Ogi egungo, gose biharko
Frankismoren azken urteetan, gure ama zenak alaba bat eta seme jaio berria -neroni- zituen kezka eta ardura nagusi, eta senarraren soldata apala ez zen aski familia guztia elikatzeko, batez ere, seme txikiaren beharrak asetzeko lain. Urguilu guztia irentsi eta Iruñeko bere parrokiara abiatu zen goiz batean, laguntza eske, seme jaio berriarentzat hauts-esnea lortzea buruan zebilkiolarik. Elizaren atzeko aldean ilara luzea ikusita, etxera itzultzeko zorian egon omen zen baina, lotsaizuna sentituta ere, behartsuen ilarara batu zen. Karitatea jasotzeko ilaran egon beharrak sortzen zion ezinegon eta ahalkearen ondorioz, itxaronaldia nahi baino luzeagoa izan zen; elizaren ondotik pasatzen zen «jende normal» horren erdeinuzko begiradek ez zuten laguntzen. Azkenean, apaiz jaunarengana joateko txanda heldu zitzaion. Mende erdia iraganda ere, gure ama zena hil hurren zelarik, ederki gogoratzen zuen artean apaizaren ezezko erantzuna: hauts-esnerik ez, alaba bat eta seme bat bakarra izanda moldatuko zela, segur. Eta ama gaixoa etxera bueltatu zen esku hutsik, apaiz horren erantzun gupidagabea buruan, eta arrakala sakon bat bihotzean, mende erdia iraganda ere errepikatzen zuela: «Engainaturik bizi izan gaituzte, engainaturik!».
Martin Caparrosen “El Hambre” (Gosea) izeneko liburua (Random House, 2021) eskuartean daukat. Kazetari argentinarraren liburua 2014an argitara eman zen estreinakoz eta ez du gaurkotasunik galdu. 668 orrialde dituen liburukotean kontu jakingarri anitz irakurrita ere, Malthus apaiz anglikano eta ekonomialari ospetsuari dagokiona biziki adierazgarria da. Malthusen ustez, gosea behartsuen nagikeria eta bizioarengatik sortzen zen, pobreek nahiago zutelako sexuan jardun jatekoa bilatu ordez. Horren ondorioz, txiroek gehiegitan egiten zuten larrutan eta, jakina, gehiegi ugaltzen zirenez gero, ez zegoen denontzat janaririk. Malthus apaizaren pentsaeran, gosea probidentzia jainkotiarraren neurri orekatzaile bat zen gauzen ordena naturalari eusteko, ekoizpenaren eta biztanle kopuruaren arteko oreka berrezartzeko modu bat, alegia. Orobat, pentsaera horrek iradokitzen zuen goserik ez izateko biderik hoberena fornikazioa saihestea zela, Elizak ezarritako moral onari eutsiz eta gizonen barne grinak lanerako bideratuz. Hori horrela, gosea ez zen sistema ekonomikoaren ondorio bat, baizik eta sistema beraren neurri orekatzailea.
Idazle argentinarrak azaltzen duenez, elikagai laguntza kronikoak sortzen du paradoxa bat, zeren eta laguntza horien hartzaileek edo onuradunek pentsatzen dute badutela laguntza jasotzeko eskubidea txiroak direlako, jatekoa edukitzea gizaki ororen oinarrizko eskubidea dela pentsatu beharrean. Hori horrela, elikagai laguntza iraunkorraren hartzaile anitz apaldu egiten dira, moteldu, laguntza hori ez ote dioten kenduko beldurrez. Aitzitik, apaldu beharrean, bizkortu, azkartu, altxatu, matxinatu beharko lukete eta ekinbide politikoaren bidez beren eskubideak aldarrikatu.
Apaizen eremura itzulita, Elizak eskaintzen duen elikagaiak banatzeko ekinbidea ez da elkartasuna, karitatea baizik, klasismoa dariona; ez da berdinen arteko elkartasun ekintza bat, Elizak menpeko dituenei uzten dizkien apurren banaketa baizik, karitatez apaindua eta klase sistema kolokan jarri gabe, jakina. Erran gabe doa, Elizaren eskandaluak estaltzeko eta zuritzeko oso ongi etortzen zaio karitatezko jarduera hau lau haizeetara barreiatzea, Mateoren ebanjelioan jasotakoari -ez beza jakin zure ezkerrak zer egiten duen eskuinak- muzin eginda. Gainera, ez dezagun ahaztu Elizak ederki ezagutzen dituela sistema ekonomikoaren onura fiskalak jasotzeko bide eta bidezidor guztiak, munduan dagoen enpresa multinazional handienetakoa delarik, ingeniaritza ekonomikoan aritua eta aditua. Amaren hitzak berriz akorduan: «Engainaturik bizi izan gaituzte, engainaturik!».
Azken hamarkadetako kapitalismo neoliberalaren porrotaren ondorioz, aberatsagoak gero eta aberatsagoak, eta txiroak gero eta txiroagoak direnez geroztik, sistemak adabakiak sortzen ditu langileen, etorkinen eta bestelako klase herritarren gose egoera larriak apaltzeko eta, bidenabar, sistema bera zuritzeko eta sistemari berari eusteko, gose egoera jasangarri suerta dakion jendeari -zein sistemari berari-, iraunkor bihurtuta ere. Ez dezagun geure burua engaina: sistemak hartzen dituen neurriak oro ez dira onginahiz edo eskuzabaltasunez eginak; saihestu beharrekoa da kapitalistek beraiek sortutako gose egoerek hartaratuta matxinada edo iraultza bat piztea. Eta, bidenabar, sistemak profitatzen du etekinak ateratzen jarraitzeko, elikagai laguntzak (ere) errentagarri bihurtuta: handizkako banatzaileei iraungitako produktuak giza laguntzarako bideratuz, trukean onura fiskalak lortzen dituztela, beherapen fiskalen bidez. Ze urrun gelditzen den Biblian ikasitako hura: «Jesusek tenplutik haizatu zituen denak; trukalarien diruak barreiatu eta mahaiak uzkaili zituen».
Udal eta Foru hauteskundeak iragan berriak izanik ere, Sanchezek hauteskundeetara deitu du berriz ere, uztailaren 23rako, hauteskundeak justizia sozialaren aldeko adierazpen bihurtu beharko ditugu. Gizarte beharrei erantzun beharra dago, bistan da, baina, gosearen aurkako neurriak biderkatzeaz landa, ez dezagun ahaztu adabakiak baizik ez direla -ogi egungo, gose biharko-, eta gosearen iturria den sistema kapitalista eraistea izan behar dugula xede, sozialismoa eraikiz, goserik eta malkorik gabeko mundu baterako bidean, utopiaren iparra galdu gabe, iparrizarra, izar gorria.
Apaiz batekin hasi eta artzapezpiku batekin biribildu behar idazki hau; hona hemen Helder Camara artzapezpiku brasildarraren hitzak: «Jendeari jatekoa ematen badiot, santu deitzen didate; jendeak zergatik ez duen jatekorik galdetzen badut, komunista»; egia biribila.