Imanol INTZIARTE
DONOSTIA
ERRUGBIA

Errugbizaleen egoitza bilakatuko da Anoeta, Top14ko bi finalerdiekin

Stade Toulousain eta Racing Paris eta Stade Rochelais eta Bordeaux Begles taldeen arteko finalerdiak ikusteko 80.000 lagun inguru bilduko dira asteburuan Donostiako estadioan. Jarduera ugari dago egitarauan, tartean Euskarians-Katalunia dema.

Ekitaldi honen egitarau osoa Anoetan aurkeztu zen atzo.
Ekitaldi honen egitarau osoa Anoetan aurkeztu zen atzo. (Jon URBE | FOKU)

Asteburu honetan, etzi eta etzidamu hain zuzen ere, errugbiko Top 14 txapelketako hiriburua izango da Donostia, Estatu frantseseko errugbi txapelketa nagusia -eta beharbada munduko txapelketa ahaltsuena kluben artean- jokatuko baita Anoetako estadioan. Bi finalerdiak ikusteko 80.000 ikusle inguru hurbilduko direla espero dute.

Stade Toulousain, Frantziako 21 txapelketa eta 5 Champions irabazita, Europako talde handienetako bat, eta La Rochelle, Championseko egungo txapelduna, faboritoak dira Racing Paris eta Bordeaux Beglesen aurka, hurrenez hurren.

Gorri-beltzak (81 puntu) eta horibeltzak (78) nagusi izan ziren fase erregularrean, Lyon buru zuen tropelarekiko koltxoi zabal batekin (67). Horrek finalerdietarako zuzeneko txartela ekarri zien.

Hauen aurkariak, bestalde, aurreko kanporaketan ezustekoa ematetik datoz, etxetik kanpo lortutako garaipenekin. Racingek kilometro batzuk baino ez zituen egin behar izan Stade Françaisen aurkako derbirako. 20-33 irabazi zuten, ia partida osoa Marcos Kremer argentinarraren aurka jokatu ondoren. Bere aldetik, Bordeaux Begles, fase erregularrean seigarrena eta Maxime Lucu lapurtarra titular zela, 25 eta 32 gailendu zen Lyonen.

Toulousek eta Racingek ostiralean irekiko dute menua 21.05ean, eta La Rochelle eta Bordeaux Beglesen arteko norgehiagoka larunbatean jokatuko da, 17.00etan. Irabazleak astebete geroago lehiatuko dira finalean, hilaren 17an, larunbatarekin, Parisen.

ZALEEN GUNEAK

Lau taldeetako jarraitzaileen iritsiera masiboaren aurrean, haientzat propio prestatuko dituzte bi gune. Bat Groseko Sagues zabalgunean; Bera Berak urtero antolatzen duen garagardo azoka egingo da, eta asteazkenetik igandera zabalik edukiko dute.

Gainera, Top 14ak bere animazio gunea antolatuko du. Larunbat goizean, esaterako, 14 urtez azpiko eta 16 urtez azpiko “beach errugbi” partidak izango dira Zurriolako hondartzan, eta Donostiako Atleticok ere parte hartuko du.

Zaleentzako beste gunea Anoeta estadioaren kanpoaldean egongo da, hego-ekialdeko zabalgunean, 12. atearen ondoan; musika jartzaileekin, janariarekin eta edariarekin, bi egunetan.

Zenbait animazio gune ere egongo dira Sagues eta Anoeta artean. Katalunia plazan herri kirolen erakustaldiak eta haurrentzako jolasak izango dira. Artzain Onaren eta Urdanetaren inguruan azoka txiki bat jarriko da, eta Easo plazan, janari eta edari postuak, bertsolariak eta trikitilariak, besteak beste. Pio XII.a plazan herriko gastronomia dastatu eta musikaz gozatu ahal izango da.

EUSKARIANS-KATALUNIA

Larunbatean 11.00etan zesta-punta jaialdia izango da Carmelo Balda frontoian. Jai Alai World Tour zirkuituko Donostiako Grand Slama jokatzen ari da uneotan, eta bigarren finalerdia astebete atzeratzea erabaki zuten. Goikoetxea-Gorka eta Johan-Lopez bikoteen arteko dema izango da.

Honen ondoren, eguerdian, miniestadioan, errugbi partida bat jokatuko da Euskarians eta Kataluniako selekzioaren artean. Bi ekitaldiek sarrera librea izango dute, baina miniestadiorako gonbidapen bat eskatu behar da, edo Euskadiko Federazioari aldez aurretik email bat bidalita (secretaria@euskadirugby.eus), edo esparruaren kanpoaldean larunbat goizean bertan eskatuta, edukiera bete arte.

Euskal taldea Vincent Etchetok zuzenduko du, Baionako Aviron taldeko entrenatzaile izandakoa eta orain Angoulême (ProD2) taldeko burua dena. Ondoan izango ditu Saint Jean de Luz Olympique (SJLO) taldeko Serge Milhas eta Anglet Olympique taldeko Sebastien Fauque.

MUGIKORTASUN PLANA

Milaka pertsona iristea espero izanik, mugikortasun plan bat aktibatu da hiriaren erdigunean, ibilgailu pribatuen kopurua murrizten saiatzeko. Ficoban (Irun), Orion, Belartzako Decathlonen, Urbil merkataritza-gunean eta Lasarteko hipodromoan doako aparkalekuak jarriko dituzte, eta Euskotren tren zerbitzuak lotuko ditu gune horiek Donostiarekin.

Era berean, disuasio aparkalekuak egongo dira Galarretako pilotaleku kanpoan eta Akarregin, biak Hernanin, Lurraldebusekin lotura eginez. Donostian, autoak Garberan, Martuteneko 27. poligonoan, Igaran, Miramon inguruan, Zuatzun edo unibertsitateetan aparkatzea aholkatu du Donostiako Udalak, DBusen zerbitzuak aprobetxatuz.