjamin Netanyahurekin dago, Israelgo bandera atzean duela; eta bestean, Amy Coney Barrett Auzitegi Goreneko epaile ultrakontserbadorearen ondoan.

Bideoaren amaiera aldera, gurutze erraldoi baten aurrean ageri da Pence elizan. Presidenteorde ohiak sekula ez du ezkutatu bere integrismo erlijiosoa, eta berebiziko ekarpena egin zion 2016ko hauteskunde kanpainari, kristau ebanjelikoen babesa ekarri baitzion Donald Trumpen hautagaitzari. Abraham Lincoln eta Ronald Reagan ageri dira bideoan, baina Trump ez, noski. «Garai desberdinek lider desberdinak behar dituzte», dio une batean.

ABORTUA, EZKUTATUTA

Lehen aldiz, presidente baten bigarrena izandakoak haren hautagaitzari lehia egiten dio primarioetan. Eta hala eta guztiz, azken hilabeteotan izena eman duten hautagai ugarien artean ezagunenetakoa izanda ere, Pence oso apal dago inkestatan, bai Trumpen, bai haren aurkari nagusia den Ron DeSantisen aldean. Pencek badu sektore leial bat, noski, baina eremu horretatik kanpoko edonor ohartzen da presidenteorde ohiaren muturreko jarrerak akuilua direla Bidenen alde bozkatzeko.

30 urtez agenda errepublikano guztietan egon ostean, iaz aborturako eskubide konstituzionala ezabatu zutenetik gaia desagertu egin da ordezkari eta hautagai kontserbadore gehienen ahotik. Penceren kanpainako arduradunek ere bideotik kanpo utzi dute abortua, presidente ohiarentzat bere lorpenik garrantzitsuenetakoa izan arren. Ez du askorik axola: ñabardura taktikoz gaiari iskin egin nahi dioten gainerako hautagai errepublikanoek ez bezala, Pencek argi eta garbi esan du urrunago joan nahi lukeela, eta abortua erabat debekatu AEBetan sei asteetatik aurrera. Pentsatzen duena esaten duela aitortu behar zaio. Baina pentsatzen duen hori da estatubatuarren erdiek ez dutela bere gorputzaz erabakitzerik, eta 2023an muturreko pentsamendu horretatik urrun dago AEBetako herritarren batez bestekoa.

HAUTAGAI GEHIAGO

Ez da Pence izan hautagaitza aurkezteko urratsa egin duen bakarra. Beste bi gobernadore ohik ere primario errepublikanoetan lehiatzeko paperak bete dituzte. Ipar Dakotako Doug Bourgoum oso ezezaguna da gehienentzat. New Jerseyko Chris Christiek, berriz, Trumpen aurkako errepublikano moderatuenen ahotsa izan nahi du: «Oso argi hitz egingo dut, Donald Trump kentzera noa. Hara zergatik: irabazi nahi dut, eta ez dut nahi berak irabazterik».

Christiek New Hampshiren egin zuen aurkezpena, Chris Sununu estatu horretako gobernadoreak primarioetara aurkezteari uko egin ziola baieztatu zuen egun berean. Izan ere, Sununuk eta Christiek antzeko profila daukate: AEBetako ekialdeko eskualde demokratetan gobernadore errepublikano izatea lortu dute. Horretarako, estatu eskuindar sutsuetan zabaltzen ari diren muturreko kanpainetatik (armak, homofobia, arrazismoa eta abar) urrundu eta mezu zentristagoak erabili izan dituzte.

Hala, Pencek Iowan abiarazi du bere kanpaina, lehenak izango baitira presidentea hautatzeko caucus-ak egiten 2024 otsailean. Handik astebetera, baina, New Hampshiren izango da bozketa, eta Chris Christiek badaki, aukerarik izatekotan, estatu horretan nagusitzeak berebiziko garrantzia izango duela.