GARA Euskal Herriko egunkaria

Suteak


Ke usainarekin gabiltza azken egunetan. Inguruan surik ote dagoen begiratu dut sarean eta baietz dio udaleko ingurugiro sailaren atariak, baina jadanik kontrolpean dutela eta ez kezkatzeko dio. Airearen kalitatea ona da eta maskararik ez da behar kalean ibiltzeko. Bestelakoa da ipar-ekialdean bizi duten egoera. Zientzia-fikziozko film batetik ateratakoak dirudite komunikabideetan azalduriko irudiek. Iparraldean pizturiko suen ondorioz, zerua laino gorrixka batek estali duela ematen du; hain da sakona kea. Kutsadura maila beldurgarrira igo da eta kalean luzaroan ez egoteko aholkatu dute osasun arloko adituek; maskotak ere etxe barruan edukitzeko diote, partikula eta bestelako konposatu toxikoz osaturik baitago kea eta eragin kaltegarria izan dezake gizaki zein animaliengan. Munduaren iparraldea ereindako kapitalismo basatiaren uzta jasotzen ari dela esatea tentagarria da; klima aldaketaren eragina, ordea, ez da lurralde edo eremu bakar batera mugatzen, iparralde globaleko zenbait gobernuren jarrerak bestela adierazten badu ere. Bien bitartean, hegoalde globaleko herrialde batetik 215 suhiltzaile abiatu dira sute kopuruak gaindituta dagoen iparralde globaleko herrialdera. Hegazkinean sartu aurretik zeremonia dantza bat egin du boluntario taldeak ozeanoaren bestaldean egitera doazen lan arriskutsuan zortea lagun izateko. Gertaerak bestelakoak izan balira, suteak boluntario horien lurraldea irensten baleude, laguntzarik bidaliko zien iparralde globaleko herrialdeak?