GARA Euskal Herriko egunkaria
JOPUNTUA

Izate anfibioa


Munduarekin Fabulatuz ibili ginen ostiralean Hernaniko Ingurumen Jardunaldietan antolatutako kale-irakurraldian. 19 testu labur (bezain trinko) 5 geldialditan banatu eta irakurriak. Testu gehienak ekimen honetarako itzuliak zirenez, agian, kontu bereziz zaintzen genuen ez zezatela euri tantatxoek hizkietan lupa efektua egin. Ni ere liburuxka bere horretan kontserbatu nahian nenbilen Casper Bruun Jensen-en “Mundu anfibioa” irakurtzen ari ginela ohartu nintzenean.

Horra, Hernanin irakurriaren zutabe honetarako egokitzapena:

(…) Egun, urari lotutako hondamendien areagotze bat gertatzen ari da munduan. Horren erakusle dira uholdeak, hondoratzeak eragindako higadura, lehorteak eta kutsadura. Hauetako askok beste arazo batzuk islatzen dituzte, hala nola: uraren mundu mailako zirkulazioa, itsas mailaren igoera, meteorologia-ereduen bilakaera, eta, honenbestez, klima aldaketa. Urari lotutako proiektuak «teknika lurtarren bidez» kudeatu izan dira eta uraren ezabatzean eta kontrolean oinarritu izan direnez, irtenbide horiek leku gutxi uzten diote ibai edo uharteetako edo deltetako praktika edo bizimoduari.

Terrestralizazioaren gorakadak zenbait mende bete dituenean, anfibiotasuna berpizten hasi da. Ura lurrera itzultzeko imintziotan ari da, kostako zonaldeak modu erdi-iraunkorrean murgilduta edo errepikatzen diren uholdeak ekarrita. Egoera horri eragin asmoz, azpiegitura eta eredu berriak sortzen dituzte, berriz ere anfibioak diren edo lehen aldiz anfibioak diren inguruneetara molda daitezkeenak. Bitartean, mundu osoko ur-inguruneetako biztanleek gero eta egoera anfibioagoetara egokitzeko moduak aurkitzen dituzte.

Naturari ordena sozial bat ezartzea baino gehiago, anbizioa da ibaiek «lekua» izango duten ordena desberdinak eraikitzea. (…)

Eta hortxe harrapatu nau Casperrek, euriari paperean lekua ukatu nahian, eskala ñañoko anfibiotasunari erresistentzia eginez. Izango ote da ezagutu dudan egonkortasunari eusteko egoskortasunagatik?