Ane URKIRI ANSOLA
GASTEIZ
LEHEN MAILARAKO IGOERA FASEA

Ausart baina erasoan kamuts, Valentzian epaituko da igoera

Igoera faseko finaleko joaneko partida jokatu zuten atzo, Mendizorrotzan, Alavesek eta Levantek. Neurketa estua aurreikusten zen eta halakoxea izan zen; kontrara, espero baino irekiagoa izan zen. Erasokor atera ziren, kikildu gabe, eta Sivera eta Femenias atezainak izan ziren protagonista. Sari potoloa larunbatean erabakiko da, Valentzian: urtebete geroago Lehen Mailara itzultzea.

Luis Rioja, Alaveseko jokalari erabakigarrietako bat, baloia kontrolatu eta ondoren zer egingo duen pentsatzen.
Luis Rioja, Alaveseko jokalari erabakigarrietako bat, baloia kontrolatu eta ondoren zer egingo duen pentsatzen. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Oraindik mundu bat geratzen da Granada eta Las Palmas taldeekin batera Lehen Mailarako urratsa nork egingo duen jakiteko. Lehen kanporaketa igarota, Alaves eta Levante igoera faseko finalean neurtu ziren atzo, Mendizorrotzan, baina golik gabe berdindu ostean, oraindik ere asko falta da misterioa erabakitzeko: 90 minutu, gutxienez, eta berdinketarekin jarraituz gero, beste ordu erdi. Denbora hori geratzen zaie babazorroei Levante mendean hartzeko, denboraldi osoan lehen aldiz. Garaipena beharrezkoa baitute denboraldiko helburua erdiesteko.

Alavesentzat aurkari gogorrena izan da Callejaren Levante. Hauekin bakarrik galdu ditu bi partidak; Levante izan da Mendizorrotzan irabazi duen bakarra, alegia (0-2). Emaitza hori «jada ahaztuta» zeukatela ziurtatu zuen Luis Garcia Plazak atariko prentsaurrekoan eta, egiari zor, kikildu gabe zelairatu ziren gasteiztarrak.

Joko alai eta irekia eskaini zuten bi taldeek hasierako minutuetan, baina jokaldi horiek aukera argi bilakatzerako orduan kamuts aritu ziren. Syllak ezin izan zuen kontrolatu Abdek erdiko bi atzelarien artera bidalitako pase bat. Beste arean, Sivera adi ibili zen alboko erdiraketa bat urruntzeko.

Minutuak aurrera joan ahala, jokoa lasaitzen hasi zen. Moyak ez zuen asmatu Riojaren pasea jaurtitzeko orduan eta Tenagliaren erdiraketa atzelariek urrundu zuten.

Bigarren zatiari ekin eta berehala, Sivera izan zen protagonista handia, bai eta Femenias ere beste atean, Moyaren jaurtiketa kornerrera desbideratzeko. Jokoa irekitzen joan zen azken txanpan. Alkain eta Robert zelaira atera zituen Garcia Plazak. Postigok Villalibreren burukada saihestu bazuen, Abqar ere oso sendo aritu zen 86. minutuan. Eta De Frutosen jaurtiketa gol izatetik gertu egon zen 88. minutuan. Kanporaketak guztiz irekita jarraitzen du eta, larunbatean atzokoaren moduko ikuskizuna eskaintzen badute, emozio eta sufrimendu asko egongo da Ciutat de Valencian.