GARA Euskal Herriko egunkaria
TOP 14 TXAPELKETA DONOSTIAN

Top 14 Donostian, «dibertitzeko» ekitaldia, baina ez hori bakarrik

Errugbiak Donostia konkistatu du asteburu honetan. Top14 ligako finalerdien bultzada aprobetxatuta, Euskarians itzuli da, eta ekintza paraleloak antolatu dira. Euskariansek garaipen erosoa lortu du Kataluniako selekzioaren aurka, 50-5 irabazita. Anoetan jokatu diren bi partidetan, 39.500 lagun baino gehiago egon dira. Hona hemen, boteprontoan ekitaldi horri buruzko lehen azterketa eta hausnarketak.

(Gorka RUBIO | FOKU)

Hogeita bi ordu. Minutu bat gora, minutu bat behera, Top 14 ligako lehen finalerdia hasi eta bigarrena amaitu arte igarotako denbora. Denbora tarte hori, ordea, oraindik amaitu ez den eta Donostia errugbiaren munduko hiriburu bihurtu duen asteburu bizi baten klimaxa besterik ez da. Eta ez da gehiegitxo esatea.

Kirol arloari dagokionez, ostiraleko egunaz ezer gutxi dago esateko. Stade Toulousain jaun eta jabe izan zen Racing taldearen aurka. Lehen hogei minutuetan bakarrik eutsi zion markagailuari Parisko taldeak. 41-14 amaitu zuten neurketa, eta, alde handiz irabazi arren, amaieran behintzat Racing taldeak, bi entsegurekin, lortu zuen markagailua itxuratzea. Zelaian bezala, harmailetan ere ez zen kolorerik egon: elastiko gorri-beltzak ziren nagusi eta 39.000 lagunetik gorako sarrera ikusgarria.

Atzo Stade Rochelais eta Bordeaux-Begles (Maxime Lucu lapurtarrak hasieratik jokatu zuen) aritu ziren norgehiagoka. Lehena, egungo Europako txapelduna; eta, bigarrena, ‘outsider’ gisa zegoela, fase erregularrean seigarren postuan amaitu ostean. Berriro ere jendez leporaino egon zen Reale Arena eta faboritoa nagusitu zen, lehia estuagoa izan zen arren (23-14).

ELASTIKO NAHASIAK

Hemengo taldeak Top 14 ligako borroka horretatik at daudenez -Baionako Aviron taldea sailkatzea ginga jartzea izango zen-, emaitzak osagarriak dira. Anoeta Real Madril eta Bartzelona bezalako talde handien bisita hartzeko gai bada, argi zirudien ez zela arazorik egongo erronka honi aurre egiteko. Donostiari eta inguruari dagokionez, ez zen erronka makala lau taldeetako milaka jarraitzaileren etorrerari aurre egitea. Horietako asko pare bat gau igarotzeko prest zetozen, eta beste batzuk, berriz, batez ere, Bordelekoak, egunpasa egiteko asmotan.

Behin betiko balantzerik ez dagoenez, badirudi ez dela istilu garrantzitsurik izan eta dena ondo joan dela, nahiz eta tamaina horretako edozein gertakarik beti eragiten duen zarata, zikinkeria, auto-ilara eta mozkor desatseginak. Baina, oro har, errugbia maite duen jendeak Residente puertorricarraren filosofia berbera du: «Hau ondo pasatzeko egiten dut». Ikusitakoaren arabera, festa giro erabatekoa izan zen, kolore guztietako elastikoekin -parte hartzen ez zuten taldeena ere bai-, eta harmoniatsua.

BIDEOA, ZORROTZA?

Eguneko puntu garratzena antolatzaileen eskutik iritsi zen, Donostia promozionatzeko bideo bat zela eta. Bertan, Zurriolako hondartza Kontxan kokatzen zuten eta Katalunia plaza Konstituzio plazan, eta hanka-sartzeari ginga jartzeko Andaluziako Kordoba hiriko souvenir batzuen irudiak agertzen ziren, Pirinioen hegoaldean dena bat eta bera balitz bezala.

«Zer ekarpen egiten die horrek bertako klubei?», galdetzen zuen baten batek astean zehar. Beraiek ezagutza handiagoarekin erantzun ahal izango dute, baina lehen begiratuan esan liteke, lehenik eta behin, dirua; kamisetak, baloiak, materiala, fitxak, autobusak eta abar ordaintzeko. Bera Berak asteazkenean zabaldu zuen bere ohiko garagardo azoka Sagueseko zabalgunean, Top14ko zaleentzako prestatutako eremuetako baten ondoan. Arraunak ere zeharkako onurak izan ditu, Pio XII.a plazan Donostiarraren eta Ur Kirolak-en txosna bat jarri baitute.

Gainera, haurrak erakartzeko gaitasun handia duen ingurunean, eta futbola gainerako guztia itzaltzen duen erraldoia denean, errugbiak ikusgarritasuna lortu du. Eta ez da gutxi. Horrek balio badu batzuek animatu eta proba dezaten, helburua beteta dago.

Last but not least’; azkenik, baina ez horregatik garrantzi gutxiagokoa. Top14ko finalerdiek Euskarians berreskuratzeko balio izan dute. Bere azken partidatik sei urtera, berriz ere Anoetako estadio txikira jauzi egin du eta Kataluniaren aurka jokatuz etxekoentzat garaipen erosoa lortu du (50-5).

POTENTZIALA

Errugbian ohikoa da klubak ez diren eta selekzioak ez diren konbinatuen eredu hau, eta gonbidapen bidez lortzen da, oso famatua den Barbarians taldeak egiten duen bezala. Euskal Herriari, lehiaketa ofizialetarako sarbidea debekatuta duenez, ezin hobeto datorkion bidea da, «herria egitea» esaten zaion horretarako. Jarraitutasuna eta komunikazio politiko hobea beharko dituen itzulera izan da, konplizitateak ehuntzeko eta sinergiak sortzeko.

Errugbia talde kirola da, eta zazpi lurraldeetan dago. Tuteratik Angeluraino, Mauletik Bilboraino edo Gasteizeraino. Iparraldeak maila ematen du eta hegoaldeak demografia. Baionan klub bat dago, bere zelaian bi astetik behin 15.000 lagun biltzen dituena, eta datorren urtean Txapeldunen Liga jokatuko du. Realak eta Baskoniak bezala.

Elkar ezagutzeko tresna bat izan liteke, elkar ulertzeko lehen urratsa. Adibidez, Sarako taldeak urteak daramatza Euskal Ligan jokatzen, Hegoaldeko taldeekin. Baina horretarako beharrezkoa da erakunde publikoek, federazioek, klubek eta komunikabideek benetan horretan sinestea eta norabide horretan arraun egitea. Hau hasi besterik ez da egin.