GARA Euskal Herriko egunkaria
TXIRRINDULARITZA

Castroviejok pozik hartuko luke Georg Zimmermannen erritmo aldaketa

Ineos taldeko getxoztarrak Aravis gainean hamalau txirrindulariz osaturiko ihesaldiari galbahea pasatu dio, baina Crest-Voland-eko azken aldapan Georg Zimmermann eta Mathieu Burgaudeau iheskideak biziago ibili dira eta ezin izan du garaipenik ospatu.

Georg Zimmermann, pozarren. (Anne-Cristine POUJOULAT | AFP)

Jonathan Castroviejok erregulartasuna eta arnasa luzeko txirrindularia izatea ditu bere bi ezaugarri nabarmenenak. Baina esfortzu motzetan ez da hain eraginkorra eta irabazteko zenbait aukerak gutxigatik alde egin diote, gabezia horren erruz. Atzo ere, Dauphineko seigarren etapan, antzeko zeozer gertatu zitzaion Ineos taldeko getxoztarrari.

Hamalau iheskidek osaturiko taldean sartzea ez ezik, Aravis gain ezagunean galbahea bere erritmo itogarriak ezarri zuen, baina Intermarche taldeko Georg Zimmermann alemanak eta TotalEnergie taldeko Mathieu Burgaudeau frantsesak eutsi egin zioten, eta Crest-Volandeko aldapa labur eta pikoan biak ere bizkaitarra baino biziagoak izan ziren, eta garaipena alemanak eraman zuen azkenean.

Aurreneko orduetan arrapaladan joan zen lasterketa eta, hiru protagonistez gain, Nans Peters (AG2R), Andrea Bagioli eta Dries Devenyns (Soudal), Andrey Amador (EF Education-EasyPost), Matteo Jorgenson (Movistar), Matteo Trentin (UAE), Axel Zingle (Cofidis), Lawson Craddock (Jayco-AlUla), Matteo Vercher eta Alexis Vuillermoz (TotalEnergies) eta Simon Guglielmi (Arkea) txirrindulariek lortu zuten tropelaren baimena.

Aravis gainean Castroviejo eta Burgaudeau gainerako kideak baino indartsuagoak izan ziren eta bakarrik alde egin zuten, nahiz eta Zimmermannek azken orduan lasterketa buruarekin bat egin. Goitik behera ere getxotarra zen azkarrena, baina ez zuen hanka egiteko keinurik egin. Egin izan balu! Izan ere, Crest-Volandeko maldetan Zimmermannek sua piztu zuen eta Castroviejo ezinean geratu zen. Burgaudeauk harrapatu zuen, baina azken hau esprintean gehiago izan zen, Castroviejok gustura hartuko lukeen erritmo aldaketari esker.